Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 26 apirila, 2024 Berrikuntza

Lotura-teknologien erreferentziazko teknologia-zentro gisa duen lidergoa sendotu du Lortekek

Jarduera, batez ere, manufaktura-sektoreetara zuzentzen du, ikerketaren eta industriarako transferentziaren tarteko elementu gisa.
Jaione Ganzarain.

Duela 22 urte jaio zen Lortek, Ordizian. Teknologia Zentro pribatua eta kooperatiboa da, BRTA aliantzako kidea eta Mondragon Korporazioan txertatua. Goierri Berrikuntza Gunean  dago zentroa, eta une honetan ia 90 pertsonak osatzen dute. Horiek dira fabrikazio-prozesuetan ezagutza bikaina sortzearen erantzuleak eta errudunak. Gero, enpresei helarazten diete ezagutza hori, hiru helbururekin: “Haien lehiakortasuna, ingurumen-inpaktua eta jasangarritasuna hobetzea”, gogoratu du zuzendari nagusiak, Jaione Ganzarainek.

Zein da enpresaren jatorria?

Enpresaren izenari erreparatzen badiogu, Lortekek gure nortasunari egiten dio keinu, gure DNAri, hau da, “Lotura”ri. Bestetik, ikertzaile gisa guretzat garrantzitsua den beste kontzeptu bat ere hartzen du barne: “Lortzen”. Eta, 22 urteko historiaren ondoren, markak oinarri hori mantentzen duela esan dezakegu. Gaur egun, erreferentziazko teknologia-zentroa da lotura-teknologiei dagokienez, bai gure eskualdean, bai Estatuan, bai nazioartean. Gipuzkoako Goierri eskualdean jaio ginen, oso industriala den lurralde txiki batean. Lotura-teknologietan eta soldaduran oso berritzailea eta lehiakorra den ekosistema baten barruan gaude kokatuta.

Industria adimendunaren arloan ezagutza sortzea eta partekatzea al da honelako zentro baten helburua?

Ikerketaren eta industriarako transferentziaren tarteko elementu bat gara. Irabazi asmorik gabeko teknologia-zentro gisa, industria-ehunari teknologia transferitzea da gure helburua. Zehazki, fabrikazio-prozesuen digitalizazioan gaude espezializatuta. Horri esker, enpresen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzea lortzen dugu. Erdilari on baten lana egiten dugu: zientzia produktu industrialekin lotzen dugu, eta gertuko ekoizpen-ehunera eramaten dugu, ekosistema industrialera, dagoeneko egiten den horri balioa handitzeko etengabeko ahaleginetan. Enpresaren jarduera, batez ere, Euskadin zentratzen da, baina Estatuko enpresekin ere egiten dugu lan. Nazioartean, aipatu dudan moduan, erreferentziazko ikerketa-zentroa gara Europako Batzordeak sustatutako proiektuetan.

Zer enpresa motari eskaintzen dizkiezue zuen zerbitzuak?

Foku ugariko teknologia-zentroa gara. Hainbat teknologia arlotan eta hainbat sektore ekonomiko edo enpresarialetan garatzen ditugu I+G+b jarduerak. Gure jarduera, nagusiki, manufaktura-sektoreetara zuzenduta dago, esaterako: garraioa (aeroespaziala, automobilgintza/elektromugikortasuna, trengintza, ontzigintza, defentsa), metal-mekanikoa (altzairutegiak eta galdategiak, galdaragintza eta eraldaketa metalikoak, eraikuntza, moldeak eta trokelak), fabrikazio aurreratua (osagarriak eta ekipo-ondasunak, digitalizazioa, makina-erreminta, osasuna) eta energia (energia biltegiratzea, energia berriztagarriak, hidrogenoa, Oil&Gas).

2023an zazpi milioi eurotik gorako diru-sarrerak izan zenituzten, eta enpresa industrialetara transferitutako I+G bolumena ere hazi egin zen.  Kontratupeko zenbat proiektu itxi zenituzten iaz?

I+G+b arloko jarduera ekonomikoaren diru-sarrerak asko hazi ziren 2021 eta 2023 artean. 2021ean, enpresei egindako transferentziaren diru-sarrerak 2,5 M€-koak izan ziren, eta 2023an 3,08 M€-tik gorakoak. Hau da, aldi horretan % 22 hazi ziren. Azken ekitaldian, zehazki, 114 proiektu genituen martxan bezeroekin, eta horietatik 55 urte horretan bertan amaitu eta itxi genituen.

Nola egokitzen da honelako zentro bat aldaketa teknologikoen abiadurara?

Teknologia-zentro gisa, teknologia berritzaileen abangoardian egon behar dugu, eta miaketarako eta zaintzarako jarrera izan behar dugu, hau da, etengabe erne egon behar dugu, joera teknologikoak identifikatzeko. Berrikuntzaren kultura sustatu behar dugu, eta sormena, esperimentazioa eta etengabeko ikaskuntza bultzatuko dituen ingurune bat sortu behar dugu. Era berean, erakunde azkarra eta malgua izan behar dugu, merkatuaren eskakizunen aldaketetara eta aukera teknologiko berrietara azkar egokitu ahal izateko. Horretarako, diziplina anitzeko lantaldeak osatu behar dira, garapen-ziklo laburrak ezarri behar dira eta etengabeko iterazioa izan behar da eskainitako produktu edo zerbitzuarekin. Teknologia-zentroaren ikuspegia eta helburuak moldatzeko prest egon behar dugu, enpresen ingurunean eta ingurune teknologikoan gertatzen diren aldaketei erantzuteko beharrezkoa bada.

Azpiegitura teknologikoan inbertitzea giltzarria da…

Zalantzarik gabe. Eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren funtsezko laguntza dugu. Hau guztia ezin dugu bakarrik egin. Ezinbestekoa da Euskadiko, Estatuko eta Europako ekosistemako beste teknologia-zentro batzuekin eta eragile batzuekin lankidetzan aritzea, baita industriarekin ere. Hori dela eta, aliantzak ezartzen ditugu enpresekin eta beste erakunde esanguratsu batzuekin, ikerketa- eta garapen-proiektuetan elkarlanean aritzeko, baliabideak eta ezagutzak partekatzeko, eta merkatuko aukera berriak eskuratzeko.

Zer testuingurutan kokatzen da LORTEKen bigarren egoitzaren orain dela gutxiko irekiera, Miramongo Teknologia Parkean?

Iaz, multilokalizaziorantz pausoak ematen hasi ginen, hiru helburu argirekin: bezeroengana eta enpresa berrietara gerturatzea, teknologia-parkean lan egiten duten pertsonak zaintzea, eta talentua erakartzea. Zentzu horretan, Donostiako Teknologia Parkea izan zen aukeratutako lekua. Izan ere, berrikuntza-ekosistema batean murgildutako enpresa eta startup teknologiko ugari daude han. Gainera, egungo eta etorkizuneko langileentzako malgutasun- eta kontziliazio-tresna berri bat gehitu dugu hala.

Eta ekainean SMARTLAB izeneko instalazio berri bat ireki zenuten. Zer da?

Kooperatibaren Batzarra egin genuen egunean, gure SMARTLAB laborategi berria inauguratu genuen. Digitalizazio-teknologietan espezializatutako laborategi bat da. Prozesuen digitalizazioaren alde egin dugun apustuaren erakusgarria da; batez ere, lotura-teknologiekin eta fabrikazio aditibo metalikoarekin lotuta. Kontrol- eta robotika-teknologien, ikusmen artifizialaren, datuen analisiaren, IKTen eta fabrikazio aditiboaren arloko abangoardiako ekipoak ditu laborategi horrek.

Honelako zentro bat “indibidualismoei emandako erantzuna” da. Zure ustez, zertaz ari zen Lehendakaria, inaugurazioan hitz horiek esan zituenean?

Mondragon Korporazioaren baitako Teknologia Zentro Kooperatibo pribatua gara. Zehazki, Ezagutza Dibisioan gaude, eta beste hamar kooperatibarekin partekatzen dugu ezagutzaren balio-katea. Ezagutza sortzen dugu, eta merkatura transferitzen dugu, hainbat formularen bidez. Lankidetza eta elkar-lankidetza dira gure balioetako batzuk. Jabekideak eta protagonistakideak gara, eta LORTEK proiektuan parte hartzen dugu. Horrek autoexijentzia, erantzunkidetasuna eta gure misioarekiko konpromisoa eskatzen ditu. Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidenteak esaten duen moduan: “Lankidetzak indartsuago bihurtuko gaitu eta aurrean dugun etorkizun konplexuari eta aldakorrari aurre egiteko aukera emango digu, jarrera onarekin, indarrez eta erronka zailei erantzuteko beharrezko baliabideekin”. Konektatuta dagoen mundu honetan, ozeanoko tanta bat da LORTEK. Mondragon familiakoak gara, eta BRTA Aliantzako kideak ere bai; Europako lankidetza publiko-pribatu bakarraren adibidea da BRTA (euskal administrazio publikoaren presentzia du, Eusko Jaurlaritzaren, aldundien eta SPRI taldearen bidez).

 

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Berrikuntza
RK Informatikak laneko bajak murrizteko Crossfita eskaintzen du
Irakurri gehiago
29 urria, 2024 Berrikuntza
Fabrikak eskuliburu bat argitaratu du ‘lan-kultura berria’ izenekoa ezartzeko gakoekin
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Azpiegiturak
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
24 iraila, 2024 Berrikuntza
Gesklima: “Hazinnovak gure barne baliabideak hobeto optimizatzen eta eraginkortasuna hobetzen lagundu digu”
Irakurri gehiago
18 iraila, 2024 Berrikuntza
Álvaro Martínez de Lagos (Ulma Handling Systems): “Intralogistika robotizatuaren sektorea hazkunde handiko momentu paregabean dago”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak