Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 11 Marzo, 2024 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Up Euskadi Adimen artifizial aplikatua programa Start up

Soy Atenea, optiken eta bezeroen arteko harremana azkartzen duen Gipuzkoako startupa

Enpresak SPRI Taldearen adimen artifizialeko programaren laguntza bat jaso du eta Whatsapp bidezko bot bat sortu du.
Iñaki Alacano.

Soy Atenea Gipuzkoako lau gaztek sortu duten startupa da eta hiru urteko bizitza du. Bot bat asmatu dute optiken eta haien bezeroen arteko komunikazioa azkartzeko. Whatsapp mezularitza-zerbitzua erabiltzen du mugikorreko aplikazio bat erabili beharrean; hortaz, pertsona orok erabil dezake. Hilabete honetan hasiko dira produktua zabaltzen eta dagoeneko lortu dute optika-talde handi bati saltzea. SPRI Taldearen adimen artifizialeko programaren laguntza bat jaso du enpresak egitasmo honetarako. AAn oinarritutako EAEko enpresen proiektuei laguntzea da programaren helburua. SPRI Taldeak haien proiektuak ezagutzera emateko aukera ematen die euskal enpresei, “Zutaz mintzo gara” egitasmoaren bidez.

Enpresa 2021ean sortu zen, optikek bezeroekin harreman txarra dutela hautematean, batez ere lentillen kasuan. “Erabiltzaileek behar baino gehiago luzatzen dute lentillen erabilera. Inkesta bat egin genuen eta % 75i ahaztu egiten zitzaion edo ez zekien aldatu behar zituenik.  Horrek arazoak sortzen dizkie bezeroei eta optikak gutxiago saltzen du. Arazoa nagusiki komunikatiboa zela ikusi genuen”, azaldu du Iñaki Alacano enpresaren fundatzaileetako batek, Eric Ruiz, Andoni Martínez eta Patri Tabernarekin batera.

Mugikorrerako aplikazio bat instalatzeko aukera aztertu zuten, baina “eragozpenak” zeudela ikusi zuten: “deskargatu egin behar duzu, erabiltzen hasi eta zailagoa da adineko pertsonentzat”. Bot bat sortu zuten orduan, optiken eta bezeroen arteko Whatsapp bidezko elkarrizketak automatizatzeko, gehien erabiltzen den mezularitza-zerbitzua baita. “Baina beste mezularitza-zerbitzu batzuetara estrapolatu daiteke. Garrantzitsuena da haurrek zein helduek erabili ahal izatea. Gure sistemarekin, ez da belaunaldi oztoporik, bai ordea aplikazioekin”.

Enpresak “nocode teknologia” garatu du botak funtzionatzeko. Urtebetez lanean aritu ondoren, eraginkorra zela egiaztatu zuten, baina kostuak murrizteko eta produktua fintzeko beharra ere ikusi zuten. “SPRIra eta BIC Gipuzkoara joan ginen eta esan ziguten Oiartzungo enpresa batek egiten zuela. Akordio batera iritsi ginen haiekin eta haiek hornitzen digute teknologiaren zati bat”.

Joan den udan, talde optiko handi bati lehen aldiz saltzea lortu dute. Ordutik, bota garatzen jarraitu dute eta hilabete honetan hasiko dira produktua zabaltzen. “Optika batean probatu dugu dagoeneko. Bota saldu nahi diegu optika-taldeei eta optika indibidualei”.

Harrremana optikarekin

Produktu horri esker, Whatsappeko elkarrizketa baten bidez harremana izan daiteke optikarekin eta “arazoa konpontzen ez bada denda harremanetan jartzen da erabiltzailearekin”. Produktuak lentillentzat, betaurrekoentzat eta audiofonoentzat balio du, horiek baitira produktu nagusiak. “Optikekin soilik egiten dugu lan, baina beste sektore batzuetara eraman daiteke, esaterako, dentisten, albaitarien edo kliniken sektorera”.

Ereduak aukera ematen du bezeroari irtenbide azkarra eskaintzeko, optikara joan beharrik gabe. “Dendak abantaila asko ditu. Aldez aurretik bezeroarekin harremana baldin badago, optikara iristean prest egongo dira arazoa konpontzeko”. Gainera, aukera ematen du mezu automatikoak bidaltzeko bezeroei hitzorduak hartzeko, lentillak aldatzeko eta batez ere audiofonoak, lehen asteetan harreman estua izatea eskatzen baitute. “Optikariak ez du bezeroari deitzeaz arduradu beharrik eta lan burokratikoa murrizten da”.

Soy Ateneak lau pertsona ditu plantillan egun eta I+G funtsezkoa da negozioan. “Whatsappek izan ditzakeen berrikuntza guztiekin are gehiago handitu gaitezke”.

SPRI Taldearen Adimen Artifizial Aplikatua programaren laguntzari esker, adimen artifiziala aplikatu eta garatu da proiektuan. “Gure bota bezeroak dioena interpretatzeko gai izatea eta zentzuarekin erantzutea funtsezkoa da”.

Startup honen erronkak dira alderdi komertziala eta ahalik eta zerbitzurik osoena eskaintzea. “Optiken kudeaketa-programetan txertatu beharra dugu. Optikari batentzat programa aldatzea arazo handia da. Gure xedea ez da optikaria ordezkatzea, baizik eta komunikazio hobea izaten laguntzea. Hainbat kudeaketa-programarekin hitz egiten ari gara produktu osoa eskaintzeko”. Zehazki, harreman aurreratua dute Espainian gehien erabiltzen diren zortzi kudeaketa-programetatik hirurekin.

Gainera, enpresa batzuekin hitz egiten hasi dira, teknologia albaitaritza-sektorean txertatzeko. “Erronkarik handiena saltzea da, denbora asko eman dugu garatzen”.

Soy Atenea Madrilgo Ifeman egingo den Expo Óptica azokara joango da apirila erdialdean. “10A39 standa dugu eta gure lehen azoka izango da. Hainbat kudeaketa-programarekin bilduko gara eta uste dugu bertan jende askok ezagutu gaitzakeela”.

Lotutako albisteak

Wake Up Euskadi 22 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 15 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Zaindari 14 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Zaindarik guraso-kontrol eraginkor eta erraza proposatzen die familiei
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 8 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak