Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak aditzera eman du gaur Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea etorkizunean onurak ekarriko dituen arau instrumentala izango dela.
Ganberaren aurrean, Tapiak eskerrak eman dizkie Legebiltzarreko taldeei lortutako adostasunagatik, Gobernuak aurkeztutako lege-proiektua ez baita osoko zuzenketaren mende egon. Tapiak nabarmendu duenez, “guztien babesa lortu gabe ere, guztiek egin dute legea erraztearen aldeko keinua. Eta hain lege garrantzitsu batean, keinu hori oso adierazgarria da. Eusko Jaurlaritza osatzen dugun bi alderdi politikoen babesaz gain, hau da, Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Talde Sozialistaren babesaz gain, EH Bildu taldearen lankidetza eta konpromisoa lortu dugu, hau da, orotara Legebiltzarraren % 82arena”.
Europako Green Deal-en ildotik, garapen jasangarriarekin eta zuzenarekin lotzen den lehiakortasuna lege horren izpirituaren parte da, eta hala jasotzen da Lege horren zioen azalpenean eta Helburu eta Xedeei buruzko lehen artikuluan.
Arauan jasotzen da trantsizio-prozesuaren aukerak baliatzeko eta, hala, lehiakortasuna bultzatzeko erronka, garapen teknologiko eta industrialean eta deskarbonizazioan oinarritutako Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren eraldaketaren bidez.
Klima-aldaketaren mehatxuari erantzuteko gai den trantsizio energetiko benetan eraldatzailea bultzatzeko erantzun sendoak behar-beharrezkoak izango ditu ekintza eraginkorrak eta inbertsio oso handiak. Horregatik, gure ekonomia eta gure lanpostuak zenbat eta hobeto finkatu, orduan eta egoera hobean egongo gara erronka bikoitz horri aurre egiteko eta arrakastatsuagoa izango da klima-aldaketari ematen zaion erantzuna.
Legeak sei sekzio eta 48 artikulu ditu.
Zazpi xedapen gehigarri. Xedapen iragankor bat eta zazpi azken xedapen.
Legearen helburua da 2050erako erresilientzia, neutraltasuna eta trantsizio zuzena lortzea. Eta 2045. urtean neutraltasun-helburuak gauzatzeko ahal den guztia egiteko konpromisoa hartzen du.
Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legeak 2050erako neutraltasuna, erresilientzia eta trantsizio zuzena lortzea helburu duten araudi, politika eta plan guztiekin bat etortzea erraztuko du, Euskadik horiekiko konpromisoa eta atxikipena adierazi baitu.
Esparru juridiko egonkorra ezartzen du, Euskadin klima-neutraltasun hori beranduenez 2050erako lor dadin eta lurraldeak klima-aldaketarekiko duen erresilientzia handitu dezan. Nolanahi ere, asmo handiko legea da, klima-neutraltasunaren helburua 2045. urtera aurreratzeko behar diren ahaleginak egingo direla jasotzen baitu.
Beste helburu zehatzago batzuk?
Lege horren testuinguruaren arabera, klima-aldaketak sektore eta maila guztietan asmo handiagoko neurriak hartzea eskatzen eta premiatzen digu, etorkizun jasangarria eta bizigarria bermatu dadin.
Klima-aldaketa arintzearen aldeko apustua egiten dugu. Horrek esanahi du: emisioak murriztea, energia berriztagarria sortu eta kontsumitzea, eta energia-efizientziaren aldeko apustuan aurrera egitea.
Klima-aldaketara egokitu behar dugu, eta neurriak hartu lurraldearen erresilientzia areago dadin.
Legeak garapen jasangarri eta zuzenarekin konpromisoa hartu du, eraldaketa hori ez baita posible ekitate eta justizia sozialik gabe.
Lege hori aitzindaria da klima-aldaketarako egokitzapenean; gaur egun, egokitzapena eta arintzea maila berean jartzen dituen lege bakarrenetakoa da, eta Euskadi lurralde erresiliente bihurtzeko neurri espezifikoak jasotzen ditu.
Eskualdeek eta toki-erakundeek bere gain hartzen dute klima-aldaketaren inpaktua arintzeko neurrien % 70 baino gehiago eta egokitze-neurrien % 90 baino gehiago. Horregatik, legeak herritarrak jartzen ditu erdigunean eta legearen gobernantzan parte hartzeko figura berriak sortzen ditu; zehazki, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa, Batzorde Zientifikoa eta Herritarren Batzarra.
Bulegoaren eginkizunetako bat da legea betetzearen eta jardueraren hurbileko jarraipena egitea.
Herritarren batzarrean bereziki zainduko da gazteen parte-hartzea eta partaideen arteko genero-irizpidea, baita jardueran bertan ere.
Zeharkako legea da, erakunde guztiei eragiten diena, baita tokikoei ere
Euskal Autonomia Erkidegoko foru-aldundiek eta toki-erakundeek legearekin lotzen diren jarduerak sartu beharko dituzte.
Aldundiek eta 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriek klima- eta energia-planak onartu beharko dituzte, bere eskumenen barruan. Horretarako, Lege hau onartu eta gehienez ere urtebeteko epean, Eusko Jaurlaritzak jarraibide-gida bat egingo du, non Klima eta Energia Plan horiek egitean erabili ahal izango diren tresnak, metodologiak eta bitartekoak ezarriko diren.
Legeak klimaren neutraltasuna lortzen lagunduko duten beste sektore- eta lurralde-politika batzuk ere hartzen ditu aintzat, hala nola emisioak murrizteko planak, EKONOMIA ZIRKULARRA sustatzea, industria-prozesuak deskarbonizatzea eta karbono-hustubideak optimizatzea, karbonoaren xurgatze-ahalmena handitu eta mantentzera begira.
Lege horrek ezaugarririk badu, horixe da, hain zuzen ere. Legeak kontuan hartzen du kostuen eta kargen banaketa ekitatiboa, eta arreta berezia jartzen die sektore ekonomikoei, lurraldeei eta biztanle zaurgarrienei. Irizpide horrek lurralde, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloko kohesioa helburu duten mekanismoak ditu.
Erronka horri bermez ekite aldera, legeak aurrekontu-nahikotasunerako mekanismoak hartzen ditu aintzat eta enpresa sustatzaileen inplikazioa eskatzen du.
Ildo horretatik, Euskadiko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuak aurrekontu horien % 2,5 klima-ekintzako neurrietarako jartzea eskatzen du.
Gainerako euskal administrazio publikoek beren aurrekontu publikoetan energiaren eta klimaren ikuspegia txertatzea sustatuko dute.
Era berean, Legeak aurreikusten du energia berriztagarrien instalazioetarako (parke eolikoak eta eguzki energia fotovoltaikoak, esaterako) urteko kanona ordaintzea, eta kanon hori eraginpean dauden udalerrientzako izango da. Hartara, lurzoru urbanizaezinean ezarriz gero, energia berriztagarrien kanona ezarriko da —2025eko urtarrilaren 1etik aurrera—, eta kanon hori ingurumena kontserbatzeko, birjartzeko eta lehengoratzeko jarduerak finantza daitezen erabiliko da.
Lege-arau horrek gu guztiok interpelatzen gaitu. Zenbait betebehar ere ezartzen ditu:
Urtebeteko epean, erregai fosilak desinbertitzeko plan bat egin beharko dugu, Eusko Jaurlaritzak eta sektore publikoa osatzen duten erakundeek, ahal bezain laster eta 2030 baino lehen, utz diezaioten zuzenean edo zeharka parte hartzeari erregai fosilak esploratu, findu edo prozesatzen dituen edozein sozietatetan, enpresatan, ekimenetan edo proiektutan, barnean direla erregai fosilak erretzearen bidez elektrizitatea sortzeko jarduerak.
Euskal administrazio publikoetako kontratazio-organoek beren kontratuen agirietan barne hartu beharko dute kontratatzen diren produktu, zerbitzu eta horniduren karbono-aztarna edukitzeko betebeharra.
Legeak, era berean, industria-instalazioak behartzen ditu haien karbono-aztarna kalkulatzera eta aztarna hori minimizatzeko plan bat egitera, zero aztarna edo aztarna negatiboa izan dadin, baldin eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada.
Eskakizun horrek eragina du, halaber, merkataritzaren eta turismoaren arloko jardueran. Karbono-aztarna pixkanaka murriztu beharko dute, aztarna kalkulatzearen bidez eta hura murrizteko planaren bidez.
Legea sentikorra da nekazaritza-jarduerarekin eta natura-ondarearekin, ezin bestela izan.
Sustapen-neurriak bultzatuko ditu, 2030ean Euskadiko nekazaritza-lursailen % 25 nekazaritza ekologikoarekin erabil daitezen. Era berean, abeltzaintza ekologikoa eta hurbiltasuneko azokak sustatuko dira. Lurzoruaren zentzuzko erabilerarako irizpidea ezartzen da.
Legeak, bestalde, lurraldearen erresilientzia handitzeko ekintza sorta jasotzen du —lurraren erresilientzia zein ur-kontinentalena, itsasoarena eta itsasertzarena—.
Trantsizio Ekologikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legearen garrantzia ulertzeko giltzarri nagusiak dira:
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?