TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak eta Externalia Solutions, Hierros Abra, Lurpelan eta Abra Seguridad enpresek plataforma digital bat garatu dute, zeina gai baita industria-ingurune kritikoetan (tuneletan, adibidez) gerta daitezkeen gorabeherak garaiz eta denbora errealean geolokalizatuz identifikatzeko, anomalia posibleen erantzunak optimizatzeko eta segurtasuna indartzeko. Sistema adimendun bat da, eta, arazoak eraginkortasunez prebenitzeko eta konpontzeko, monitorizazioko eta datu-analisiko tresna aurreratuak integratzen ditu. Langileek tuneletan eta industria-ingurune kritikoetan duten kokapena monitorizatzeko aukera ematen du. Azken belaunaldiko algoritmoak eta ahalmen prediktiboak konbinatzen dira plataforma digitalean, indartu egiten da informazioa hautemateko eta jasotzeko arintasuna, eta, gainera, erabakiak hobeto hartzen dira denbora errealeko datuetan oinarrituta.
Posizionatze-sistema tracker edo gailu eramangarri aztarnarien erabileran oinarritzen da; langileak barrualdeetan daudenean, gailua daramanaren posizioa ematen dute automatikoki. Informazio hori eta beste datu garrantzitsu batzuk (tenperatura, gailuaren bateria, etab.) kontzentragailu batera bidaltzen dira haririk gabeko konexio baten bidez; kontzentragailuak hodeiko datu-base batekiko lotura egiten du, eta hodeian gordetzen dira datuak, erregistratzeko eta segurtasun-alertak kudeatzeko. Gailuek, gainera, izu-botoi bat ere badute, langileak arrisku- edo alarma-abisu bat bidaltzeko azken erabiltzaileari.
Jasotako informazioa TECNALIAk garatutako web-plataforman txertatzen da. Plataforma horrek, batetik, tracker-etatik jasotako datuak zentralizatzen ditu, eta aukera ematen du datu horiek denbora errealean geolokalizatuta ikusteko, eta, bestetik, industria-inguruneetako 3D ereduak eskaintzen ditu. Ikuspegi horrek gainbegiratze-ahalmena hobetzen du, eta, aldi berean, alertak eraginkortasunez kudeatzen eta larrialdi-egoeretan erabakiak azkar hartzen laguntzen du.
Plataforma Externalia Solutionsen eGestiona softwarearekin integratzen da, langileen gaikuntzen eta baimenen dokumentuak kudeatzeko; hala, errazago hedatzen eta erabiltzen dute plataforma berria enpresek.
TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.
European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?