Enpresa-ekosistemak gero eta onartuago du teknologiak berebiziko garrantzia duela erabakiak, zerbitzua eta prozesuak bizkortzeko. Hala ere, digitalizazio-prozesu batean murgiltzea beti da erronka, batez ere autonomoentzat eta ETEentzat. Arrakala teknologiko hori murrizteko asmoarekin sortu zen Alboka Soft 2012an, berrikuntza eta garapenerako katalizatzaile gisa kode irekiaren aldeko apustua egiten duen enpresa.
“ERP honen onurak zabalak dira. Adibidez, softwarea norberaren beharren arabera aldatzeko malgutasuna ematen du, edo jabegoa duten konponbideekin alderatuta kostu txikiagoa du (batzuetan doakoa). Baina, batez ere, hornitzaile espezifikoen blokeoa saihesten du, erabiltzaileei aldaketak egiteko aukera emanez“, azpimarratu du Iñaki Moral Sagastik, Alboka Soft enpresako gerenteak.
Kode irekiaren aldeko apustu sendoa Albokak giltzarri gisa aukeratu duen herramintan gauzatzen da: Odoo Community Edition (CE). “ERP ezin hobea da kostu gehigarririk gabe enpresa-kudeaketako irtenbide bat bilatzen duten enpresa txikientzat, lizentzien kostua saihesten baita. Kudeaketako oinarrizko funtzionalitateak barne hartzen ditu, hala nola salmentak, CRMak, proiektuak, inbentarioa, fabrikazioa, etab. Baina ‘open source’ denez, bere iturburu-kodera sar gaitezke eta gure bezeroen behar espezifikoen arabera pertsonalizatu. Azken batean, aplikazio estandar baten eta neurrira egindako aplikazio baten arteko oreka perfektua da “, ziurtatu du Moralek.
Tresnaren moldakortasunari esker, Albokak teknologia hori ezarri ahal izan du tamaina eta sektore oso desberdinetako negozioetan, 1-2 langileko autonomoetatik hasi eta 35-40 langileko enpresa txikietaraino. “Ez dugu ezarpen berdin bakar bat ere egin, enpresa bakoitza mundu bat delako. Soluzioa egokitu dugu metalurgiaren sektoreko enpresetan fabrikazioa kudeatzeko, adibidez, edo irabazi-asmorik gabeko elkarteen proiektuak kudeatzeko, bai eta hainbat zerbitzu profesionaletako bezeroak kudeatzeko ere”, azaldu du Gasteizko enpresako gerenteak.
Proiektu bakoitza bakarra bada ere, horiek guztiak garatzeko metodologia berari jarraitzen dio Albokak, hala azaltzen du Moralek: “Lehenik eta behin, urratsez urratseko ikuspegia hartzen saiatzen gara, hau da, oinarrizko digitalizazio batekin hasten saiatzen gara, ondoren konponbide konplexuagoetarantz aurrera egiteko, bezeroak ahal duen heinean eta bere beharrak eboluzionatu ahala. Hori bereziki interesgarria da aurrekontu mugatuak dituzten negozioentzat, kostu txikiko sarrera ahalbidetzen baitu ERPen mundura, baina baita pertsonalizazio-maila handiko kudeaketa-programak behar dituzten enpresentzat ere”.
Eta horrekin batera prestakuntza eta kontsulta funtzionalen euskarria ere eskaintzen dute. “Enpresa baten eraldaketa digitala prozesu konplexua da, eta teknologia berriak ezartzea baino gehiago eskatzen du. Prestakuntza funtsezkoa da langileak nahitaez digitala izango den ingurune batean gaitzeko. Ondo prestatutako langileak eraginkorragoak eta produktiboagoak izateaz gain, hobeto prestatuta daude hobetzeko aukerak identifikatzeko eta enpresaren barruan berrikuntzan laguntzeko”, ondorioztatu du Moralek.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?