INCONEF balio erantsi handiko ingeniaritza bat da, Moredan kokatua, Arabako Errioxan, Nafarroaren mugan. 300 biztanle eskas dituen udalerri txikia da Moreda. Bertan, ETE honek ardoen tenperatura egokia kontrolatzen laguntzen die inguruko upategiei, softwarearen eta hardwarearen garapenaren bidez. Hala azaldu du enpresaren fundatzaileak, Antonio Aguirrek.
Ingeniaritzaren jardueran sakondu aurretik, arreta pizten du tokiak, egoitzaren kokapenak: Moreda. Zergatik erabaki hori?
Proiektuarekin amesten hasi ginenean, egoitza kokatzeko lekuak bilatzen hasi zen lantaldeko kide bakoitza. Garai hartan beste eraikin batera lekualdatu zuten Moredako Udala. Hortaz, alokatzeko eskatu genien, proiekta aurkeztu genien, eta onartu egin zuten. Hasieran balio izan zigun, baina bost urteren buruan txiki geratu zitzaigun, eta beste kokaleku bat bilatu behar izan genuen. Orduan berriz galdetu genion gure buruari Moreda leku egokia ote zen, eta argi ikusi genuen baietz. Herriaren sarreran 700 m2-ko harrizko eraikin bat zegoen, erortzeko zorian. 1900. urteko eraikina zen, bere garaian ukuilu bat izan zena. Birgaitu egin genuen, eta laborategiak, bulegoak eta tailerrak prestatu genituen. Eta ni Moredakoa naizela gehitu behar zaio horri guztiari.
Aurreko krisi baten emaitza dira INCONEFeko lantaldea eta proiektua…
Bai. Enpresa sortu genuenok instalatzaile baten ikerketa-sailean lan egiten genuen. 2008ko krisiaren ondoren, desagertu egin zen instalatzaile hura. Upategiei soluzio berritzaileak ematen hartu genuen esperientzia eta egin genituen ikerketa-proiektu europarrak aprobetxatuta, proiektu bat muntatzeko lan-ildo ona zela erabaki genuen.
Zer egiten du, zehazki, zuen ingeniaritzak?
Bi ildotan banatzen da gure ingeniaritzaren jarduera: termodinamika eta kontrola. Termodinamikaren atalean, beste ingeniaritza eta arkitektura batzuentzako proiektuak egiten ditugu; edo, batzuetan, amaierako bezeroarentzat. Eta, kontrolari dagokionez, fabrika industrialetako softwarea garatzen dugu, eta hardware industriala edo guk diseinatutako hardwarea erabiltzen dugu. Era berean, zunda oso bereziak garatzen ditugu lan egiten dugun sektoreetarako. Adibidez, ardoaren mundurako, zunda bat garatu dugu; haritzezko upeletarako tapoi bat da, eta hainbat adierazleren berri ematen du, hala nola murrizketa, tenperatura, erredoxa…
Ba al duzue kontatzeko moduko beste adibide disruptiborik?
Bezero batek honela deskribatu gintuen: “Adituak gauzak lehen aldiz egiten”. Eta, egia esan, eremu horretan gaude. Hainbat helburutarako zundak garatu ditugu. Esaterako, bezeroak hestebeteak onduta noiz dauden jakiteko, langileek pabiloietan eta lantokietan zer kokapen duten jakiteko, ardoaren hartzidura kontrolatzeko, eta beste askotarako. Proiektuei dagokienez, ardogintza-sektorerako eguzki-hotzeko sistemak diseinatu ditugu, xurgapen-sistemekin. Eta upategiko sistema guztiak, ekoizpenetik hasi eta bisitetara, barne hartzen dituen kudeaketa-software bat ere diseinatu dugu. Orain biki digitalen proiektu bat egiten ari gara, ardo zuriaren hartzidurarako.
Zuen xede-bezeroa ardogintza-sektorea bakarrik al da?
Ardoaren sektorean daude gure bezero gehienak. Baina, azken urteetan, beste sektore batzuetan ere ari gara proiektuak garatzen. Makineria-sektorean, makinen kontrolak egiten; hirugarren sektorean, eraikinen gune handietako kontsumoa kontrolatzeko hardwarea eta softwarea egiten. Orain, esaterako, Errioxan dagoen museo bateko kontrol osoa egiten ari gara. Museoko sistema guztiak kontrolatzen ditugu: klima, kontsumoak, edukiera, argiztapena…
Zer ekarpen egiten dizue, egiten badizue, kokatuta zaudeten lekuak, inguruneak?
Ez ginateke berdinak izango beste leku batean. Moredan eta eraikin honetan egoteak izaera ematen digu. Nor garen eta gauzak nola egiten ditugun erakusten du. Puntako teknologia erabiltzen dugu mahastiz inguratuta dagoen 220 biztanleko herri batean. Lan egiten dugun sektore nagusiari oso lotuta gaude. Ekonomikoagoa izango litzateke enpresa teknologia-parke batean muntatzea, baina ez litzateke gauza bera izango.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?