“Bezero handi batekiko bere lehen kontratua eskaintzen du”, nabarmendu du Aitor Urzelaik, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak.
BIND 4.0 startupen azelerazio-programa publiko-pribatuak gaur jarri du martxan bere hirugarren edizioa, 30etik gora enpresa eta aholkularitzarekin egindako jardunaldi batean. Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako zuzendariak, Aitor Urzelaik, ezagutzera eman ditu ekimen arrakastatsu horren abantailak. Dagoeneko Euskadiko enpresa garrantzitsuenetako 27k parte hartzen dute bertan.
2017ko bigarren edizioan, enpresa kolaboratzaileek 27 startup hautatu zituzten guztira, eta elkarlan horietatik ateratako 40 proiektu dauzkate martxan gaur egun. Horrek esan nahi du, BIND 4.0 programa %150 hazi zela iaz, 2016arekin alderatuta.
BIND 4.0 nazioarteko ekimen bat da, helburutzat duena startup onenen garapena bultzatzea 4.0 Industriaren teknologia berrietan oinarritutako konponbideekin (datu handiak, errealitate birtuala/areagotua, robotika kolaboratiboa, zibersegurtasuna, Internet of things, 3D inprimaketa, e.a.), eta konponbide horiek aplikatzea manufaktura aurreratu, energia eta osasun sektoreetan.
Bind 4.0 azelerazio-programa publiko-pribatu bat da eta 24 asteko iraupena du. Parte-hartzaileek aukera dute ordaindutako proiektu bat garatzeko enpresa industrial kolaboratzaileetako batekin, eta badute baita ere laguntza-zerbitzuz eta jardueraz osatutako programa trinko bat.
Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak, Aitor Urzelaik, xeheki azaldu ditu BIND 4.0 programaren ezaugarriak: “Programa hau martxan jarri genuen Euskadira talentua erakartzeko, Eusko Jaurlaritzak apustua egin zuelako 4.0 industriaren alde, eta ikusten genuelako gure herriko enpresa handiei gero eta gehiago interesatzen zitzaizkiela gure haztegietan (BIC) kokatutako startupak. Eta laugarren arrazoia: startupek helarazten zizkiguten mezuak esanez merkatuko aukerak behar zituztela”.
Urzelaik azpimarratu du “ekimen publiko-pribatu bat dela, espezializatua eta nazioartekoa”, non startupek aukera duten “benetako proiektu eta bezero batengana iristeko, eta horien bidez beste ate batzuk zabaltzeko. Aukera daukate horrela bezero handi batekin lan egiteko eta finantzaketa eta inbertsioa eskuratzeko, baldin enpresak startupean inbertitu nahi badu”.
Ekintzailetzako zuzendariak adierazi duenez, “Euskadi ekintzailetza industrialaren mapan kokatu du programa horrek, eta hori ona da industria sektorea hobetzeko”. Orobat esan du BIND 4.0 ekimenaren lehen bi edizioetan fabrikazio aurreratuaren eta energiaren sektoreetako enpresa berriak bilatu dituztela nagusiki, “eta hirugarren edizio honetan, berriz, osasun sektorera ere” zabalduko dutela.
Esan du enpresa parte-hartzaileek “behar bezain helduak izan behar dutela lehen unetik bertatik ekarpenak egiteko”, eta bete beharreko baldintza bat dela ez izatea 8 urte baino gehiago. Azpimarratu du BIND programak gainerako azeleragailuen aldean daukan elementu bereizgarria dela “aukera ematen diela startupei beren lehen kontratua sinatzeko bezero handi batekin. Horra BIND 4.0.ren balio handiena”.
Euskadin ezarritako enpresa garrantzitsuenetako batzuek parte hartzen dute BIND 4.0 programan: ABB, Aernnova, Grupo Alcor, Alegria Activity, Arcelor Mittal, Batz, Bridgestone, CAF, Cie Automotive, Cikautxo, Danobat Group, Elay, Euskaltel, Fagor Ederlan, Gestamp Group, Grupo Elecnor, Iberdrola, Itp, Maier, Mercedes Benz Vitoria, Michelin, Nem Soutions, Repsol – Petronor, RPK, Sener, Sidenor eta Ulma-k, besteak beste.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?