Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 3 urria, 2024 Invest in Basque Country Asia eta Ozeania

Taiwango enpresaburuen ordezkaritza Euskadi bisitatzen ari da, bertako teknologia- eta industria-ahalmena ezagutzeko

Mikel Jauregi sailburuak —Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren buru— erakutsi dizkie Taiwango enpresaburuei Euskadik industriaren eta teknologiaren arloetan duen ahalmena eta punta-puntako bertako sektoreak eta enpresak. Enpresa horietako batzuk eta IKERLAN zentro teknologikoa bisitatu dituzte

Taiwango enpresaburuen ordezkaritza bat —Taiwan Global Cherry Friendship Social Foundation fundazioarekin lotura duena— Euskadin bisitan da, finantza-kudeaketaren sektoreko TALDE enpresak gonbidatuta. Bisitaren helburua da Euskadiko teknologia- eta industria-ahalmena zuzenean ezagutzea, etorkizunean inbertsioak egiteko aukera aztertze aldera.

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua izan da Taiwango enpresaburuei Euskadiko industria-, teknologia- eta berrikuntza-ekosistema erakutsi dien Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren buru. Euskal ordezkaritzak mikroelektronikaren eta adimen artifizialaren sektoreetako punta-puntako enpresak ere erakutsi dizkie, eta IKERLAN zentro teknologikoa bisitatu dute, Ion Etxeberria zuzendari nagusiaren eskutik.

Arrasaten kokatuta, IKERLAN zentroa liderra da, duela 50 urtetik, teknologiaren transferentzian eta industriari lehia-balioa ematen. Soluzio integralak garatzen ditu Teknologia Digitalean, Adimen Artifizialean, Sistema Elektroniko Txertatuetan, Zibersegurtasunean, Teknologia Mekatronikoan eta Energiaren esparruan. Mondragon Korporazioan sartuta dagoen kooperatiba da eta 16 zentro teknologikorekin batera BRTA – Basque Research and Technology Alliance itunean biltzen da.

IKERLANen instalazioetara egindako bisitan, Taiwango ordezkaritzak 2022an inauguratu zen DIGILAB laborategia ezagutu ahal izan du, Estatuko lehen laborategi digital multiteknologikoa: 2000 m²-ko espazio horretan, abangoardiako teknologia desberdinak ikertzeko azken belaunaldiko azpiegiturak integratzen dira, hala nola robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, safetya eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa. Era berean, ENERGYLAB espazioa (jasangarritasuna eta energia-efizientzia) eta MECHLAB espazioa (teknologia mekanikoak, robotika, automatizazioa, eta kontrola) bisitatu dituzte.

Asia-Pazifikoa, Euskadirentzat eta Euskadiren Kanpo Sarearentzat interesa duen eskualdea

Euskadiren Kanpo Sareak 22 bulego propio ditu eta guztira mundu osoko 73 herrialderi egiten die zerbitzu —horien artean dago Taiwan—.Asia-Pazifikoa eskualdea interes handikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat, euskal enpresentzako aukera-zona gisa. Taiwan Euskadirentzat gero eta garrantzi handiagoa duen merkataritza-bazkidea da; izan ere, 2022an euskal esportazioen 49. helmuga izan zen eta inportazioen 19. jatorria. Taiwanerako esportazioen erdia baino gehiago ibilgailu automobilak dira (% 55,4), eta ondoren datoz ekipo mekanikoak eta elektrikoak eta tresna optikoak. Guztira Euskal Autonomia Erkidegoko hamar enpresa daude Asiako herrialde horretan ezarrita, eta horietatik erdiak fabrikazio aurreratuaren sektorekoak dira.

Horregatik guztiagatik, azken bi hamarkadetan euskal erakundeen presentzia modu jasangarrian handitu da Asia-Pazifikoa eskualdean. Euskadik ordezkaritzak ireki ditu Txinan (2003), Singapurren (2015), eta Japonian eta Hego Korean (2022). Ordezkaritza horiei 2024an Australian irekiko den bulegoa batuko zaie.

Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, “Taiwango merkatuak aukera interesgarriak ditu Euskadirentzat, batik bat honako lau arlo hauetan: energia berriztagarria, bio-osasunaren industria, automozio, eta kontsumoko elektronika eta erdieroaleak. Oso ekonomia indartsua duen herrialdea da —maila globalean 22. ekonomia da—, eta industria-garapen handia du, barne-produktu gordinaren % 36rekin. Horregatik, konbentzituta gaude herrialde horrekin harremanak estutzea funtsezkoa dela, hango enpresek teknologiaren eta industriaren arloetan Euskadik duen lehen mailako ahalmena ezagut dezaten eta Europan erreferentziatzat har dezaten, balizko inbertsioei begira, baita gure enpresek Taiwan aukera-merkatutzat har dezaten erreferentzia garen industria-sektoreetan, hala nola berriztagarrietan edo automozioan”.

Imanol Pradales Lehendakariak gaur arratsaldean Taiwango ordezkaritzari egingo dion harrerarekin emango zaio amaiera bisitari.

 

Lotutako albisteak

28 Azaroa, 2023 Invest in Basque Country
Pesint: industria-instalazioetako emisioak murrizteko konpromisoa
Irakurri gehiago
17 uztaila, 2023 Azpiegiturak
LemuGroupek etorkizuneko paperaren converting sektorerako makinak egiten ditu Tolosaldean
Irakurri gehiago
24 maiatza, 2023 Invest in Basque Country
SPRI Taldeak topaketa bat antolatu du Euskadin kokatutako atzerriko enpresekin
Irakurri gehiago
10 urtarrila, 2023 Invest in Basque Country
Euskadin kokatutako atzerriko enpresek uste dute fakturazioa handituko dutela 2023an
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2022 Invest in Basque Country
SPRIk laguntza ematen du euskal enpresentzat estrategikoak diren hornitzaileak erakartzeko
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak