BDIH Konexio programak 125 eskaera jaso ditu 2023an. Zenbaki honekin, 366 proiektu aurkeztu dira guztira programa hasi zenetik 2020an. Milioi bat euro inguruko aurrekontuarekin, amaitu berri den ikasturtean eskabide horietako 86ri laguntza ekonomikoa eskaini ahal izan zaie, eskaera bakoitzeko 11.539 €-ko batez besteko zenbatekoarekin. Bi eskaera bakarrik ukatu dira puntuazio eskasagatik, eta gainerakoak ukatu egin dira aurrekontua agortu delako. Horrek erakusten du euskal enpresen artean interes handia dagoela BDIHren esperimentazio eta testatze-azpiegitura probatzeko.
Nodoen arteko banaketari dagokionez, material aurreratuena izan da hirugarren urtez jarraian proiektu gehien bildu dituena, 29 guztira. Era berean, makina adimendunen eta konektatuen nodoarekin lotutako proiektuak nabarmen ugaritu dira, 2021ean 8 izatetik 2023an 21 izatera igaro baitira, eta horrek agerian uzten du digitalizazioak gero eta garrantzi handiagoa duela prozesu industrialetan. Nabarmentzekoa da, halaber, gailu medikoen eta osasun digitalaren nodoan kokatutako proiektuen kopuruak etengabe egin duela gora, eta azken ekitaldian ia aurreko bi urteetan adina eskaera onartu direla.
Zifra hauek erakusten dute euskal industriak berrikuntzaren eta lankidetzaren aldeko apustua egiten duela, garapen teknologiko handiko sektoreetan lehiakortasunari eusteko bide nagusi gisa. Guztira, 72 euskal enpresak jaso dute BDIH Konexio programaren onura. Programa horrek, aktibo teknologikoak bere zerbitzura jartzeaz gain, proiektu berritzaileak bermeekin garatzeko finantzaketa ere ematen du. Zifra hori aurreko ekitaldikoa baino pixka bat handiagoa da, 70 enpresari eman baitzitzaien arreta, baina daturik nabarmenena da %76 enpresa txiki eta ertain espezializatuak direla, eta Konexiok lagundu diela negozioa dibertsifikatzen, merkatu berrietara sartzen edo ingurune digital eta iraunkor batean eboluzionatzen.
BDIHk dituen 250 aktibo teknologiko baino gehiagoren artean, 2023an nabarmentzekoa da Lortek enpresaren elkarketa aurreratuak aztertzeko planta pilotua, produktu berriak garatzeko soldadura-prozesu edo teknologia desberdinak probatzeko aukera ematen diena euskal enpresei. Aktibo hori material aurreratuen nodoari dagokio eta azken deialdian zazpi proiektu babestu ditu. Guztira 17 aktibok parte hartu dute bi proiektutan edo gehiagotan 2023an, eta horien artean aipatzekoak dira, halaber, Mondragon Unibertsitateko osagai kritikoen mekanizazio-zelula, bost aldiz erabilia, edo Azterlan enpresaren karakterizazio metalurgikoko sistema aurreratuak.
BDIH Konexio programak hazten jarraitzen du, eta enpresa eta proiektu berriak erakartzen urtez urte. SPRI Taldetik badakigu oso garrantzitsua dela berrikuntza eta teknologia aurreratua euskal enpresetara hurbiltzea, batez ere ETEetara. Hori dela eta, BDIH Konexiok laguntza-programa garatzen jarraituko dugu 2024an zehar.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?