Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 9 urria, 2024 Digitalizazioa Zutaz mintzo (gara)

NaturalSpeech, adimen artifizialean oinarritutako ahots-laguntzaile birtualak eskaintzen dituen Gasteizko enpresa

Haien diseinu berritzaileek herritarren eta enpresako telefono-zerbitzuen arteko elkarrizketa irekia ahalbidetzen dute.
Blanca Romero, NaturalSpeecheko zuzendari laguntzailea

NaturalSpeech Gasteizen kokatutako enpresa da, eta 2015az geroztik Cestel Taldearen parte da. Ahots eta testu-laguntzaile birtual naturalizatuak eskaintzen ditu, administrazio, 112 larrialdi zerbitzu eta contact centerretako bestelako zerbitzuentzako bereziki. Haien diseinu berritzaileek herritarren eta enpresaren arteko elkarrizketa irekia ahalbidetzen dute. Haien fakturazioaren erdia I+G arloari bideratua dago. Informazio hau “Zutaz mintzo gara” ekimenaren bidez sortu da. SPRI taldeak Euskadiko enpresei proiektuak plataformaren bidez ezagutarazteko aukera eskaintzen die.

Enpresa 1991an sortu zen enpresari arabar baten ekimenez, ingelesaren irakaskuntzarekin lotuta, hitz egiten duten makinen eskaintzan jarduteko. “Hizkuntza baten ahoskera praktikatzeko zen”. Diziplinarteko talde bat sortu zen, eta ingeniari bat, Javier Izaguirre, eta ni, linguista bat, kontratatu gintuzten” azaltzen du Blanca Romerok, NaturalSpeecheko zuzendari laguntzaileak.

Enpresa “mertzeria bateko denda ostean” hasi zen, eta berehala ohartu zen telefono bidezko elkarrizketen automatizazioan orduan hasi berria zen hizketa-teknologiak aplikatzeren garrantziaz, bereziki finantza- eta administrazio-munduan. “Edozein enpresatako telefono bidezko zerbitzuetan, elkarrizketak errepikatu egiten direnean, eta unean uneko arreta handia eskatzen dutenean, sistema hauek langile kopuru berarekin askoz dei gehiago erantzuteko aukera ematen dute”.

Haien lehenengo zerbitzu handia 1992ko Arabako Errenta-aitorpenaren aurretiko hitzordua izan zen. “Hitzordua hartzeko deiak automatikoki erantzuten zituen aurreneko telefono bidezko sistema jarri genuen. Berezko ahotsa -ez robot-ahotsa- zuen hizketaren sintesi-sistema sortu genuen, eta jendeak zioena ulertzeko gaitasuna zuen; garai hartan ez zen hain erraza”.

Mertzeriatik CEIA enpresa-hazitegira igaro ziren, gaur egun SPRI taldearen BICAraba denera, Gasteizko Euskadiko Parke Teknologikoan. “1994an bi langile izatetik 10 lagun izatera igaro ginen, programatzaile eta linguista egitura mantenduta”. Bartzelonako IAT gisako proiektuei ekin zieten, baita Banco Atlántico, BCH, Open Bank, Santander, DGTren informazio-zerbitzu edota Mapfre gisako erakundeei zerbitzua emateari ere. 1996an egin zuten jauzi atzerrira, Erresuma Batura eta Mexikora.

NaturalSpeechek zenbait zerbitzu eskaintzen ditu: ahots eta testu-bidezko laguntzaile birtualen sorrera, elkarrizketa-analisirako aholkularitza eta transkripzio eta itzulpen automatikoa administrazio publikoentzat. “Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Parlamentua, EITB eta hainbat udaletxerentzat egiten dugu lan”. Haien bezeroak administrazio, 112 larrialdi zerbitzu eta contact center arloetakoak dira nagusiki.

Enpresaren eskaintzak baztertu egiten du telefonoz deitzean askotan herritarrak beren onetik ateratzen dituen (eta denbora gehiegi galarazten dien) aukeren menua. “Hasieratik galdera irekiaren aukera eskaintzen dugu, hitz egiten uzten dizugu; eta esaten digutenaren arabera, galderak egiten ditugu; telefono-agente batek egingo lukeen moduan. Zerbitzu naturalizatua da. Gure makinak beti izan dira apur bat gizatiarrak. Esaterako, Arabako Errentaren aurretiko hitzorduarena egin genuenean, bezeroak “eskerrik asko, andereño” esanez agurtzen ziren”.

Adimen artifizial enpatikoa

Orain, adimen artifizial enpatikoaren kontzeptuan dihardu lanean enpresak; hau da, AA eta LLM ereduek jendeak esandakoa ulertu eta modu irekian erantzuteko aukeraren azterketan.  “Asmoa jendeak makinekin interakzioa izateko duen modua “naturalizatzea” da, teknologia-irizpide berrienak eta hizkuntza-teknologiak batuz; komunikazioak izan behar duen alde humanista eta linguista ahaztu gabe, noski”.

NaturalSpeechek 8 langile ditu, 2015etik Cestel taldearen (garapen teknologiko ugarietan dihardu) barnean; 70 lagunek egiten dute lan bertan. Urteko fakturazioa 600.000 euro ingurukoa da. Haien zerbitzuaren ezaugarriak direla eta, I+G giltzarria da; eta, horregatik, fakturazioaren % 50 ikerketa eta garapenera bideratzen da.

“I+G sail oso aktiboa dugu, eta urtero parte hartzen dugu SPRI Hazitek eta Adimen Artifiziala moduko proiektuetan; eta 2020an, Ekintzaileri ere heldu genion. Vicomtech-ekin lankidetzan aritzen gara, eta Tecnaliarekin elkarlan-proiektuak diseinatzen hasi gara”.

Haien azken proiektu berritzaileetako bat erakuntza-industriari aplikatutako ahots eta irudi-biometria da. “Adimen artifizial biometrikoa erabiltzen dugu langileak lanposturako norberaren babeserako ekipamendua soinean daramala ziurtatzeko, eta gainbegiraleak irudia eta ahotsaren bidez janzkera egiaztatzeko. Orain arte txantiloi batekin egin da, akatsei buruzko oharrak hartzeko. Proiektuak kasko bat izatea ahalbidetuko du, kamara eta mikrofono batekin, eta sistemak falta dena adieraziko du. Horrela, gainbegiraleak langile bakoitzaren berri emango du segurtasunari dagokionez. Gure ohiko esparrutik at dago, baina sektore honetan ere txertatu nahi ditugu teknologia enpatiko horiek”.

EENA (European Emergency Number Association) larrialdi-kudeaketaren Europako agentziarekin ere ikerketa-proiektu batean dabiltza, Europako 112 deietarako zentroetan dei guztiak transkribatzeko gaitasuna ezartzeko. “Herritarraren eta deia erantzuten duen agentearen artean interprete-funtzioa ere barneratzen du. Adibidez, atzerritar batek trafiko-istripua izatean, agentearekin berehala komunikatzeko aukera izan dezan. Interprete baten laguntzaz 10 minutu behar ditu”.

Etorkizunean Euskaditik kanpora bezero gehiago lortzea eta fakturazioa handitzea dituzte erronka. Era berean, “teknologiaren eta gizakiaren arteko interakzio profesionalaren garrantzia gehiago ezagutaraztea da helburua; elkarrizketa-ereduetan AAren aplikazioa hizketa-teknologien iraultza berria da, eta herritarrei erabilera erraztu behar zaie, laguntzatzat har dezaten eta ez mehatxutzat; betiere etika eta konfidentzialtasuna errespetatuta”.

 

 

Lotutako albisteak

3 urria, 2024 Digitalizazioa
Cutting Tools, ebaketa-tresnen salmenta pertsonalizatua eskaintzen duen enpresa donostiarra
Irakurri gehiago
2 urria, 2024 Digitalizazioa
Scott & Irwin, murgiltze esperientziak eta teknologiak publiko eta enpresa guztientzat eskuragarri
Irakurri gehiago
19 iraila, 2024 Digitalizazioa
SMARTPMk eta SubAero Precision Machining-ek elkartze estrategiko bat iragarri dute Indian
Irakurri gehiago
18 iraila, 2024 Azpiegiturak
Mikel Jauregi: “Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago” dira Euskadiren etorkizuneko ongizatearen eta kalitateko enpleguaren oinarriak
Irakurri gehiago
11 iraila, 2024 Digitalizazioa
Barnetegi Teknologikoak: AA Sortzailea, Chat GPT eta Power BI hasieratik amaierara
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak