Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 26 iraila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna

EIT Manufacturing eta Global Factor-ek bat egin dute industrian jasangarritasuna bultzatzeko

EIT Manufacturing-ek, Europako industria alorreko berrikuntza-komunitaterik handienak, eta Global Factor-ek, irtenbide jasangarrietan liderra den nazioarteko enpresak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute berrikuntza eta jasangarritasun-estrategiak integratzen dituzten zerbitzu berrien bitartez industria lehiakor eta berdeagoa sustatzeko asmoz

2021ean, Europar Batasunean izandako berotegi-efektuko gasen isurketa guztien %21 inguru industriarenak izan ziren*. Testuinguru horretan, jasangarritasuna premiazko gai bihurtu da bai Espainian, baita Europa osoan ere. Horregatik, bi eragile nagusik, EIT Manufacturing eta Global Factor-ek, indarrak batu dituzte trantsizio berdea sustatzeko. Horretarako, teknologia berrien bidez industria-sektorean berrikuntza ezartzeko tresnak, europar komunitate sendoa, eta jasangarritasunari buruzko ezagutza sakona uztartuko dituzte. Akordioaren berri gaur eman da, Bilboko BAT B Accelerator Tower-en egin den ‘B Acceleration Week’ ekitaldian. Bertan, bi erakundeek ‘Net Zero’ gaiaren inguruko mahai-inguru batean parte hartu dute.

Lankidetza honen helburu nagusia tamaina guztietako enpresei zerbitzu integral bat eskaintzea da, jasangarritasun-estrategiak eta deskarbonizazio-planak teknologia berrien inplementazioaren bitartez gara ditzaten. Hala, enpresek energia-eraginkortasuna hobetzeko, isurien trazabilitatea jarraitzeko, materialen berrerabilpena sustatzeko eta barne logistika optimizatzeko aukera izango dute. Neurri horiek gainera, industria prozesuen deskarbonizazioari lagunduko diote, efizientzia operatiboa hobetuz. Estrategia berritzaileak eta konponbide teknologiko aurreratuak baliatuta, ingurumen-inpaktua murriztu ez ezik, enpresen erresilientzia indartuko da eta hazkunde jasangarria sustatuko da.

Enpresek, lankidetza honen bitartez, jasangarritasun- eta deskarbonizazio-plan estrategiko bat izango dute eskura, eta, aldi berean, lehenetsitako ildoak proiektu zehatzetan gauzatzeko laguntza jasoko dute. Horrela, proiektuen burutzea eta emaitzen ukigarritasuna bermatuko dira. Gala Maturana EIT Manufacturing West-eko Negozio Garapeneko eta Berrikuntzako Senior Managerrak adierazi duenez: “Industriak gaur egun estaltzen ez duen premiazko behar bati erantzuna eman nahi diogu. Zerbitzu aitzindaria da, eta enpresa espainiarrei lagundu nahi diegu jasangarritasunean balio estrategiko eta erreala aurki dezaten, non planak lantegietan ezar daitezkeen proiektu bihur daitezkeen, ondoren eskalagarri izango diren kontzeptu-probak egitea ahalbidetuz.”

Asier Sopelana Global Factor-eko partner eta managerrak, bere aldetik, hau azaldu du: “Enpresek Net Zero estrategietan helburu argiak dituzte, epe labur, ertain edo luzera begira. Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da irtenbide berritzaileak hartu eta errealitate horietara egokitzea. Lankidetza hau aurkezten diren erronkei erantzuteko zutabe estrategikotzat dugu, eta etorkizun jasangarriagoa lortzeko beharrezko tresnak eskaintzeko konpromisoa dugu”.

Jasangarritasuna, bi erakundeen oinarria

Egungo erronka globalen aurrean, jasangarritasuna funtsezko oinarria bihurtu da bi erakundeentzat. EIT Manufacturing-ek 170 bazkide baino gehiago ditu Europa mailan, eta urteak daramatza industria lehiakorragoa eta jasangarriagoa sustatzen, Europar Batasunaren babesarekin. Hainbat proiektu jarri ditu martxan, esaterako, ENERFAST, sinterizazio-makinen merkaturatzearekin energia-kontsumoa eta erreminten kostuak murrizten dituena, fabrikazioko karbono-aztarna gutxitzen lagunduz. Bestalde, NDT-Inspection proiektuak metalaren xahutzea murriztea du helburu, CO2 emisioak aurrezteko.

Ildo beretik, azpimarratzekoa da ChainTraced startup-ak garatutako plataforma. Izan ere, industria-enpresei trazabilitate aurreratua eskaintzen die produktu metalikoen balio-katean zehar CO2 isurien arrastoa jarraitzeko, eta, horri esker, ekoizpen-prozesuaren etapa bakoitzaren jarraipen zehatza egin daiteke.
Bestalde, Global Factor-ek, 20 urte baino gehiagoko esperientzia du jasangarritasun-planen garapenean. Bere ekimen berrienen artean DESKAR30 nabarmentzen da. Galdaketaren eta Forjaren balio-katea 2030ean deskarbonizatzeko teknologia berritzaileak ikertu eta garatzeko proiektua da, eta ekoizpen-prozesuetan energia-eraginkortasuna hobetzea du helburu, baita automozio, ontzigintza eta energia-industrietarako eta ekipo-ondasunen fabrikaziorako osagaiak fabrikatzeko erabiltzen diren materialen zirkulartasuna sustatzea ere.

Beste ekimen batzuen artean BIRPLAST proiektua nabarmentzen da, birziklatzeko zailak diren plastikoen birziklatze kimikorako teknologiak garatzeko, baita FLAMINGo proiektua ere, ibilgailu ekologikoetarako aluminiozko nanokonposatu arinen fabrikazioa jorratzen duena. Proiektu honek errendimendu handiko aluminiozko nanokonposatuak ekoiztea proposatzen du, metalgintzako ikuspegi berritzaile batekin, ingurumenarekiko errespetuzkoak diren ibilgailuentzako piezak fabrikatzeko.

Lotutako albisteak

Laukariz Ekosistema 21 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Ekintzailetzak, baloreak dituzten enpresak, B-Corps eta gizarte-erakundeak bilduko dira ‘Laukariz Ekongresuan’
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Vascolacek bigarren bizitza ematen dio gatzurari
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Jauregik i-DE enpresaren egoitza nagusia bisitatu du, bertako profesionalei GOIDI Valentziatik igaro ondoren hornidura berrezartzeko emandako laguntza eskertzeko
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Energia Klusterrak aurreikusten du Euskadin 6.000 enplegu baino gehiago sortuko direla 2040an sektore eoliko flotatzailean
Irakurri gehiago
14 Azaroa, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Mikel Jauregi sailburuak ITP Aero bisitatu du, motor aeronautiko efizienteagoen eta jasangarriagoen fabrikazioan nazioarteko liderra den euskal enpresa
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak