Circle City Scan partzuergoak Bizkaiarentzat funtsezkoak diren hiru sektoretako aukerak identifikatu ditu
Hirietan kontsumitzen da mundu osoan erabiltzen den energiaren bi heren, eta orobat hirietan sortzen dira negutegi efektua eragiten duten gas guztien %70. Hiriak baliabide erabiltzaile, hondakin sortzaile eta kutsadura-iturri nagusi bihurtu dira, munduko biztanleria gero eta gehiago kontzentratzen delako hirietan. Eta, hain zuzen, horregatik hiriek gida lezakete produkzio-eredu sostengarriago bateranzko eredu aldaketa.
Circle Economy aholkularitza holandarrak sortu du Circle City Scan partzuergoa Bilbao Ekintza, BEAZ eta Innobasque erakundeekin batera, eta Aclima, Ihobe eta Inèdit klusterren laguntzarekin. Partzuergo horren helburua da Bilboko eta Bizkaiko produkzio-eredua ekonomia zirkularrerantz eraldatzeko prozesua sustatzea. Ikerketa bat egin du, non potentzial handiena duten sektoreak eta martxan jarri beharreko estrategiak identifikatu baititu.
Lurraldea aztertu ostean, Circle City Scan partzuergoak nabarmendu du hiru direla ekonomian eta baliabideen erabilpenean inpaktu handiena eragin dezaketen arloak: metalaren sektorea, jatetxeak eta handizkako banaketa. 121.000 lagun enplegatzen dituzte hiruren artean (guztizkoaren %68), 6.800 milioi euroko ekarpena egiten diote tokiko ekonomiari eta baliabideen %17 kontsumitzen dute.
Txostenak sei estrategia identifikatu ditu, proiektu pilotu bezala martxan jartzeko. Jatetxeen sektorean proposatzen du eskaintza egokitzea, produkzio-katean baztertutako elikagaiak barne hartzen dituzten menu sostengarriagoak eskaintzeko. Baliabide jangarri horiek berraprobetxatuta hondakin bolumena murriztuko litzateke eta, aldi berean, produktu eta negozio-eredu berriak sortuko lirateke. Katearen beste muturrean, plataforma digital bat sor liteke elkarrekin konektatzeko kontsumitzaileak eta jaki soberakinak, eta jakiak merkeago saltzeko egunaren amaieran.
Handizkako banaketaren logistika sektorean, Circle City Scan partzuergoak hainbat aukera detektatu ditu, adibidez, hondakinak bereizteko sistema eraginkorragoak sortzea, berrerabil daitezkeen baliabideak berreskuratzeko, pizgarriak eskainiz erabiltzaileek parte hartu dezaten. Sektore honetarako ere plataforma digital bat proposatu du, eragile desberdinekin konektatu eta banaketa- eta garraio-eredu sostengarriagoak bilatzeko. Azkenik, metalurgiaren sektorean estrategia bezala proposatu du fabrikazio gehigarria erabiltzea eta eragile arteko lankidetzak bultzatzea, baliabideen erabilpen intentsiboan hainbeste zentratzen ez diren produkzio jarduerak sustatzeko.
Circle City Scan partzuergoa 9 hilabetez aritu da ikerketa horretan lanean, bertako agenteekin batera. Ekimenaren helburua da ibilbide-orri bat sortzea Bizkaiak aurrera egin dezan ekonomia zirkularrerantz, betiere potentzial handiena duten sektoreetan zentratuta.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?