Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 31 urtarrila, 2025 Arrisku-kapitaleko funtsak Finantziazioa Financiación e inversiones

BASQUEFIK: “Gure helburua Euskadiko finantza eta inbertsio ekosistema eraldatzea eta enpresa sarearen premiekin konektatzea da”

Lexuri Elorriaga Lekue, BASQUEFIKeko zuzendari nagusiak, elkarrizketa honetan klusterraren eta, azken urteetan eraldaketa handia jasaten ari den, finantza sektorearen oraina eta etorkizuna aztertzen ditu.

Euskadiko Finantza eta Inbertsio Klusterrak 50 bazkide baino gehiago lortu ditu hilabete batzuetako ibilbidean. Zure ustez, zergatik izan du horrelako arrakasta?

Gure finantzen eta inbertsioen ekosistema bereizten duten faktore giltzarrien konbinazioa islatzen du hazkunde azkar honek. Lehenik eta behin, zalantzarik gabe, lurraldearekiko konpromisoa dago. Etorkizuneko ekonomian Euskadiren presentzia ziurtatze aldera elkarrekin lan egiteko ikuspegi partekatua.

Era berean, eskualdearen tradizio enpresarial eta inbertitzaile sendoa dago arrakastaren oinarrian. Izan ere, finantza-sektorearen eta industria-ehunaren arteko konfiantza-harreman historikoak elkarlanerako oinarri paregabea sortu du. Gainera, Euskadik, duen tamainari esker, eskuragarritasuna eta erabakiak hartzeko azkartasuna errazten dituen ekosistema du. Hala, eragile giltzarrien (publikoak zein pribatuak) arteko interakzioa hurbilagoa eta eraginkorragoa da.

Azkenik, BASQUEFIKek apustu argia egiten du elkarlanaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta talentua eta inbertsioa erakartzearen alde. Nire ustez, apustu hori bat etorri da gure bazkideen aspirazioekin; helburu bera partekatzen dugu.

 

Zer funtzio izango du klusterrak Euskadiko finantza- eta inbertsio-ekosistemaren barruan?

Euskal ekonomiako finantza- eta inbertsio-ekosistema eraldatzea eta enpresa-ehunaren beharrekin bat etortzea da gure helburua. Hala, erabakiguneak mantendu eta erakarri nahi ditugu, eta lurraldearen lehiakortasuna eta ongizatea handituko dituen ekonomia jasangarriagoa sortu nahi dugu.

Euskadik, historikoki, tradizio finantzario eta enpresarial sendoa izan du, honakoei esker: kontzertu ekonomikoa, kultura finantzario sendoa eta sektore propio, profesional eta kaudimenduna. Orain beste pauso bat eman nahi dugu, Euskadi inbertsioa eta talentua erakartzeko erreferente bilakatuz, eta finantza- eta inbertsio-ekosistemaren eta tokiko ehun ekonomikoaren arteko lotura dinamizatuz.

Erronkak aukera bihurtzea da gure xedea, eta Euskadiren aurrerapen ekonomiko eta sozialerako palanka izango den finantza- eta inbertsio-sektorea sendotzea.

BASQUEFIKek Euskadiri balioa emango diola uste dugu, lagungarria izango delako lurraldearen garapen ekonomikoa bultzatzeko, inbertsio estrategikoa erakartzeko, berrikuntza eta talentua sustatzeko, eta lankidetza publiko-pribatua dinamizatzeko.

 

Zein dira klusterrak datozen urteetarako dituen helburu estrategiko nagusiak?

Orokorrean, finantza-eta inbertsio-sektorearen lehiakortasuna hobetzeko lan egiten dugula esan dezakegu. Horretarako, aintzat hartzen ditugu Euskadiko enpresa-ehunaren beharrak, erabakiguneak mantentzeko eta erakartzeko, eta tokiko ekonomia indartzen laguntzeko.

Gure lehenengo hausnarketa estrategikoan barneratuta gauden arren, gure bide-orria markatuko duten hainbat jarduera-ildo handi identifikatu ditugu:

  • Inbertsioa erakartzea: tokiko, Estatuko eta nazioarteko inbertitzaileentzako norako erakargarri gisa posizionatu nahi dugu Euskadi.
  • Finantza- eta inbertsio-talentua: sektorea handitzen eta eraldatzen lagun dezaketen profil adituak sustatzea, erakartzea eta fidelizatzea.
  • Hezkuntza eta kultura finantzarioa: maila guztietan ezagutza finantzarioa sustatzea, sektorearen ospea indartuz.
  • Eraldaketa digitala eta jasangarritasuna: finantza-sektorearen digitalizazioa bultzatzea eta eredu jasangarriagoetarako trantsizioa bermatzea, ingurumenari dagokionez zein sozialki.
  • Proiektu estrategikoak: finantza- eta inbertsio-ekosistema ehun ekonomikoarekin lotuko duten egitasmoak sustatzea, lehiakortasuna indartuko duten sinergiak sortuz.
  • Berrikuntza finantzarioa eta ekintzailetasuna: Euskadi berrikuntza finantzarioaren abangoardian kokatuko duten ideia berrien, startupen eta soluzio berritzaileen garapena babestea.

 

Zer eragile mota dira kluster honen parte eta zer funtzio izango dute elkartearen barruan?

Hainbat motatako eragile publikoek zein pribatuek osatzen dute BASQUEFIK klusterra: finantza-erakundeak, family offices, zentro teknologikoak, unibertsitateak, aholkularitza teknologikoak, aholkulariak eta erakunde publikoak. Kideen konbinazio horri esker, ikuspegi integrala eta osagarria dugu finantza-sektorearen erronkei aurre egiteko.

Eragile horietako bakoitzak funtsezko funtzioa du elkartearen barruan. Finantza- eta inbertsio-instituzioek sektorearen ezagutza handia eskaintzen dute, eta eraldaketa bultzatzeko giltzarria den esperientzia. Erakunde publikoek (SPRI Taldeak —Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatearen bidez— eta Finantzen Euskal Institutuak ordezkatzen dituzte) ikuspegi estrategikoa eskaintzen dute, eta klusterraren helburuak politika publikoekin eta Euskadiko garapen ekonomikoarekin lerrokatuta egotea ziurtatzen dute. Gainera, zentro teknologikoek, unibertsitateek, aholkulariek eta kontseilariek euren berrikuntza-gaitasuna eta espezializazio teknikoa eskaintzen dituzte.

Badakigu egungo testuinguruak erronka konplexuak eragiten dituela, eta, ondorioz, eragile ekonomikoen arteko koordinazio eraginkorragoa behar dela. Bazkideen konpromisoa eta parte-hartze aktiboa, zalantzarik gabe, ezinbestekoak dira aurrera egiteko eta klusterraren helburuak betetzeko.

 

Gaur egun, zein dira Euskadiko finantza- eta inbertsio-ekosistemak aurrean dituen erronka handienak?

Ezagutu ditudan beste ingurune batzuekin alderatuta, Euskadiko finantza- eta inbertsio-ekosistemak hainbat erronka ditu. Nagusienetako bat lurraldearen tamaina da. Horrek eragileen arteko hurbiltasuna errazten duen arren, mugatu egiten ditu eskuragarri dauden soluzioen espezializazioa eta aukera. Zentzu horretan, finantza-tresna berritzaileetan dagoen espezializazioa nahiko baxua dela eta Fintech sektorearen presentzia txikia dela nabarmenduko nuke. Hortaz, oraindik garatzeko dagoen hazkunde-aukera bat litzateke.

Gainera, nazioarteko finantza-sistemekiko integrazioa mugatua da, eta horrek zaildu egiten du merkatu globalekiko konexioa. Horrez gain, nolabaiteko deskonexioa dago enpresa-ehunaren eta industria finantzarioaren artean; batetik, tokiko finantza-sektoreak ez du beti lortzen industriaren egungo beharretara egokitzea, eta, bestetik, Euskadiko industria tradizionala ez dago ohituta haren finantza-beharrak asetzeko ikuspegi alternatiboak arakatzera.

Egoera horrek, ekosistemaren garapena mugatzeaz gain, enpresak atzerrira joatea eta lurraldean erabakiguneak galtzea eragin dezake. Erronka horiei heltzea funtsezkoa izango da Euskadik etorkizunean bere lehiakortasun-potentziala ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izateko.

 

Zure ustez, zer aukera daude Euskadiko finantza-ekosistema are gehiago indartzeko?

Gure finantza- eta inbertsio-ekosistema indartzeko aukera gisa ikusi behar dira aurrean ditugun erronkak. Hala, gure indarguneak aprobetxatu eta modu estrategikoan eta koordinatuan lan egin behar dugu.

Euskadiren tamaina erronka bat izan daiteke espezializazioari edo mundu mailako irismenari dagokienez, baina, era berean, aukera bat da. Muga bat izan beharrean, gure lurraldearen tamaina abantaila lehiakorra bilaka daiteke, ekosistemako eragileen arteko elkarlana errazten duelako.

Ezaugarri hori aprobetxatu egin beharko litzateke erakundeen siloak gainditzeko eta inpaktu esanguratsua sortuko duten baterako egitasmoak sustatzeko. Ongi koordinatuz gero, Estatuko eta nazioarteko finantza-panoraman dugun eragina indartzeko behar adinako masa kritikoa lor dezakegu.

Gainera, teknologia berriek aukera argia eskaintzen digute taldeen/pertsonen gaitasunak, eraginkortasuna eta lehiakortasuna indartzeko. Gure biztanleria aktiboa txikia den arren, badu potentziala, ezagutzari eta espezializazioari dagokienez. Eta hor oinarritu behar dugu inpaktu esanguratsua lortzeko.

Beste aukera-eremu garrantzitsu bat mundu mailako joerena da; hala nola inpaktu-inbertsioa eta Fintech sektorearen hazkundea. Arlo horiek finantza-sektorea birdefinitzen ari dira mundu mailan, eta, era berean, berrikuntzarako eta talentua eta inbertsioa erakartzeko eremu bat dira Euskadin. Hazkunde-aukera horiekiko interesa sustatu behar dugu eta hiru trantsizio giltzarriekin lerrokatu behar ditugu: teknologikoa, energetikoa eta ingurumenekoa, eta soziala. Horrek zeharkako inpaktua izango luke ekonomian eta gizartean.

 

Zer esango zenieke oraindik klusterraren parte ez diren edo klusterrera batzeko aukera aztertzen ari diren enpresa eta erakundeei?

Uste dut gure bazkideentzat aukera paregabea dela BASQUEFIKen parte izatea, Euskadiko finantza-sektorearen eraldaketan protagonistak izateko.

Konexiorako eta elkarlanerako espazio bat eskaintzen dugu. Bertan, esperientziak eta interesak partekatu ahal izango dituzte ekosistemako eragile giltzarriekin; informazio estrategikoa eskuratu ahal izango dute sektoreko joerei eta aldaketei buruz; lehiakortasuna, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzeko egitasmo eta proiektu estrategikoetan parte hartu ahal izango dute; eta talentua eta inbertsioa erakartzen lagun dezakete. Hala, erakundearen gaitasunak eta lurraldean duen inpaktua indartuko lirateke.

Finantza- eta inbertsio sektoreko, sektore teknologikoko, akademikoko eta enpresarialeko eragile giltzarriak biltzen dituen elkarlanerako sare batean integratzea esan nahi du klusterraren parte izateak. Kideen aniztasuna eta osagarritasuna da BASQUEFIKen indargunea; kide berri bat sartzen den bakoitzean, inpaktu eraldatzailea sortzeko eta klusterraren helburuak lortzeko dugun gaitasuna aberastu egiten da.

 

Etorkizunari begira, nola ikusten duzu Euskadiko finantza-sektorearen garapena datozen 5-10 urteetan?

Datozen 10 urteetan, Euskadiko finantza-sektorea erreferentea izango dela irudikatzen dut, tradizioa eta modernitatea konbinatzeko duen gaitasunagatik; eta tokiko enpresa-ehunarekin duen lotura estua eta lurraldearekiko konpromisoa nabarmenduko dira. Finantza- eta inbertsio-ekosistema irekia eta eraginkorra, teknologia berrikuntza bultzatzeko aprobetxatuko duena eta jasangarritasuna erabakien erdigunean kokatuko duena.

Finantza-sektore horrek ez die egungo beharrei bakarrik erantzungo. Aldiz, gai izango da etengabe aldatzen ari den mundu honetan bilakaera azkarra izateko, bere nortasuna mantenduz.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak