Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 21 Azaroa, 2024 Euskara industrian Indeusberri

Urteko azken batzarra egin du INDEUSek gaur Gasteizen KIMUA GROUP, EUSKALIT, LABORAL KUTXA eta LANGUNEri ongietorria emanaz

Gasteizen kokatutako Hibridalaben egoitzan bildu dira Industriaren Euskal Plataformako kideak, Arabako Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Diputatua eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordea bertan izan direla.

Bostgarren urteurreneko azken batzarra egin du gaur INDEUS Industriaren Euskal Plataformak Gasteizen, Hibridalaben egoitzan, eta ospakizunari amaiera borobila emateko Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren diputatua, Saray Zarate  eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Aitor Aldasoro bertaratu dira INDEUSkideak agurtu eta plataformak egiten duen lana bertatik bertara ezagutzeko.

Gaurko topaketan ongietorria eman diote KIMUA Group enpresari eta Lizartzan kokatutako konpainia plataformako 40.enpresa bihurtu da. Ongietorria eman diete baita Languneri, LABORAL Kutxari eta Euskalit erakundeari ere, INDEUSen Lankidetza Sareko kide egin direlako.

INDEUS Industriaren Euskal Plataforma Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek bultzatzen duten ekimena da.

Azkenengo urteetan INDEUS Plataformaren baitan landutako gairik garrantzitsuenek hartu dute bileraren protagonismoa. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Industria Segurtasuneko zuzendaritzarekin lankidetzan, derrigorrezko ikuskaritzak euskaraz egiteko aukera bermatzeko irekitako bidea. Beste alde batetik, CRM edo bezeroekiko harremanak kudeatzeko sistemak egiten dituzten enpresek euren produktuetan euskara hizkuntza estandar bezala txertatzea eskatzeko emandako pausuak azaldu ditu EJIEk.

Horrekin batera, praktika onen atalean, CAF konpainiako ordezkariak Beasaingo lantegian abiarazitako praktika ona zertan datzan azaldu du. Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ITZULINGURU egitasmoaren ondorioak ere aurkeztu dira; eta amaitzeko, hizkuntza-teknologiei buruzko tailer bat egin da, Vicomtech, Trebe Languages Technology eta Elhuyarren eskutik.

Zer da INDEUS?

INDEUS Industriaren Euskal Plataforma Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek bultzatzen duten ekimena da. Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Eta ibilbide honetan, INDEUSek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izango delakoan.

Indeus Elkarrizketak

Duela 2 urte sortu zen Indeus Elkarrizketak ekimena, INDEUSkide diren enpresak eta hizkuntzarekiko euren atxikimendua ezagutzera emateko helburuarekin. 2022an egin eta argitaratutako 20 elkarrizketei beste bederatzi gehitu zaizkie aurten, irailean hasi eta azaroaren 14 bitartean argitaratu diren solasaldiekin: CAF, CEIT, EKIN, FAGOR Taldea, GISLAN, I+MED, LARRAIOZ Taldea, METAPOSTA eta SOZIOLINGUISTIKA Klusterra.

Elkarrizketa guztien jatorrizko hizkuntza euskara da, baina gaztelaniazko eta ingelesezko azpitituluak ere txertatu dizkiete, beste herrialde eta hizkuntza batzuetara hedatu ahal izateko.

Katalogoa

Enpresa industrialentzako produktuak eta zerbitzuak euskaraz emateko gai diren eta horrela egiten duten enpresei eskainitako atala ireki du INDEUSen web guneak, hain zuzen ere, zerbitzua edo produktua euskaraz eskaintzen duen hornitzaileren baten bila dabilen enpresari bilaketa errazteko. Arlo desberdinetako 16 enpresa daude oraingoz, atal horretan.

Industria Berriaren Spri Hiztegia

SPRI Hiztegia industria-sektorearen alderdirik aurreratuenari dagokion hiztegi espezializatua da. Sektore hori etengabe ari da kontzeptu berriak sortzen eta zaharrak eguneratzen. Horregatik, ezinbestekoa da berrikuntza horiei guztiei jarraipena egitea eta hala kontzeptuen edukia nola kontzeptu horiek izendatzeko terminoak ondo finkatzea eta baliabide batean biltzea eta argitaratzea. Hiztegi honek SPRI Taldean erabiltzen dugun dokumentazioa du oinarri; horregatik, esan daiteke erabileran oinarritutako hiztegia dela.

SPRI Hiztegiak 1.083 kontzeptu ditu, eta kontzeptu guztiek euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ordainak dituzte; guztira, 4.341 termino. Hiztegian bilaketa bat egin nahi dugunean, hiru hizkuntza horietako edozeinetatik abia gaitezke.

Partaideak

40 dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen ari diren enpresak, zentroak eta elkarteak: AMPO, BASQUE AUTOMATION, BATZ, BIELE GROUP, BRTA, CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBATGROUP, EGA MASTER, EGA SOLUTIONS, EGOIN, EIKA, EKIN, ELAY, ENERGIA KLUSTERRA, ESLE ELKARTEA, EUSKADIKO ITSAS KLUSTERRA, FAGOR, GAIA KLUSTERRA, GISLAN, GKN, GOIZPER, IKERLAN, I+MED, INNOBASQUE, KIMUA GROUP, LARRAIOZ TALDEA, LEYCOLAN, MAIER, METAPOSTA, OREKA IT, ORKLI, ORONA, PETRONOR, SISTEPLANT, TECNALIA, ULMA, VICOMTECH.

Lankidetza Sareak lau kide ditu: SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA, EUSKALIT, LABORAL KUTXA, LANGUNE

Erakunde publikoak, azkenik, sei: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Spri-Enpresen Garapenerako Agentzia, Energiaren Euskal Erakundea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Lotutako albisteak

13 abendua, 2024 Euskara industrian
IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea
Irakurri gehiago
5 abendua, 2024 Euskara industrian
IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea
Irakurri gehiago
29 Azaroa, 2024 Euskara industrian
IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea
Irakurri gehiago
22 Azaroa, 2024 Euskara industrian
IndeusBerri: industria eta euskara uztartzen dituen informazioaren topagunea
Irakurri gehiago
19 Azaroa, 2024 Euskara industrian
‘Hizkuntzen irabazia’ kongresuak hizkuntza gutxituek ekonomiari egiten dioten ekarpenari buruz hitz egingo du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak