SPRI Taldeak antolatutako KaixoWorld foroak erakutsi du beharrezkoa dela ezagutzak trukatzea enpresek arrakasta izango badute
Datatons enpresako Inés Huertasek esan du enpresak ez daudela diseinatuta beren datuak gobernatzeko.
Eusebio Reyerok gomendatu du startup bat abian jartzeko gutxienez hiru lagun behar direla, profil banarekin: negozioa, garapena eta diseinua.
Mundu digitalean mugarik gabe hazten ari diren negozio berriek gero eta profil desberdinagoak behar dituzte: hasi garatzaileetatik eta maketatzaile eta diseinatzaileetaraino. Ezagutzak trukatzeko behar hori hizpide hartu da SPRI Taldeak , bere Enpresa Digitala zerbitzuaren bidez, astearte honetan Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean antolatu duen 2018ko KaixoWorld! foroan.
Datatons enpresako Inés Huertasek esan du enpresak ez daudela diseinatuta beren datuak gobernatzeko. Machine learning delakoaren abantailak azaldu ditu, hau da, datu-multzo bati teknika estatistiko-matematikoak aplikatuz arauak edo patroiak ateratzeak dituen abantailak. “Adibidez, supermerkatu-kate batek aztertu zituen erosketekin ematen zituen opari-txartelak eta ikusi zuen gehienak lurrindegietan erabiltzen zirela. Horrelako negozio bat sartu zuten supermerkatuan, eta orain negozio horixe da beren diru-iturri nagusia”.
Datuak aztertzeko tresna horien bidez posible da jakitea zergatik utzi dion bezero batek produktu bat erosteari. “Askoz errazagoa da bezero bat atxikitzea berri bat erakartzea baino, eta enpresak hasi dira konturatzen horretaz. Tresna horiekin posible dute ikustea zer nahi duten bezeroek”, esan du Inés Huertasek. Aplikazio praktikoko beste adibide bat dira call center-ak. “Jakin dezakezu zenbat dei jaso dezaketen eta, hortaz, zehaztu zenbat langile behar dituzun”. Hiri adimendunen garapenean, “ureztatze sisteman aplikatzen da; jakin daiteke euririk egingo duen, eta erabaki martxan ez jartzea”.
Hackityko Eusebio Reyerok gako batzuk eman ditu jakiteko produktu edo zerbitzu batek izan dezakeen ala ez txoko bat merkatuan. “Proiektu asko “zoombifikatzen ari dira”, hau da, jende batzuk bizpahiru urtez ari dira lanean eta egoera berdinean daude. Baina dirua irabazi behar duzu eta egitura sostengarri bat egin”.
Reyerok gomendatu du startup bat abian jartzeko gutxienez hiru lagun behar direla, profil banarekin: negozioa, garapena eta diseinua. “Eta negozioa izan behar da ardatza, ez teknologia. Enpresak hil egiten dira ezin dutelako ordaindu”.
Esan du startupek jakin beharko luketela “zertan ari diren eta zein testuinguru ekonomikotan mugitzen diren”. Enpresa abian jartzeko, lau fase definitu ditu: ikerketa, bere baitan hartuz merkatua eta bezeroak; prototipoa, argi adieraziz bezero mota eta produktu edo zerbitzuaren plana; produktua, marketinaren bidez aztertuz funtzionatzen duen ala ez, eta inbertitzaileak bilatuz; eta, azkenik, eskalatzea, gauza bat “normalean gertatzen ez dena baina funtsezkoa dena”.
Andoni Serranok hizpide hartu du pertsonentzat egokitutako teknologia. “Milioika gailu daude pertsona ezgaituen bizitza errazteko, hala nola nerbio-terminazioei konektatutako protesi aurreratuak, pentsatze hutsarekin gauzak egiteko gaitasuna daukan kaskoa, edo gor eta mutuei hitz egiteko aukera ematen dien eskularruak”. Aipatu du denda batzuk errealitate areagotua erabiltzen dutela produktuak aulki gurpildun batetik ikusteko, eta errealitatea birtuala “pertsona nagusiak bidaian joan daitezen etxetik beste herrialde batzuetara”.
Mondragon Unibersitateko Informatikako irakasle Jesús Lizarraga zibersegurtasunaz mintzatu da. Esan du 2017an Txekiar Errepublikak jasan zituela eraso gehien, bere web-guneen %12 infektatuak egon baitira, Espainian %1ekoa delarik portzentaje hori.
“Edozein enpresa edo erakundek jasango du erasoren bat goiz edo berandu”, azpimarratu du. Lizarragak gomendatu du eguneratuta izatea zerbitzariaren osagaiak, pasahitz seguruak erabiltzea, eta baita ere “WAF bat, hots, web-guneentzako suebaki berezi bat”, segurtasun kopiak eta RASP teknologia, “monitorizatu egiten duena eta, adimen artifizialeko tekniken bidez, erasoak identifikatzen dituena”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?