SPRI Taldeak, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, euskal ETE-en nazioartekotzea indartu du Enterprise Europe Network-en (EEN) urteroko XVII. Konferentzian. Konferentzia hori Europako ETE-ei laguntzeko tresna nagusietako bat da, nazioarteko berrikuntza- eta lehiakortasun-ahaleginetan. Ekitaldia Madrilen egin da irailaren 30etik urriaren 2ra, eta EENeko Espainiako partzuergoetako bazkideak bildu ditu. Hala, informazioa partekatzeko, jardunbide egokiak lantzeko eta eragileen arteko lankidetza indartzeko gune bat eskaini du.
SPRI sare horretako euskal nodoaren (EEN Basque) koordinatzailea da, eta foroan izan da gainerako kideekin batera: Innobasque, Basque Trade & Investment, BEAZ, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Cámarabilbao, Gipuzkoako Bazkundea eta Arabako Ganbera. Konferentzian zehar, sareko beste bazkide batzuekin eta Europako ordezkariekin batera, batez ere ETE-ei emandako zerbitzuen balantzea egin da, eta arreta berezia jarri zaio enpresen beharrak betetzeko orduan haien lehiakortasuna lortzeko sareak duen balioari.
Ekitaldian, Espainiako EEN sarearen emaitzak aurkeztu dira, eta 2025-2028 aldirako lehentasun estrategikoak zehaztu dira, funtsezkoak baitira ETE-en lehiakortasuna bermatzeko Europan.
SPRIren ordezkari gisa, Trantsizio Estrategikoen Saileko Susana Larrea joan da, eta gai estrategikoei buruzko lan-mahaietan parte hartu du, digitalizazioari eta iraunkortasunari buruzkoetan, besteak beste. Bilera horietan, enpresa-garapenerako euskal agentziaren praktikak eta ezagutzak azaldu ahal izan ditu, euskal enpresei eskaintzen dizkien zerbitzuei dagokienez.
Hala, Larreak Net-Zero Basque Industrial SuperCluster ekimena aipatu du. Haren helburua da Euskadin zero emisio garbietarako bidea bizkortzea, industria-sektoreetan energia-horniduraren deskarbonizazioa eta energia-eraginkortasuna sustatuz, eta teknologia berrien eta zerbitzu berritzaileen eskalatzean oinarritutako merkatu-aukerak sortuz.
SPRIk egindako beste ekimen bat ere aipatu du: deskarbonizaziorako ibilbide-orriak diseinatzea Euskadiko 17 klusterrei lotutako sektore bakoitzerako. Ibilbide-orri horiek klusterretako bazkide diren enpresen CO2 isuriak murrizteko teknologiarik eta neurririk onenak identifikatzen dituzte. Dagoeneko hasi da ekimenaren hurrengo lan fasea, datozen urteetan deskarbonizaziorako bidean enpresei zerbitzu eta laguntza berriak eskaintzen jarraitu ahal izateko.
Gainera, adimen artifiziala, balio-katea, energia-eraginkortasuna eta antzeko gaiak ere jorratu dira. Hala, nabarmendu da EENek duen konpromisoa enpresa txiki eta ertainei erronka teknologiko eta jasangarri horiei aurre egiten laguntzeko. Konferentzian erreferentziazko erakundeek ere parte hartu dute, hala nola Europako Batzordeak, CDTIk eta Berrikuntza Digitaleko Europako Zentroek (EDIH).
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?