Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 30 Azaroa, 2023 I+G Hazitek programa Nanoteknologia

Nanoprint Bio, ehunak eta organoak birsortzeko proiektu berria

CIC nanoGUNE, Polymat eta Indart3D elkarlanean ari dira egitasmo honetan, ikertzaileei eta medikuei biofabrikazio aurreratuko plataforma bat eskaintzeko helburuz

CIC nanoGUNE eta Polymat ikerketa-zentroak eta Indart3D 3D inprimatze-enpresa elkarlanean ari dira giza ehunak sortuko dituen tresna bat asmatzeko, eta ikertzaile eta medikuei eskaintzeko. Ehunak eta organoak birsortzeko behar adinako zehaztasuna eta konplexutasuna izango ditu tresna horrek. NANOPRINT BIO izena du proiektuak, eta ikerketa-zentroen eta enpresen arteko elkarlanetik sortu da. SPRI Taldearen I+G arlora bideratutako Hazitek 2023 laguntza-programaren babesa du.

Gizarte honetan gero eta luzaroago bizi gara. Errealitate horren aurrean, ehunen ingeniaritzak soluzioak garatu nahi ditu ehun eta organo kaltetuak edo gaixoak konpontzeko edo ordezkatzeko, ikuspegi pertsonalizatuarekin. Paziente bakoitzaren behar indibidualetara egokitutako berariazko tratamenduak eskaintzea da helburua. Pazientearen beraren zeluletatik abiatuta ehun eta organo funtzionalak sortzea da ehunen ingeniaritzaren promesarik handienetako bat. Hala, gaur egun sendatu ezin diren gaixotasunak sendatu ahal izango lirateke.

Norabide horretan beste pauso bat emateko potentziala du NANOPRINT BIO proiektuak. Izan ere, bioinprimatzearen eta nanofabrikazioaren arloko teknologia aurreratuak konbinatzen ditu. “Plataforma honek teknologia aurreratuak konbinatuko ditu, egitura biologiko konplexuak zehaztasun handiz ekoizteko; eta egitura horiek propietate mekaniko eta biologiko egokiak izango dituzte, aplikazio biomedikoetan erabiltzeko”, azaldu du Javier Latasak, proiektuaren nanoGUNEko arduradunak.

“Prozesuak, funtsean, bi fase ditu eta makina bera arduratzen da bi faseez: lehendabizi, aldamioa —oinarria— inprimatzen edo eskuratzen da. Zuntzezko egitura bat da, sendotasuna ematen duena eta, aldi berean, lortu nahi den ehunaren antzeko propietate mekanikoak eskaintzen dituena. Ondoren, oinarriaren gainean, ama zelulak dituen hidrogel bat isurtzen da. Ama zelula horiek lortu nahi den ehuna sortzen amaituko dute, paregabeko zehaztasun maila estrukturalarekin, eta ehun funtzional bat lortuko da”, gehitu du Javier Latasak.

“Gainera, amaierako tresna erabiltzeko erraza izatea da proiektuaren helburua —adierazi du Latasak—, medikuek edo ikertzaileek zuzenean erabili ahal izateko. Hala, ehunak sortu ahal izango dituzte azterketa pertsonalizatuak egiteko eta paziente bakoitzak sendagai eta terapia jakinen aurrean nola erantzungo duen ebaluatzeko”.

Proiektuan parte hartzen ari diren hiru erakundeak bat datoz: “Giza ehunen biofabrikazioa goitik behera aldatzeko eta mundu mailan paziente askoren bizi-kalitatea hobetzeko potentziala du tresna berritzaile honek, ehunen ezaugarriak modu zehatzagoan erreproduzitzeko aukera ematen duelako”. Hau da, Javier Latasaren hitzetan, “gero eta hurbilago gaude benetako ehunen erreprodukzio zehatzetik”.

Indart3D

Orain dela gutxi sortutako kooperatiba bat da Indart3D. Azken belaunaldiko 3D inprimagailuak diseinatzen, fabrikatzen eta saltzen ditu. Aurrez Tumaker start-upa martxan jartzen parte hartu zuten gazte ekintzaileek bultzatu dute enpresa-egitasmo hau. 3D fabrikazioaren arloan ibilbide handiena duten euskal enpresetako bat bihurtu zen Gipuzkoako start-upa. Enpresa erreferentea eta giltzarria izan zen, gure ingurunean 4.0 iraultza industrialaren buruan egon zena.

https://indart3d.com/

POLYMAT

POLYMAT Basque Center for Macromolecular Design and Engineering fundazioa BERC bikaintasuneko euskal zentroa da. 2012an sortu zen. Legalki independentea bada ere, unibertsitateari lotuta dago Eusko Jaurlaritzaren eta UPV/EHUren arteko akordio baten bidez. POLYMAT diziplina anitzeko ikerketa-zentroa da eta talde ugari hartzen ditu barne. Honakoak ikertzen dituzte: polimeroen sintesia, erreologia, elektronikarako polimeroak, bateriak eta biomedikuntza. Gaur egun, 200 ikertzailetik gorako talde batek osatzen du.

https://polymat.eu/

CIC nanoGUNE

CIC nanoGUNE, Nanozientzia Ikerketa Kooperatiboko Zentroa, Donostian dago. Nanozientziaren eta nanoteknologiaren arloan bikaintasunezko ikerketa egiteko helburuz sortutako ikerketa-zentroa da. EAEren enpresa-lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa hobetzea da zentroaren helburua. Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kidea da NanoGUNE eta, gainera, “María de Maeztu” Bikaintasun Unitate (2022-2025) aitortu zuen Estatuko Ikerketa Agentziak

www.nanogune.eu

 

Lotutako albisteak

27 iraila, 2024 I+G
Mikel Jauregi sailburuak makina-erremintaren sektorea bisitatu du, euskal ekonomiarentzat funtsezkoa den industria
Irakurri gehiago
26 iraila, 2024 Berrikuntza
Bilbora itzuliko da Leaders in Tech Conference
Irakurri gehiago
24 iraila, 2024 I+G
CIC nanoGUNEk beste spin-off bat abiarazi du, erditze seguruago baterako teknologia batekin
Irakurri gehiago
20 iraila, 2024 I+G
Euskadi da Europa mailan terapia aurreratuen fabrikazioko hub nagusietako bat.
Irakurri gehiago
18 iraila, 2024 Azpiegiturak
Mikel Jauregi: “Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago” dira Euskadiren etorkizuneko ongizatearen eta kalitateko enpleguaren oinarriak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak