Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 5 apirila, 2024 Eraldaketa digitala Smart Industry Programa

Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak

2024ko Smart Industry laguntza-programaren edizio berria abiatuko da apirilaren 9an, asteartean, 3,7 M €-ko aurrekontuarekin. Industria adimendunarekin lotutako proiektuak bizkortu nahi dituzten enpresek azaroaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak.

Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak Smart Industry laguntza-programaren deialdi berri bat egin dute, Industria Adimendunaren kontzeptuarekin lotutako teknologiak txertatuko dituzten Ikerketa Industrialeko eta Enpresa Garapeneko proiektuei laguntzeko helburuz. Teknologia Digitalen I+G arloko proiektu horien emaitzak merkatura eramateko prozesua azkartzeko aukera eman behar dute enpresa industrialek I+G arloko eragileen parte-hartzearekin inplementatzen dituzten proiektuek, eta frogatze-efektua izan behar dute.

Enpresa industrial bat edo produktu-prozesu industrialarekin lotutako zerbitzuen enpresa bat baduzu eta digitalizazio-proiektu bat garatu behar baduzu, 150.000 eurora arteko laguntza bat lor dezakezu. Eta zure enpresak 5G teknologiarekin lotutako proiektu bat garatu behar badu, 300.000 eurora arteko dirulaguntza bat eskura dezakezu.

 

Argi al duzu zergatik den horren garrantzitsua industria adimendunera gerturatzeko pausoak ematea? Guk kontatuko dizugu!

Smart Industry bilakatzeko pausoak ematea, aldi berean, etorkizunera modu lehiakorragoan eta eraginkorragoan aurreratzea da.

Smart Industryk haren bezeroak ulertzeko lan egiten du, eta merkatuak eskatzen dionaren arabera egokitzen du ekoizpena. Negozio-eredu berri bat lortzeko, aldaketa sakonak egin behar dira ekoizpena ulertzeko moduan eta lana egiteko moduan. Mundu aldakor honetan, bezeroek ezartzen dituzte joerak, eta ez enpresek. Hori dela eta, bezeroak ulertzeko lan egiten du industria adimendunak.

Smart Industryn informazioa partekatzen da. Buruan dugun enpresen sistema klasikoak, sail finkoetan banatuta dagoenak, ez du balio industria adimendunarentzat. Kudeaketan aurrerapausoak ematea lortzeko, sailen artean informazioa partekatu behar da. Industria adimendunean, estrategiak hobetzeko eta lehiakorragoak izateko aukera ematen duen ezagutza bilakatzen da informazioa.

Smart Industryn, pertsonen eta teknologiaren arteko harremana erraza da, automatizazio-prozesuak beharrei egokitu ahal izateko. Orain arte pertsonek egiten zituzten zereginak egiten dituzte orain makinek. Modu eraginkorragoan eta ekonomikoagoan egiten dituzte. Dena den, teknologiaren eta pertsonen arteko sintonia inoiz baino garrantzitsuagoa da.

Eta, noski, Smart Industryk inoiz ez du ahazten gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa. Are gehiago, planetarekiko jasangarria den hazkundea lortzeko eta kontzientzia sozial sendoa izateko erabiltzen du teknologia.

 

Ezagutu Smart Industry bat izaten lagunduko dizuten proiektuak

Aprobetxatu EIKTen potentziala, zure enpresaren hazkundea bultzatzeko

Smart Industry programak 150.000 euro arte eskaintzen ditu proiektu teknologikoetarako, eta 300.000 euro arte 5G arloarekin bakarrik lotutako proiektuetarako. Proiektu teknologikoek lotura izan beharko dute fabrikazio aurreratuari aplikatutako honako arlo hauetako batekin:

  • Zibersegurtasuna: digitalki konektatuta dagoen eta mehatxu zibernetikoen aurrean gero eta zaurgarriagoa den ingurune honetan, zibersegurtasuna funtsezkoa da enpresen ekoizpen-sistemen eta aktiboen segurtasuna, konfidentzialtasuna eta eskuragarritasuna babesteko. Hainbat alderdi hartzen ditu barne, hala nola industria-sarearen segurtasuna, kontrol-sistemen eta konektatutako gailuen babesa, sarbideen kudeaketa edota segurtasun-analisiak.
  • Cloud computing: Internetez eskaintzen diren baliabide informatikoak, datuen biltegiratzea eta zerbitzuak aprobetxatzea, fabrikazio-prozesuak hainbat modutan hobetzeko eta optimizatzeko: datuen analisia denbora errealean, modelaketa eta simulazioa, datuen biltegiratzea (biltegiratze-ahalmena handitzeko aukerarekin) edo urruneko sarbidea eta elkarlana.
  • Adimen artifiziala: onura nabarmenak eskaintzen ditu, hala nola prozesuen optimizazioa, mantentze-lan prediktiboa, kalitatearen kontrola, produktuen eta prozesuen diseinua, automatizazio adimenduna, baterako pertsonalizazioa eta hornidura-katearen analisia. Aplikazio horiek eraginkortasuna, kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko aukera ematen diete fabrikatzaileei, gero eta digitalizatuagoa eta dinamikoagoa den fabrikazio-ingurune batean.
  • Konputazio kuantikoa: oraindik teknologia horren hasierako garapen-faseetan gaude, baina etorkizunean fabrikazio aurreratuaren hainbat alderditan inpaktu handia izango duela aurreikusten da. Honakoen bidez aplikatu liteke: prozesuen eta materialen simulazioa, hornidura-katearen optimizazioa, kriptografia eta segurtasuna, produktuen eta prozesuen diseinua, edo sistema konplexuen simulazioa.
  • Robotika kolaboratiboa: hainbat abantaila eskaintzen ditu lan-inguruneetan robotak txertatzeak, gizakiekin batera, zeregin komunetan modu seguruagoan eta eraginkorragoan lan egiteko: automatizazio malgua, produktibitatearen hazkundea, segurtasun hobea, moldagarritasuna eta produktu pertsonalizatuak trumilka ekoiztea.
  • Errealitate areagotua/birtuala/mistoa: horiek erraztu egiten dituzte diseinu-prozesua eta prototipoak egiteko prozesua, prestakuntza eta gaikuntza, urruneko laguntza, datuen eta prozesuen bistaratzea edota kalitatearen kontrola.
  • Sentsorika, IoT, komunikazio industrialak: denbora errealean monitorizatzeko, kontrolatzeko eta optimizatzeko gaitasuna eskaintzen dute. Gainera, hornidura-katea optimizatzea ahalbidetzen dute, eta analisi eta ikaskuntza automatiko eraginkorrak egiteko datuak ematea ere bai.
  • Diseinu eta fabrikazio aditiboa material metalikoetan eta aurreratuetan: propietate jakin batzuk dituzten osagai konplexuak, arinak eta oso funtzionalak sortzeko aukera ematen dute, industriako askotariko sektoreetako aplikazio ugaritan erabiltzeko. Produktuen diseinuaren berrikuntza eta fabrikazio-prozesuen optimizazioa bultzatzen ari dira teknologia horiek.
  • Material eta prozesu aurreratuen proiektuak: arlo asko hartzen dituzte barne, esaterako, material berrien garapena, fabrikazio-prozesuen hobekuntza, teknologia berriak txertatzea (adibidez, adimen artifiziala eta fabrikazio hibridoa) eta ekoizpen industrialean jasangarritasuna eta eraginkortasuna bultzatzea.
  • 5G teknologiak ezartzeko proiektuak, arlo hauetakoren batekin lotura dutenak:
    • Lantegi industrialetako sentsorika, haririk gabeko komunikazioak eta datuen prozesamendua.
    • 4.0 Industriaren teknologiak: zibersegurtasuna, ikusmen artifiziala edo robotika kolaboratiboa.
    • Mugikortasuna, ibilgailu autonomo-konektatua, garraio adimenduneko sareak, logistika eta hornidura-katearen optimizazioa.
    • Energia eta ingurumen arloko trantsizioa: sareen monitorizazioa, kontsumoaren murrizketa, eraginkortasun energetikoa edo ingurumen-kudeaketa.
    • Berria! Gizarte eta osasun arloko trantsizioa: anbulantzia konektatua, urruneko ebakuntza kirurgikoak…

 

Honela laguntzen dizu Smart Industryk industria adimendun bilakatzen

Zure proiektuak, gutxienez, 50.000 euroko aurrekontua badu eta gauzatze-epea 16 hilabete baino laburragoa bada, gastu hauek ordaintzen lagunduko dizu Smart Industryk:

  • Hornitzaile teknologikoaren dedikazioa: I+G arloko eragileak, ingeniaritzak edo telekomunikazio-aholkularitzak.
  • Inplantatzailearen dedikazioa: laguntza eta aholkularitza, jarduera ekonomikoaren zentroan edo lantegi industrialean.
  • Jabetza Industriala eskuratzea.
  • Hardwarea eta software-lizentziak.
  • Zuzenean proiektura bideratutako langileak.

 

Zure enpresa digitalizatuta eta EIKT teknologiak ezarrita, zure enpresak eraginkortasun operatiboa hobetu ahal izango du, negozio-eredu berriak garatu ahal izango ditu eta industria adimenduna bihurtzeko bidean kokatu ahal izango da. Eskatu Smart Industry laguntza azaroaren 13a baino lehen!

Lotutako albisteak

21 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Elgar Works: automobilgintzako piezen egiaztapen automatiko berria garatzen ari den Arabako enpresa
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Miesa Bizkaiko enpresak soluzio integralak eta neurrira egindakoak eskaintzen ditu automatizazioaren eta industriako kontrolaren arloan
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Industria Sailak Eraldaketa Digitalarekin konpromiso handiena duen administrazio publikoaren saria jaso du
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
Ametsek piezak planopean mekanizatzen ditu, dibertsifikatutako industria-sektore baterako
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Eraldaketa digitala
INARTRANS 4.0 proiektuak Adimen Artifiziala garraio instalazioen eraikuntzan integratzeko lan egiten du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak