Deskarbonizazioaren arloko Europako araudi gero eta zabalagoaren eskakizunetara egokitzeko beharra izan da ‘Deskarbonizazioaren inplikazio estrategikoak Euskadiko industria-enpresentzat’ jardunaldiaren ardatza. Jardunaldi hori Bilbon antolatu zuen azaroaren 27an Kimikako Enpresen Euskal Elkarteak (AVEQ-KIMIKA).
Zehazki, Europako “tsunami normatiboa” deigarria izan zen deskarbonizazioaren arloan, eta parte-hartzaileek ohartarazi zutenez, “eskakizunetara egokitzen ez diren enpresek zuzeneko eta zeharkako kostuetan igoera nabarmenak izango dituzte, nazioarteko merkatuetan lehiakortasuna galduko dute eta ekonomia jasangarriagoetarako sarbidea zailduko duten oztopo gehigarrien eraginpean egongo dira”.
AVEQ-KIMIKAko presidente Ángela Fernándezek, bere aldetik, nabarmendu zuen prozesu hori ez dela “administrazio-izapide gehigarri” gisa ikusi behar, baizik eta “epe luzerako plangintza eskatzen duen erronka estrategiko gisa, enpresa eta jarduera bakoitzaren ezaugarrietara egokitua”. Izan ere, Fernandezek Europako industria kimikoak klima-aldaketaren aurkako borrokan egindako ahaleginak azpimarratu zituen, “mundu mailan beste ezein eragilek ez baitu emaitza hoberik lortu bere karbono-aztarna murriztean”.
Sektoreko adituek eta ordezkariek jardunaldian parte hartu zuten horren berri emateko. Aurkeztutako ekimenetako bat Net-Zero Basque Industrial Super Cluster (NZBISC) izan zen, Eusko Jaurlaritzak gidatua SPRI Taldearen bitartez, Euskadiko bi energia-enpresa nagusiekin lankidetzan (Iberdrola eta Petronor) eta 16 kluster industrialen laguntzarekin. Euskal industriako emisio garbietarako trantsizioa bizkortu nahi du, energia-kontsumoaren deskarbonizazioa eta energia-eraginkortasuna bultzatuz, eta, aldi berean, garapen teknologikoan eta berrikuntzan oinarritutako merkatu-aukerak sortuz.
SPRI Taldeko Ekimen Estrategikoen arduradun Ainara Ratonek nabarmendu zuen NZBISCk 252 milioi euro baino gehiago mobilizatu dituela jada I+G proiektuetan, eta hidrogeno berdea eta elektrifikazioa bezalako teknologiak sustatzen dituela. Bere ustez, deskarbonizazioaren bidean ikuspegi “orekatua” egon behar da iraunkortasunaren eta garapen teknologikoaren artean. “Bi proposamenen artean kulunkatu behar da lehiakorrak izaten jarraitzeko eta prozesuan industria ez kargatzeko”, adierazi zuen.
Beste hitzaldietako bat Asier Maiztegi Tecnaliako Estrategia zuzendariaren eskutik izan zen. “Energia-kontsumoa optimizatzeko eta industria-sektore intentsiboetako emisioak murrizteko funtsezkoak diren” teknologia berritzaileak erabiltzeari buruz aritu zen. Horien artean nabarmentzekoak dira tenperatura altuko bero-ponpak, hondar-beroa berreskuratzeko sistemak eta ordezko erregaiak, bai eta adimen artifizialaren eta eredu digitalen erabilera ere, industria-prozesuen eraginkortasuna hobetzeko.
Jardunaldian arrakasta kasuak ere aurkeztu ziren. Horien artean, Lantarongo Acidekaren uren tratamendurako produktuen instalazioko deskarbonizazio-proiektua, bere CO2 isuriak % 52 murriztea lortu duena (hau da, urtean 1.277 tona), Sener eta NetOn Power enpresen lankidetzari esker. Horretarako, beren prozesuetan sortutako hidrogenoaz, energia berriztagarrien inplementazioaz eta beren sistemen optimizazioaz baliatu dira. Autokontsumorako instalazio fotovoltaiko batetik datorren jatorri berriztagarriko elektrizitatea erabili da, ekoizpen-zentrotik gertu dagoena, eta energia termikoa gatz urtuen bidez biltegiratzeko gaitasuna duen sistema bat, instalazio fotovoltaikoaren ekoizpen osoa xurgatzeko eta sarera isurtzea ezabatzeko aukera ematen duena.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?