Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak (Deusto Fundazioa) Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2024ko Txostena aurkeztu du. “Inklusioa, lehiakortasunaren eta ongizatearen motorra” izeneko txostenak, SPRI Taldearen laguntzarekin egindakoak, lehiakortasun inklusiboa sustatzeko beharra nabarmentzen du, ongizatea sortzeko. Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu lehiakortasuna eraikitzeko prozesuetan, orduan eta integratzaileagoa izango da lehiakortasun horren ondorio den ongizatea. Horregatik, egileek aniztasunak sortzen dituen aukerak aprobetxatzeko deia egiten dute, helburu bikoitz hori lortzeko. Ildo horretatik, Txostenak hiru ezaugarri demografiko aztertzen ditu: herritarren generoa, adina eta jatorria.
Orkestraren arabera, biztanleria zahartuaren eta, jatorriari dagokionez, askoz ere anitzagoaren konbinazioak ondorio garrantzitsuak ditu gure lurraldearen lehiakortasunean. “Herritar guztiek lehiakortasun prozesuetan parte hartzea sustatzea funtsezkoa da jarduera tasak handitzeko eta enpresetan belaunaldi erreleboa ziurtatzeko, baita sektore estrategikoetan talentu beharrari aurre egiteko ere”, ziurtatu du Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak txostenaren aurkezpenean.
Enpresetan aniztasuna kudeatzeaz eta gidatzeaz ere hitz egin da topaketan, aniztasun horrek berrikuntza, nazioartekotzea eta erakundearen jarduna hobetzeko duen potentziala aprobetxatu behar baita. Zehazki, alderdi hori Mercedes Oleaga Orkestrako teknikari seniorrak moderatu duen mahai inguruan landu da. Bertan parte hartu dute Beatriz Gonzalez Betsaideko zuzendari nagusi eta ASLEko presidenteak; Cristina Oyón SRPIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun zuzendariak; Julia Shershneva Ikuspegiko zuzendariak; eta Iratxe Uriarte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko zuzendariak.
Txostenaren ondorioak
Txostenaren ondorio nagusia da ez garela aprobetxatzen ari Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guztien parte hartzea edo gaitasunak, bereziki, emakumeenak eta atzerritar jatorriko pertsonenak. Eta horrek oztopatu egiten du lurraldearen gizarte aurrerapena eta ekonomia garapena.
James Wilson Orkestrako ikerketa zuzendariak azaldu duenez, emakumeen kasuan zaintza lanen banaketa oztopo bat da: “Emakume landunek egunean ia 5 ordu ematen dituzte seme-alaba adingabeak zaintzeko jardueretan eta gizonek, ordea, egunean 3 ordu eta erdi inguru. Antzeko zerbait gertatzen da adinekoen zaintzarekin ere”.
Bestalde, atzerrian jaiotako pertsonei dagokienez, lan egiteko adinean dauden pertsonen % 17 dira eta EAEko biztanleriaren piramidearen erdi-erdian daude. Txostenaren arabera, oinarrizko lanbideetan aritzen dira, eta bertako jatorriko pertsonekin alderatuta, % 34,3ko soldata arrakala ikusten da. Wilsonek adierazi du beharrezkoa dela pertsona horiek “prestakuntza sisteman ere integratzea, enpresen beharrekin bat etorriz”.
Susana Franco Orkestrako ikertzaile seniorrak azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak ongizate orokorreko maila handia du, baina zenbait alderdik arreta berezia eskatzen dute, benetako ongizate inklusiboa lortzeko: “Gazteei dagokienez, soldata arrakala % 27,9koa da 25-34 urtekoen eta 55 urte eta gehiagokoen artean. Emaitza horiek eragina dute etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunetan. Hala, 2023an Euskal Autonomia Erkidegoan antzemandako etxebizitza premien % 83 emantzipatu gabeko 18 eta 44 urte arteko pertsonenak ziren; pertsona horiek lehen etxebizitza eskuratu nahian dabiltza.
Egoera horri erantzuteko, Orkestrak pertsonei lan merkatuan sartzea ahalbidetuko dieten mekanismoak abian jartzea proposatzen du, esate baterako, trebakuntza programak; atzerrian eskuratutako tituluak homologatzeko prozesuak bizkortzea, migratzaileei kualifikazio handiagoko enpleguetarako sarbidea errazteko; eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea.
Ildo horretatik, Orkestrako presidenteak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona guzti-guztien gaitasunak aprobetxatzeko deia egin du. “Aniztasunaren kudeaketa estrategikoa egiteak, adin, genero eta jatorri guztietako pertsonen gaitasunak garatzea eta pertsona horien parte hartzea erraztuko duten ekimenak bultzatuz, eragin positiboa izango du berrikuntzan, produktibitatean eta lehiakortasunean”, adierazi du Ivan Martének.
Adierazleen panel berria, denbora errealean eguneratua
Txostenak emaitzen ohiko diagnostikoa ere egiten du. Horren arabera, ekonomiaren eta ongizatearen bilakaera positiboa izan da, baina erronka batzuk ere badira, jasangarritasunerako trantsizioan:
Dimentsio horien guztien bilakaera Orkestraren Lehiakortasun Behatokiko adierazleen panel berrian dago eskuragarri eta, gainera, denbora errealean eguneratzen da
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?