Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 23 maiatza, 2024 Berrikuntza Women in industry

Emakumeek industriaren lehiakortasunean eta berrikuntzan duten garrantzia defendatuko du SPRIk Porton eta Parman

Cristina Oyónek, Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, gai horri buruzko azterlan baten emaitzaren berri emango du aste honetan eta hurrengoan bi hiri horietan egingo diren ekitaldi banatan

Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendari Cristina Oyónek azterlan baten emaitza aurkeztu du aste honetan Porton eta hurrengo astean Parman. Azterlan horretan, industria-enpresen berdintasun-mailaren eta lehiakortasun-mailaren arteko erlazioa aztertu da, eta, horren arabera, “aniztasun- eta berdintasun-indize handiak lehiakortasun handiagoarekin lotuta daude”, eta “enpresarik berdinzaleenak lehiakorrenak dira, eta emaitza hobeak lortzen dituzte fakturazioa eta enplegua handitzeko lanean, I+G+b jardueretan eta nazioartekotzeko zereginetan”.

B-Women In Industry

2020az geroztik, SPRIk Women in Manufacturing aditu-taldea gidatzen du Back to the Future proiektuaren barruan. Egoitza Milanen duen World Manufacturing Foundationerakundeak sustatzen duen ekimen horren helburua da mundu osoan kultura industriala zabaltzea. SPRIren baitan, ekimena B-Women In Industry estrategiaren parte da.

SPRI taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendari Cristina Oyón buru dela, Women in Manufacturing taldeak hogei adituren lana bildu du hilabetetan. Aditu horiek manufakturaren hainbat alorretan diharduten lau kontinentetako enpresetatik, nazioarteko erakundeetatik eta ikerketa-zentroetatik datoz, eta helburua emakumeek industrian duten egoerari buruz eztabaidatzea izan da. Era berean, emakumeak industria-enpresetan sartu eta enpresa horietan igo eta liderrak izateko jardunbide onak eta gomendioak identifikatu dituzte. Eztabaida eta ondorio nagusiak World Economic Foundationerako egin diren txostenetan jaso dira. Hemen ere azalduko dira jarraian.

Porto

Zehazki, SPRIk 360 Tech Industry azokan parte hartuko du maiatzaren 22an eta 23an. Ekitaldia Porton egiten da, eta industria-berrikuntzako azken berritasunak ezagutzera ematen dira bertan. Saioetako baten esparruan, teknologian eta fabrikazioan emakumeen presentzia sustatzeko ekimenak azaldu dira. Hartara, lehiakortasuna hobetzeko eta erakundeen arrakasta bultzatzeko zer zeregin duten aztertu da. Bestalde, STEM alorretara emakume gehiago erakartzeko zenbait ikuspegiri buruz gogoeta egin da, baita emakumeen talentua eskuratzeari eta genero-berdintasuna lortzeko erronkei buruz ere.

Cristina Oyónek parte hartu duen saioan, moderatzailea Antoni Pijoan izan da, EIT Manufacturing Westen zuzendari nagusia, eta hizlari hauek jardun dira: Víctor Alonso, fabrikaziorako eta trantsizio digitalerako CTAGko zuzendari laguntzailea; Teresa Hernández, EIT Manufacturingeko Women TechEU proiektuko burua; eta Ana Alcaine, EIT Community Programeko Supernovas proiektuaren arduraduna.

Parma

Modu berean, SPRIk azterlan bera aurkeztuko du SPS Parma azokan, maiatzaren 28tik 30era arte. Industria-automatizazioko Italiako azoka da, eta ekitaldi nagusia bertako fabrikazio adimendun, digital eta malguaren esparruan. Izan ere, erreferentzia bat da italiar manufakturan. Cristina Oyón irekiera-saioan parte hartzera gonbidatu dute, eta, horren ostean, She SPS Italia Award sarietan egongo da. Sari horiek ematen dituen komunitateak emakumezko erreferentzien arrakasta-kasuak zabaltzen ditu industriarako automatizazioaren eta berrikuntzaren munduan.

SPRIren azterlana

Women in Industry arloan garatutako lanetako bat da hitzaldian aipatutako SPRIren ikerlana. Zehazki, emakumeek industrian duten presentziaren gaineko datu kezkagarrien aurrean, lan honi ekitea erabaki zuen SPRIk, UNIDOk (United Nations Industrial Development Organization) 2019an nabarmendutako premisa bat frogatzeko helburuz: “Genero-berdintasuna giza baliabideekin lotura duen gaia izateaz gain, lehiakortasuna eta susperraldi ekonomikoa bermatzeko funtsezko gaia ere bada”.

Azterlanaren baitan, genero-berdintasunaren eta lehiakortasun industrialaren arteko korrelazioa aztertzeko aukera ematen duen metodologia bat garatu dute. Gainera, azterketa-kasu bat garatu dute; horretarako, inkesta bat bidali diete sektore industrialeko eta industriarekin lotutako zerbitzuak eskaintzen dituzten SPRIren datu-baseko 2.500 euskal enpresari, eta 474 erantzunez osatutako lagina lortu dute.

Laginaren analisiak agerian utzi duenez, EAEko industriako langileen % 21,7 baino ez dira emakumeak. Euskadiko lan-merkatuaren % 44 ordezkatzen dutela kontuan hartuta, datu kezkagarria da. Oro har, emakumeen presentzia txikiagoa da enpresetan, prestakuntza-maila edo saila edozein izanda ere, baina nabarmen jaisten da lidergo-posizioetan. Izan ere, inkestan parte hartu duten konpainien % 13k bakarrik du emakume bat zuzendari.

Ondorioek frogatzen dutenez, genero-berdintasuneko maila handiena duten enpresak lehiakorragoak dira, eta emaitza hobeak dituzte fakturazioari, enpleguari, I+G+b arloari eta nazioartekotzeari dagokienez. Gainera, enpresa lehiakorrenek genero-berdintasunaren maila altuagoa dute. Hortaz, honako giltzarri hauek identifika daitezke berdintasunean oinarrituta lehiakortasuna bultzatzeko:

  • Bereizketa horizontala (sailka).
  • Bereizketa bertikala (erantzukizun mailaren arabera).
  • Laneko eta norberaren bizitzaren arteko kontziliazio-neurriak (ordutegi-malgutasuna, telelana, zaintzetarako baimenak…).
  • Berdintasuneko barne-politikak (planak, batzordeak, prestakuntza eta berdintasun-protokoloak).

Emaitza horiek potentzial handia dute enpresetan genero-berdintasuneko politikak ezartzeko garaian motibazioa sortzeko tresna gisa; izan ere, frogatuta geratu den moduan, “genero-berdintasuna giza baliabideekin lotura duen gaia izateaz gain, lehiakortasuna eta susperraldi ekonomikoa bermatzeko funtsezko gaia ere bada”.

 

Lotutako albisteak

19 Azaroa, 2024 Berrikuntza
SPRI, Budapesten egiten ari den SME Assembly 2024an parte hartzen ari da
Irakurri gehiago
18 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Solve Wind itsas eolikarako gabarra garatzen ari da
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Berrikuntza
‘ekinBarri 2024’ enpresa-topaketak Bizkaiko enpresa-garapenaren eta lehiakortasunaren erdigunean jarriko ditu pertsonak
Irakurri gehiago
8 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Euskadiko ITS Batzarraren 15. edizioa jasoko du Bilbok, mugikortasunari buruzko enpresen urteroko hitzordua
Irakurri gehiago
7 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Pepe Barreira, Begoña Castro eta Josean Murori emango dizkiete 2024ko Joxe Mari Korta sariak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak