Eusko Jaurlaritzak -SPRI Taldearen bitartez- eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekintzailetzarako emandako laguntzei esker sortutako enpresa bat da
CounterCraft-ek, zibersegurtasunaren sektorean lan egiten duen kontrainteligentziako euskal enpresak, 2 milioi euro atzeman ditu inbertsio erronda batean, bere nazioartekotzeko prozesua bultzatzeko Europan, Ekialde Ertainean eta Estatu Batuetan. Operazio horrekin, egoitza zentrala Donostian duen enpresa horrek 4 milioi euro bildu ditu bere engainu-teknologia garatzeko. Kopuru horretatik 3 milioi euro baino gehiago iritsi dira zibersegurtasun arloko inbertsioan mundu mailako lider diren enpresetatik, besteak beste, hauetatik: Adara Ventures, Orza, Telefónica Open Future (Wayra sarearen bitartez) eta zibersegurtasunaren sektorera zuzendutako Evolution Equity Partners, nazioarteko arrisku kapitaleko inbertitzailea eta multzo horretara bildu den azkena.
Konpainiak orobat jaso du Eusko Jaurlaritzaren laguntza SPRI Taldearen Ekintzaile/Txekintek/Barnetekin programaren bidez, eta baita ere Gipuzkoako Foru Aldundiarena, eta BICGipuzkoa haztegiko proiektuetako bat da. Eusko Jaurlaritzaren Bind 4.0 azelerazio-programan parte hartzen ari da.
Bestalde, konpainiak milioi 1 euroko finantzaketa jaso du CDTItik (Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren bitartez) eta Europako Batzordearen ETE Tresna H2020 programatik, diru-laguntza horren bidez bere teknologia berritzailearen garapena eta merkaturatzea azkartzeko. CounterCraft da teknologiaren eta zibersegurtasunaren esparruetan esperientzia eta ibilbide bermatua duten inbertitzaile ezagun horien laguntza jaso duen lehen konpainia.
CounterCraft duela bi urte eskas sortu zen zibersegurtasunaren mundua iraultzeko asmoz. Horretarako, konponbide disruptibo bat garatu du, zeinak engainu-teknikak eta -tresnak erabiltzen baititu arerioak detektatzeko, deskubritzeko eta manipulatzeko. Konponbide berritzailea eta desberdina da, aukera ematen duena antolakundeak segurtasun gertakari sofistikatuetatik babesteko. Teknologia berritzaile eta desberdin baten bidez arriskuari aurrea hartzeak irauli egin du zibersegurtasunaren mundua. Konponbide aitzindaria da Europa osoan, eta dagoeneko erabiltzen da finantza sektoreko nahiz merkataritzako konpainiak, gobernuak eta segurtasun indarrak babesteko.
Epe labur eta ertainean, konpainiaren helburua da nazioartean zabaltzea, zehazki Europara eta Ekialde Ertainera, eta orobat sartu nahi du Estatu Batuetan. Asmoa du baita ere bere lantaldea, egun 20 lagunekoa dena, handitzen jarraitzeko. CounterCraft enpresak bere bezeroen artean ditu Fortune500 Indizeko 20 enpresa baino gehiago. 2015ean sortutako konpainia horrek Donostian du bere egoitza nagusia, eta 2017tik bulegoak dauzka Londresen, Madrilen eta Kalifornian. Sektorean esperientzia zabala duten 20 laguneko lantaldea du, denak ere aski ezagunak zibersegurtasunaren esparruan. Gaur egun, CounterCraft-ek presentzia du nazioarteko zibersegurtasun azoka eta ekitaldi garrantzitsuenetan, eta bere konponbidea aurkezten ari da AEBetako, Ekialde Ertaineko zein Europako merkatuetan.
CounterCraft Cyber Deception Platform
Cyber Deception Platform teknologia aitzindaria da Europan, eta metodo berezi bat erabiltzen du enpresa handiak babesteko: bidea zabaltzen die erasotzaileei amuari kosk egin diezaioten, hau da, eurentzat apropos sortutako gezurrezko datu eta aplikazioetara sar daitezen. CounterCraft-ek denbora errealean identifikatzen ditu eraso bideratuak, eta aktiboki erantzuten die. Hala, erasoak ingurune kontrolatu batean gertatzen dira, hobeto ezagutzeko zeintzuk diren beren jomugak, tresnak eta teknikak.
Erasotzaileen profila oso desberdina da: badaude ziberkriminalak, hacker bakartiak, langile ohiak, gobernuak, e.a. Teknologia horrek erasotzailea manipulatzen du kontrainteligentzia erabiliz, sinetsarazi egiten baitio informazio baliotsua lapurtzen ari dela, aukera ematen diolarik CounterCrafti erasotzaile hori aztertzeko eta bere teknikak, helburuak eta asmoak ezagutzeko. Informazio hori oso baliotsua izango da konpainientzat, neurriak har ditzaten erasotzailearen kontra edo beren segurtasun-sistemako ahuluneak indartu ditzaten.
Kontrainteligentziako kanpainen diseinua, inplementazioa, gainbegiraketa eta mantenimendua enpresako aktibo digital guztietan -besteak beste, zerbitzarietan, sakelakoetan, webeko aplikazioetan, aplikazio mugikorretan eta WiFi sarguneetan- automatizatzen duen lehen produktua da. Automatizazio horri esker, kontrainteligentziako kostuak %95 murrizten dira eskuzko teknikekin alderatuta.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?