SPRI Taldeak jardunaldi bat antolatu du araudi berria ezagutzera emateko.
Garai batetik hona, dronak teknologia gorakor bilakatu dira. Gailuak merkatu egin dira, baina, horrez gain, erdigunean kokatu dira jaso duten arreta mediatikoari eta jarduera-eremu askotan izan ditzaketen negozio-eredu berriei esker. Dena den, burbuila eta errealitatea bereizi behar dira. Horretarako, martxoan eta apirilean hainbat hitzaldi antolatu dira, ezagutzera emateko teknologia horien egungo egoera, beren potentziala eta joan den abenduan Estatu osorako onartu zen araudi berriak berekin ekarri dituen aldaketa garrantzitsuenak.
“Teknologia horrek heltze-fase bat igaro behar du; sarritan nahastu egiten dira tresna bera eta tresnaren helburua, baina dronak tresna bat dira eta askotariko aplikazioak dituzte sektore desberdinetan” azaldu du Lorenzo Díaz de Apodacak. Airestudio enpresako zuzendari nagusiak hitzaldi bat emango du Dronak, burbuila ala errealitatea? jardunaldian. Bere ustez, “araudia izan da orain arteko balazta handienetako bat, ez baitzuen biderik uzten balio gehien sor zezaketen negozioak garatzeko, adibidez, dronak hiri-inguruneetara eramateko”.
Topaketa zabalik dago profesionalentzat nahiz gailu teknologiko horien potentziala ezagutu nahi duten guztientzat. Egitarauari hasiera emateko, dronen historia errepasatuko da eta azalduko da nolako dron motak existitzen diren. Ondoren, hizpide hartuko da gaur egungo legeriaren egoera. 2017az geroztik abian den araudi berriak dronen erabilera zabaldu du: aukera ematen die dronei hiri-guneen eta pertsona aglomerazioen gainean hegan egiteko, betiere aldez aurretik segurtasun azterketa bat eginda eta AESAren baimena eskuratuta. Lorenzo Díaz de Apodacak azaldu duenez, “operazio gaitasuna handitzen da, nahiz eta erantzuteko arintasuna galdu, horrelako operazioetarako egin beharreko aurretiazko tramitazioagatik”.
Hitzaldian zehar ezagutzera emango dira baita ere etorkizuneko proiekzio handieneko aplikazioak. Airestudio enpresako zuzendari nagusiaren arabera, aipatzekoak dira segurtasuna, nekazaritza eta lurraren behaketa. Dena den, ez dira nahastu behar tresna eta helburuak: “argi izan behar dugu zer nahi duen bezeroak, eta ez dugu ahaztu behar informazioa dela interesatzen zaiona, eta ez dronak”.
Topaketa dohainik izango da, eta martxoaren 8an egingo da Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean, apirilaren 10ean Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia), eta apirilaren 26an Bizkaiko Teknologi Parkean (Zamudio). SPRI Taldeak antolatu du hitzaldia Enpresa Digitalaren bitartez.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?