Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 2 uztaila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna Net-Zero Basque

Net-Zero Basque Industrial Super Clusterrek All4Zero eta Alianza Q-Cero aliatuek deskarbonizazioarekin lotuta egindako aurrerapenetan hartu du parte

All4Zero eta Alianza Q-Cero dira Net-Zero Basque Industrial Super Clusterren bazkideek, Repsol/Petronorrek eta Iberdrolak, deskarbonizazio industrialarekin lotuta abian jarritako ekimenak

Ekainaren 20an, ostegunean, SPRIk All4Zerok Repsol Technology Center-en antolatutako Tech Solutions Day ekimenean parte hartzeko aukera izan zuen. Bertan, industriaren deskarbonizazioa lortzen laguntzeko asmoz abian jarritako 5 erronkei erantzuna emateko hautatutako 12 soluzio teknologikoak ezagutarazi zituzten. Repsolek, ArcelotMittalek, Holcimek eta Iberiak osatutako berrikuntza teknologiko industrialeko hub honek deialdi honen bidez erantzuna eman nahi zieten bost erronka komun identifikatu zituzten. Erronkak honako hauek lotutakoak ziren: karbonoa jasotzea, baliabide hidrikoak, hidrogeno berdea, SAF erregaiak eta CO2-aren mineralizazioa, eta hondakinen kudeaketa.

Deialdiak 186 proposamen bildu zituen (horien artean, nazioartetik iritsitako 60). Bestalde, euskal agenteek egindako 17 proposamen bildu ziren. Ondorioz, jasotako proposamen guztietatik % 9 izan ziren Euskaditik iritsitakoak eta teknologia-zentroek, ETE-ek eta startupek bidalitakoak izan ziren.

Bazkideen talde teknikoek ebaluazioa egin ostean, erronkei erantzuteko 12 soluzio teknologiko aukeratu dituzte eta horien artean daude Euskadiko parte-hartzea duten 3 soluzio (karbonoa jasotzeko Tecnaliaren soluzioa, SAF erregaietarako Aimplasen soluzioa eta CO2-ren mineralizazio-erronkarako SBS Thermal en soluzioa). Hurrengo hilabeteotan, enpresekin lan egiteko asmoa dugu, bazkideen premiei beharren araberako soluzioak zehazteko eta 2025ean zehar emaitzak lortzea ahalbidetuko duen lan-plan zehatza definitzeko.

Bestalde, Espainia mailan industrian eta eraikinetan energia termikoaren eskariarekin lotutako deskarbonizazioa bizkortzeko asmoz Iberdrolak abian jarritako Alianza Q-Cero ekimenak ere aurrera egin du azken hilabeteotan bere egitura indartzen. Horretarako, parte-hartzaile berriak gehitu eta lanean hasi ahal izateko hainbat lantalde prestatu ditu arretagunea politiketan, erabilera-kasuetan eta elikadura-industrian jarrita. Bestalde, “Q-Cero Gosariak” ekimena jarri du abian. Bertan, aldizkakotasunez, saio monografikoak antolatzen ditu, eta horiek energia termikoaren eskaintzaren eta eskariaren arloan lantzen ari diren erronka nagusiak eztabaidatzeko eta soluzioak erakusteko baliagarriak diren topagune bihurtu dira.

Zehatzago esanda, asteartean, ekainaren 25ean, Cristina Oyónek, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendariak, deskarbonizaziorako palanka gisa berrikuntzara eta garapen teknologikora zuzendutako Q-Cero gosarian bitartekaritza-lanak egin zituen. Net-Zero Basque Industrial Super Cluster izenekoa abian jartzen SPRIk metatutako esperientziatik abiatuta, Cristinak Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroko (CDTI) zuzendariarekin, José Moisés Martínekin, eztabaidatzeko aukera izan zuen hainbat gairen inguruan: Europako Batasuneko Net Zero Industry Actek eskaeratik abiatuta garapen teknologikoa bultzatzeko planteatzen dituen aukerak eta deskarbonizazio arloko aurrerapenerako soluzioen eskariaren eta eskaintza teknologikoaren arteko elkarlanaren garrantzia. Elkarrizketaren bigarren zatian, Cristinak mahai-ingurua moderatu zuen eta, bertan, Jorge Fabregatek (Porcelanosako Kalitate eta Ingurumen arloko arduraduna) bere produkzio-prozesua deskarbonizatzeko garaian Porcelanosaren moduko enpresa batek aurre egin beharreko erronka teknikoen eta finantzarioen berri eman zuen (izan ere, 1.200 inguruko tenperaturatan egindako egosketako prozesu kritikoa da bere lanaren ezaugarrietako bat). Mahai-inguruan parte hartu zuten beste batzuk izan ziren Lidia Roca Canales (Magnon-Ence Servicios Energéticoseko CEOa) eta Nicolás Martínez (New Heateko Business Development Manager Iberia). Mahai-inguruan landutako gai nagusiak era horretako produkzio-beharrei erantzuna emateko erabilgarri dauden soluzio teknikoak izan ziren eta, horien artean, hauek biak azpimarratu behar dira: teknologien hibridazioa eta baliabideen plangintza.

Bi erronka horiek lotuta daude Net-Zero Basque Industrial Super Clúster klusterrarekin. Euskadiko industrian isuri garbietarako trantsizioa bizkortzea da haren helburua, industria arloan kontsumo eta eraginkortasun energetikoaren deskarbonizazioa bultzatuz eta, aldi berean, garapen teknologikoan eta berrikuntzan oinarritutako merkatu-aukerak sortuz.

Ekimena Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak bultzatu du SPRIren (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) bidez eta Euskadiko bi energia-enpresa nagusiek hartu dute bertan parte: Iberdrolak eta Petronor Repsolek. Gainera, negutegi-efektuko gasen isuri handienak dituzten Euskadiko industriak biltzen dituzten kluster industrialen (Aclima, Siderex, AFV, paperaren klusterra) eta deskarbonizaziorako konponbideak eskain ditzaketen balio-katea ordezkatzen duen Energia Klusterraren babesa jaso du.

Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimenarekin lotutako aurrerapen nagusiak dokumentu honetan daude ikusgai.

Lotutako albisteak

14 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Mikel Jauregi sailburuak ITP Aero bisitatu du, motor aeronautiko efizienteagoen eta jasangarriagoen fabrikazioan nazioarteko liderra den euskal enpresa
Irakurri gehiago
13 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Artechek eta Bilboko Portuak bat egin dute Basque Ecodesign Centerrekin Euskadin ekonomia zirkularra bultzatzeko
Irakurri gehiago
12 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Cocoon Bioscience, proteina birkonbinatzaileen ekoizpenean aditua
Irakurri gehiago
8 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
EDE Ingenieros, hiru hamarkada energia aurreztuz eta eraginkortasun energetikoa lortuz bere DNAn
Irakurri gehiago
7 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Agaleus eta Aludium aluminioaren ke-hautsen balorizazioa ikertzen ari dira, industria kimikorako eta eraikuntzarako karbono-aztarna txikiko materiala lortzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak