Saiakuntza klinikoen eta sendagaien merkatu global gero eta handiagoari erantzuteko, eta hirugarrenentzako farmakoak fabrikatzeko zerbitzuen eskari handiaren aurrean, erabilera klinikorako zein komertzialerako, 2019ko urrian Liof Pharma enpresa bioteknologikoa sortu zen. Fabrikazio-zerbitzu osoa eskaintzen du, formulazioa, betetzea eta akabera aseptikoa, liofilizazioa, abiapuntuko materialen eta fabrikatutako produktuen kalitate-kontrola eta kalitate-estandar altuen araberako banaketa barne hartzen dituena.
Arabako enpresak botika injektagarrietarako (likidoak edo liofilizatuak) edo plastikozko pote oftalmikoetarako bial formatuko medikamentu esterilak fabrikatzen ditu, farmazia-sektoreko eta ikerketa bioteknologikoko enpresentzat. Ikerketa-fasean dauden medikazio-loteen eskala txiki eta ertaineko ekoizpenak dira. Horiek, batez ere, azterketa klinikoetan erabiltzen dira, gaixotasun ezohikoak tratatzeko, bai gizakiei dagokienez, bai albaitaritzari dagokionez.
Liof Pharmak, bilakaera esanguratsua izan ondoren, merkatuan duen posizioa definitu du, baina betiere arreta berrikuntzan eta dibertsifikazioan jarriz. Eskura ditu “puntako betetze-teknologia aseptikoak, malgutasun handienarekin lan egiteko aukera ematen digutenak”, adierazi du Proiektuen Kudeaketako arduradun Rocio Gonzálezek. Gainera, bezeroen eta merkatuaren behar berrietara egokituz joan da: GMP fabrikazio-ziurtagiria (good manufacturing practices, fabrikazio-jardunbide egokiak ingelesez) handitu du; eta bere biltegiratze-gaitasuna hobetu du hotz-kamerak hedatuz. Horrela, bere fabrikazio-eskaintza zabaldu du.
Merkatu nazionalean zein nazioartekoan mugitzen da; horregatik, munduko hainbat agentzia erregulatzailek ikuskatu dute: Espainiako Agentziak (AEMPS), AEBko Agentziak (FDA), Turkiako Agentziak (TITCK) edo Brasilgo Agentziak (ANVISA), besteak beste. Nazioartekotze hori “gure esperientziaren eta malgutasunaren ondorio da, baita geografikoki puntu estrategiko batean kokatuta gaudela ere”, adierazi du Rocio Gonzálezek.
“Liof Pharma nazioarteko merkatu eta negozio-aukera berrietara hedatzeko fase aktiboan murgilduta dago, hainbat proiektu buruan dituela”, azaldu du Proiektuen Kudeaketako arduradunak. Izan ere, industria teknologikoaren barruan hazten jarraitzea du helburu, eskualde mailan eta maila globalean erreferentzia den kontratu bidezko fabrikazio- eta garapen-erakunde gisa (CDMO).
Garapen eta fabrikazio zerbitzuetarako abangoardiako teknologiak ezarriz lortu nahi du bere xedea, fokua honako hau izanik: “giza eta albaitaritzako osasunari laguntzen jarraitzea, ingurumena zaintzeko eta bezeroaren kalitatea eta asetasuna etengabe hobetzeko errespetu zorrotzarekin”, argitu du Rocio Gonzálezek.
Euskal enpresen nazioarteko proiektuak bultzatzea da SPRI Taldearen helburuetako bat; izan ere, Basque Trade and Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bidez, leihatila bakarraren bidez bere baliabide eta laguntza guztiak jartzen ditu enpresen eskura, adibidez Elkartu, Gauzatu edo BEINT eta Global Training Bekak.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?