Smartlog konpainiak Urretxun eraikiko duen berrikuntza- eta talentu-zentroak aste honetan jaso du obrak egiteko udal-lizentziarako oniritzia. Horrela, enpresak aurreikusten du datozen hilabeteetan hastea Urretxu automatizazio logistikoko ikerkuntzaren eta prestakuntzaren arloko nazioarteko erreferente bihurtuko duen zentroa eraikitzeko lanekin.
Hala jakinarazi dute Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Xabi Zubizarreta Smartlog Groupeko zuzendari nagusiak enpresara egindako bisitan. Enpresan garatzen ari diren berrikuntza-proiektuak ezagutu ahal izan dituzte —Smartlog Nest berrikuntza- eta talentu-zentroa da horien adierazle nagusia—.Haiekin batera izan dira Txaber Ouro Sprilur sozietate publikoko zuzendari nagusia eta Asier Barberena Smartlog konpainiako Berrikuntza eta Teknologiako zuzendaria.
Smartlog enpresak eraikiko duen berrikuntza- eta talentu-zentroa kokatuko da 2006an jarduerari utzi zion Sarralde enpresaren 9.874 metro karratuko industria-erabilerako partzela batean. Lursail horiek Urola Garaiko herri horretako Udalak erosi zituen 2008an. Lurzoruak eta hondakinak saneatu, garbitu eta kudeatzeko lan handiak egin ondoren, Sprilur Eusko Jaurlaritzaren industria-lurzorua kudeatzeko sozietate publikoak partzela erosi zuen 2020an, eta lan handia egin du lehendik dauden eraikinak eraisteko —erortzeko arriskuan zeuden eta kontserbatzea ezinezkoa zen—.Horrez gain, Sarralde leheneratzeko proiektuak ingurumen-neurri handiak eskatu ditu, eta, ildo horretan, Sprilurrek hondakinak kendu eta material kutsagarriak kudeatu ditu.
Hondakinak kudeatzeko eta kentzeko lanak amaitu ondoren, 2024an, Smartlog ingeniaritza-enpresak Urretxun beste proiektu bat instalatzeko interesa agertu zuen, eta, horretarako, aipatutako lursailak erosi zituen. Obrak egiteko udal-lizentzia jaso ondoren, enpresak espero du datozen hilabeteetan hastea zentro berriaren obrekin.
Smartlog konpainia enpresen barne-logistikako prozesuak optimizatu eta automatizatzeko soluzioak eta zerbitzuak eskaintzen dituen ingeniaritza-sektoreko enpresa da, eta mundu osoko 15 herrialde baino gehiagotan garatzen ari diren proiektuetan parte hartzen du. 180 langile ditu bere lantaldean eta azken 8 urteotan, urtez urte bi digituz biderkatu du fakturazioa. Smartlog Nest zentro berriaren eraikuntzan 12 milioi euro inbertitzea aurreikusten du, “enpresak eta talentua, oro har, erakartzeko polo” hori abian jartze aldera. Eraikin berriak hiru solairu eta 6.000 metro karratu izango ditu I+Garen eta prestakuntzaren zerbitzura, eta inpaktu positiboa izango du ingurunean: hazkunde ekonomikoari lagunduko dio, teknologia aurreratuen bidez; sektore teknologikoko enpresak eta talentua erakarriko du; komunitate berritzaile eta ekintzailea garatuko du; eta enplegu kualifikatua sortuko du.
Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordeak baloratu duenez, “gaur behin betiko jarriko da abian Urretxurekin eta Gipuzkoako Urola Garaiko eskualdearekin konprometituta dagoen industria-proiektu bat, eskualdean berrikuntza, aberastasuna eta lanpostuak sortzen lagunduko duena. Nabarmendu nahi dut Urretxuko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, lan handia egin dugula elkarrekin, Sarraldeko esparruko lursailak berreskuratu eta leheneratzeko. Eta horri lankidetza publiko-pribatua gehitu behar zaio; erakunde publikoak industria-lurzorua kudeatzeaz eta leheneratzeaz arduratu dira, eta Smartlog enpresak 12 milioi euroko inbertsioa egin du. Biak eskutik elkarlanean aritu gara zentro berri horren sorreran, Gipuzkoarako eta Euskadirako industria gehiago eta hobea ekar dezan”.
Bestalde, Jon Luqui Urretxuko alkateak adierazi duenez, “Smarlog Nest zentroaren obrak hastearekin, eta ingurune horretan bertan Telleria Tailer Mekanikoen pabilioiak ezartzearekin, Urretxuko Udalak gure herrira industria eta industriarako laguntza-zerbitzu aurreratuak itzultzearen alde egindako apustua gauzatzen da. Eremu hori suspertzeak eragin handia izango du gure herriaren ekonomian, ingurumenean, gizartean, hezkuntzan, enpleguan eta estetikan, baita herri gisa dugun autoestimuan ere. Esker oneko hitzak baino ez ditut ingurune hau leheneratzeko prozesuan parte hartzen ari diren erakundeentzat, eta, jakina, bertako udal-teknikarientzat eta -langileentzat, erronkak eskatzen duen mailan egon baitira”.
“Uste osoa dugu zentro horrek eskualdeko garapen ekonomikorako motor gisa jardungo duela, eta inbertsioak erakarri, enplegu kualifikatua sortu eta ekosistema ekintzaile dinamikoa sustatuko duela”, eman du aditzera Xabier Zubizarreta, Smartlog Group konpainiako zuzendari nagusiak. “Lorpen handia da Smartlog enpresarentzat, baita tokiko industriarentzat, Urretxurentzat, Urola Garaiko eskualdearentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadi osoarentzat ere. Nest etorkizuneko logistikaren aldeko apustua da, 5.0 logistikaren aldeko apustua hain zuzen. Ikerketa, garapen teknologikoa, berrikuntza eta talentua uztartzen dituen espazioa da; ahaleginen eta sormenaren batura. Erreferente global gisa sortzen da, pertsonak erdigunean jartzen dituen eragiketa logistiko efiziente, jasangarri eta erresiliente baterantz urratsak egiten jarraitzera begira”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?