Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 7 Azaroa, 2024 Berrikuntza

Pepe Barreira, Begoña Castro eta Josean Murori emango dizkiete 2024ko Joxe Mari Korta sariak

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi buru duen epaimahaiak pertsona horien inplikazioa saritu nahi izan du, beren ibilbide profesionalari zein bizitza- eta lanbide-balioei garrantzia emanez.
  • Sariak azaroaren 26an banatuko dira Donostian, Imanol Pradales lehendakaria buru izango duen ekitaldian.
  • Joxe Mari Korta sariak 2000. urtean ezarri ziren, ETAk enpresari gipuzkoarra eta ADEGIko presidentea erail ondoren, eta Eusko Jaurlaritzak enpresa-arloan ematen duen sari gorena dira.

 Eusko Jaurlaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren bitartez, Joxe Mari Korta Sariak ematen dizkie urtero beren bizitza- eta enpresa-ibilbideagatik nabarmentzen diren euskal enpresariei. Aurtengo edizioan —sariak ezarri zirenetik 24.a— honako hauek izango dira sarituak: José Barreira Lorenzo, SEA – Arabako Enpresak elkarteak proposatua; Begoña Castro Feo, CEBEK – Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak aurkeztua; eta José Ángel Muro Zabaleta, ADEGI – Gipuzkoako Enpresen Elkarteak aurkeztua.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi buru duen epaimahaiak nabarmendu nahi izan du saritutako pertsonen inplikazioa “beren jarduera profesionala garatu duten enpresa-sektoreetan, baita enpresa-balioen garapenean, enpresen sorkuntzan, jarduera eta lanpostu berrien sorreran duten garrantzia ere”.

Sari hauek ETAk 2000. urteko abuztuan erail zuen enpresari eta ADEGIko presidente Joxe Mari Kortaren izena daramate. Euskal ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsioen eta lanaren bidez enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen dohainak eta ahalegina publikoki aitortzeko ezarri ziren, elementu horiek gizarte osoaren onurarako baitira. Enpresen errotzea eta industria-sarearen hobetzea sustatzen duten pertsonak ere aintzatesten dituzte. 24. edizioan, sari hauek Eusko Jaurlaritzak enpresa arloan ematen duen sari gorena dira, eta azaroaren 26an Donostian egingo den eta Imanol Pradales lehendakaria buru izango duen ekitaldi batean banatuko dira.

Hautagaiak hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritza-erakundeek edo profesionalen elkargoek proposa ditzakete, bai eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

Pepe Barreira Lorenzo

José “Pepe” Barreira Lorenzok, bere izaera abenturazalea, bere esfortzua eta bere kemena ez den beste prestakuntzarik gabe, ibilbide profesional geldiezina osatzea lortu du. Haurtzaroan familiako artaldearekin ardi-artzain lana egiten hasi zen. 17 urterekin, Alemaniara emigratu zuen, eta peoi gisa aritu zen eraikuntzan eta lantegi batean. Itzuli zenean, Gasteizen finkatu zen, eta bertan, aldi berean, ostalaritzan eta garraioan aritu zen; ondoren, hainbat enpresa-ekimenen buru izan zen.

Gaur egun, kargu exekutiboak eta ordezkaritza-karguak ditu ostalaritzako eta jatetxeetako hainbat enpresatan, hala nola Gran Hotel Lakuan, Hotel Ruta de Europan, Gojain jatetxean eta Aurora Etxea erretegian; garraio- eta logistika-sektore integraleko hainbat enpresatan (Transportes Hombre Barreira, Tecnoaranda Logistic, Trailoba, Tubacex Logistic eta Grupo Saavedra); eta enpresa berritzaile eta teknologikoetan (Tecnoaranda, Haizea Wind Group eta Herdit).

Azken urteotan, bere ibilbide profesionala bermatzen duten hainbat sari jaso ditu, hala nola, enpresari gisa egindako ibilbide profesional osoa aitortzen duen Arabako Enpresari Gazteen Elkarteak (AJEBASK) emandako 2018ko Saria, Araba Emprende-k emandako 2018ko Ekintzaile Handien Saria eta ATAk (Langile Autonomoen Elkarteak) emandako 2013ko Urteko Langile Autonomoaren Saria.

Begoña Castro Feo

Begoña Castro Feo Biologia Zientzietan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Histocell enpresaren bazkide fundatzailea 2004. urtean; enpresa, gaur egun, Medikuntza Birsortzailean nazioarteko erreferente da. Zuzendari zientifiko postua betetzen du, eta konpainiaren egungo produktuak —zelula-terapiako sendagaiak eta zauriak orbaintzera eta larruazala lehengoratzera bideratutako osasun-produktuen lerroa— sortu dituzten ikerketa-ildoen garapena zuzendu du.

Begoña Castroren helburu nagusia izan da Histocellen garatutako teknologiak, ebatzi gabeko behar medikoetara bideratuak, benetan pazientearengana iristea. Hori dela eta, hainbat teknologia aplikatu dira jada bizkarrezur-muineko lesio akutua, arnas-distres akutua edo zauriak eta orbaintze zaileko ultzerak dituzten pazienteetan.

Euskal Herriko “Emprendedor XXI” sariaren irabazlea eta Nazio-mailan finalista 2009an. CIBER-BBNko (Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntza Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroa) Batzorde Zientifiko Aholkulariko kidea 2012tik, eta NANBIOSIS azpiegitura zientifiko tekniko berezikoa (ICTS) —abangoardiako soluzio biomedikoak eskaintzen ditu 2016tik—.

José Ángel Muro Zabaleta

José Ángel “Josean” Muro Zabaleta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta 1988tik Ikaztegietako Ezarri enpresan bertan garatu zuen bere lehen sei urteko ibilbide profesionala, esportazio-arduradun gisa. 1994an proiektu batean sartu zen. Proiektua, hasieratik, esportatzeko asmoarekin sortu zen; izan ere, Ezarri erreferentzia da 80ko hamarkadatik Frantziako merkatuan. Ordutik aurrera, Europako, Ekialde Ertaineko, Afrika Iparraldeko eta Latinoamerikako beste herrialde askok jarraitu dute, mosaikoen fabrikazioan erreferente bihurtu arte nazioartean.

XXI. mendearen hasierak Ezarri enpresaren instalazio produktibo guztiak berritzea ekarri zuen; I+G+b eta diseinu sailak sortu ziren, baita biltegi automatikoa ere. Hori enpresarentzat funtsezko inbertsioa izan da stock-eko erreferentzien % 95 izateko eta bezeroei premium zerbitzua emateko.

2020an, eta gure enpresak errotzeko prozesu eredugarri batean, Ezarri INZU Group taldearen parte izatera igaro zen. INZU Group nazioartean izen handiko industria-taldea da, eta hainbat sektore barne hartzen dituzten konpainia oso espezializatuek osatzen dute. Bere enpresa-ibilbidean, Josean Muro inor gutxi bezala egon da inplikatuta, besteak beste, ADEGIren edo Elkargiren gobernu-organoetan. Azpimarratzekoa da haren kemena eta lurraldearekiko konpromisoa, baita enpresa nazioartean erreferentzia bihurtu duten balioen definizioan eta haiekiko fideltasunean izan duen protagonismoa ere.

 

Lotutako albisteak

19 Azaroa, 2024 Berrikuntza
SPRI, Budapesten egiten ari den SME Assembly 2024an parte hartzen ari da
Irakurri gehiago
18 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Solve Wind itsas eolikarako gabarra garatzen ari da
Irakurri gehiago
11 Azaroa, 2024 Berrikuntza
‘ekinBarri 2024’ enpresa-topaketak Bizkaiko enpresa-garapenaren eta lehiakortasunaren erdigunean jarriko ditu pertsonak
Irakurri gehiago
8 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Euskadiko ITS Batzarraren 15. edizioa jasoko du Bilbok, mugikortasunari buruzko enpresen urteroko hitzordua
Irakurri gehiago
Arrosi Papeles crepados 4 Azaroa, 2024 Berrikuntza
Arrosik Krepe-Paperean Berrikuntza sustatzen du, Industria- Sektoreetarako soluzio espezializatuak eskainiz
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak