Programa horrek berrikuntzarako aukerak zabaltzen ditu KSIentzat
KSI Berritzaile berrikuntza programa bat da, Kultura eta Sorkuntza Industrien sektoreko enpresei zuzendua dagoena. Ekimen horrek aukera-espazio berriak eskaintzen ditu hiru esparru hauetan: transferentzia teknologikoa, antolakuntza-ereduen berrikuntza eta finantza-gaitasuna. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren, Lehendakaritzaren eta Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren arteko lankidetzari esker, Eusko Jaurlaritzak 2017an jarri zuen martxan proiektu hori, eta orain zabalik da deialdiaren bigarren edizioa.
Transferentzia teknologikoa da KSI Berritzaile programaren lehen ardatza. Tecnalia eta Vicomtech-IK4 zentroek parte hartzen dute programan, zerbitzuak eta produktu berritzaileak bultzatzeko KSI sektoreko enpresetan. IKTek produkzioaren fase guztiak aldatu dituzte kultura eta sorkuntza sektoreko enpresetan, hasi sorkuntzatik eta banaketatik eta era desberdinetako audientzien sarbidera. Gainera, berekin ekarri dituzte lengoaia, eduki, produktu eta zerbitzu berriak. Programaren bidez, bi teknologi zentro horiek KSI sektoreko enpresen esku jartzen dituzte beren balio-katean berritzeko lagungarri izan daitezkeen teknologiak: adibidez, datuen analitika, hizkuntza teknologiak, konputazio mugikorra edota errealitate birtuala eta areagotua.
Programan parte hartu nahi duten kultura eta sorkuntza sektoreko enpresek proposamen bat definitu behar dute, oinarritzat hartuz Tecnalia eta Vicomtech-IK4 zentroek eskainitako aktibo teknologikoak. Hortik aurrera, parte-hartzaileek hiru parte-hartze modalitate desberdin aukeratu ditzakete: teknologia batek enpresan duen bideragarritasuna aztertzea eta mock-up bat definitzea; prototipo bat martxan jartzea; edota teknologia bat eboluzionatzea enpresan ezartzeko. Ardatz horretarako ideiak aurkezteko epea zabalik egongo da apirilaren 27ra arte.
Bigarren ardatza antolakuntza-ereduaren berrikuntza da. Prozesu horretan parte hartzen duten enpresek Euskaliten laguntza jasoko dute bi fasetan. Lehenengoan antolakundearen kudeaketa-sistemaren diagnostiko bat egin behar da garatu beharreko eremu garrantzitsuenak identifikatzeko. Bigarren fasearen helburua da kudeaketa hobetzea, eta bi modalitate desberdinetan egin daiteke: ekintza bidezko prestakuntza prozesu baten bidez, taldekako zein bakarkako saioekin edota aholkularitza formako laguntza jasoz. Bigarren kasu honetan, izena emateko epea apirilaren 6an amaituko da.
Azkenik, hirugarren ardatzaren helburua da finantzaketa atzematea. Prozesu horretan, enpresek Elkargiren laguntza jasoko dute, zeinak kudeaketa ekonomiko-finantzarioaren oinarrizko kontzeptuei buruzko prestakuntza eskainiko baitie. Programak beren prozesuak diagnostikatzeko eta hobetzeko tresnak emango dizkie parte-hartzaileei, eta edukiak beraizik zuzentzen zaizkie autonomoei, mikroenpresei nahiz ETEei. Izena emateko epea zabalik dago apirilaren 6ra arte.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?