DIGISAD proiektuak zerbitzuen jarraipena digitalizatu du
Pertsona nagusiei eta menpekoei laguntza ematen dien Grupo Servicios Sociales Integrados kooperatibak DIGISAD proiektua abiarazi du, zeinari esker hobetu egin baititu etxez etxeko arretarako prozesuak. DIGISAD ekimenak tresna digitalak baliatzen ditu Etxez etxeko Arreta Zerbitzuaren (EAZ) jarraipena kudeatzeko, horrela lortu duelarik komunikazioa azkartzea eta informazio guztia toki bakarrean bateratzea.
DIGISAD proiektuaren barruan, etxez etxeko arreta ematen duten laguntzaileak aplikazio mugikor bat erabiltzen hasi dira, bertan erregistratzeko bisita bakoitzari buruzko informazioa. DIGISAD aplikazioan erregistratzen dituzte gaixoen aldaketa fisiko, kognitibo edo aldarte aldaketa esanguratsu guztiak, bai eta medikazioan edo eguneroko errutinan izandako aldaketak. Hala, informazioa unean bertan iristen zaio kasuan kasuko koordinatzaileari, prozesu osoa azkartzen delarik.
“Orain arte komunikazioa telefonoz edo posta elektronikoz egiten zen aste amaieran. Denbora asko behar izaten zen prozesu horretarako, eta batzuetan konplexua eta etsigarria ere izaten zen” azaldu du Beatriz Lópezek, Grupo SSI kooperatibako Informazio Sistemaren arduradunak, “orain dena erregistratzen da aplikazioan, eta informazioa Grupo SSI kooperatibaren kudeaketa tresnara igortzen da”. Sistema horri esker askoz azkarragoa eta errazagoa da paziente bakoitzaren historialean sartzea, eta bere bilakaeran izandako aldaketa guztiak kontsultatzea.
Prozesua abiarazi zen iazko urtearen hasieran egindako ebaluazio baten ondorioz, non identifikatu baitziren etxez etxeko arretan hobetu beharreko puntu garrantzitsuenak: laguntzaile eta koordinatzaileen arteko komunikazioa, eta arreta zerbitzuetan gaixoei buruz jasotako informazioaren kalitatea. Hortik abiatuta, pilotu bat inplementatu zen, zeinetara gero eta laguntzaile gehiago bildu baitziren. 2017aren amaieran Grupo SSI kooperatibako 104 langilek zerabiltzaten tresna berria, eta guztien artean 419 paziente monitorizatu zituzten.
“Antolakuntzako eta prozesuetako aldaketak izan dira garrantzitsuenak, benetako mugarria izan baitira” azaldu du Beatriz Lópezek, “pilotuen ondoren, DIGISAD ezartzen jarraitu nahi dugu plantilla osora iritsi arte”. Grupo SSI kooperatibak prestakuntza plan espezifiko bat jarri du martxan apirilean, tresna berrien erabilpena langile guztiengana zabaltzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?