Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, Mikel Jauregik, azaldu duenez zerrendan txertatutako teknologia eta materialak erosten dituzten enpresek Sozietateen gaineko Zergatik egindako inbertsio-kostuaren %30 kendu ahal izango dute.
Teknologia Garbien Euskal Zerrenda eguneratzeko eta onartzeko agindua Ihobe, Spri eta EEE erakunde publikoen artean garatu da, euskal ogasun eta Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoarekin elkarlanean.
Finantza-erakundeak, teknologia-hornitzaileak, zerga-aholkularitzak, enpresa-elkarteak eta enpresak barnebiltzen ditu aginduak. Erakundeen arteko lankidetzak helburu du trantsizio berderako bidea bizkortzea, ahalik eta modurik eraginkorrenean enpresentzat.
Teknologia garbien zerrenda berriak industria berria sortzeko palanka izan nahi du, gure enpresak lehiakorragoak izan daitezen, deskarbonizazioaren aldeko apustuan, 2050erako klima-neutraltasuna helburu gisa ezarrita.
Eguneratu den zerrendan teknologia berriak txertatu dira, bereziki hidrogeno berdea bultzatzeko bost teknologia, guztira 64.Horien artean daude energia berriztagarrien 11 teknologia, ekonomia zirkularraren 19 eta zero kutsaduraren 29.