Amoroton (Bizkaia) kokatutako enpresa honek 5.000tik gora laborategi-proiektu ekipatu ditu bere 40 urteko ibilbidean
“Gustura dagoen erabiltzaile seguru bat edukitzea. Hori da garrantzitsuena. Gure proiektu bakoitza erabiltzailearen inguruan hasten da” dio Mikel Martínezek, enpresako zuzendari nagusiak
Amoroton (Bizkaia) kokatutako Burdinola enpresa mundu mailako erreferente bat da laborategien sektorean (farmazietarako, ikerketarako, industriarako, hezkuntzarako eta nutriziorako laborategiak). Aurten 40 urte beteko dituen konpainia honek 5.000tik gora laborategi-proiektu ekipatu ditu, eta bere bereizgarri garrantzitsuena da kalitatea eta segurtasuna eskaintzen dizkiola bere produktuen erabiltzaileari. Burdinolaren erronka da aurrera jarraitzea nazioartekotze prozesuarekin. Dagoeneko baditu bost filial Frantzian, Italian, Erresuma Batuan, Beneluxen eta Arabiar Emirerri Batuetan (Dubai). Burdinolak SPRI Taldearen (enpresen garapenerako euskal agentzia) laguntza jaso zuen bere informazio-sistemen segurtasuna garatzeko.
Beste hainbat euskal konpainiak bezala, Burdinolak jakin du bere negozioa eboluzionatzen berrikuntzatik abiatuta. 1978an Amoroton sortu zenean eskolako altzariak egiten zituen, baina berehala ohartu zen urtarokotasunak baldintzatutako negozioa zela. 1985ean laborategiak fabrikatzen hasi zen, eta 1990erako bazeukan konpainiaren mugarri bilakatu zen produktu bat, alegia, sistema modular bat. Gero, 1992an, laborategiak diseinatzen ere hasi ziren, eta 1995ean ekin zioten nazioarteko zabalkuntzari. Une honetan, konpainiak atzerrian dauka bere negozioaren %35, eta %60raino iristea du helburu.
“Gustura dagoen erabiltzaile seguru bat edukitzea. Hori da garrantzitsuena. Gure proiektu bakoitza erabiltzailearen inguruan hasten da” dio Mikel Martínezek, enpresako zuzendari nagusiak. Burdinola laborategi-proiektuen kudeaketa eta garapen integralean espezializatuta dago, eta fase guztiak barne hartzen ditu, hasi aholkularitza eta ingeniaritzatik eta martxan jartze eta salmenta ondorengo zerbitzuraino.
Bere produktuak hiru familiatan sailkatzen dira: altzariak (gainak, lan mahaiak edo armairuak), zerbitzu-sistemak (ur-konexioak, gasa, e.a.), eta gas-bitrinak eta beste erauzketa-sistema batzuk, azken hori delarik bere produktu izarra. 26.000 metro koadroko azalera duen Amorotoko lantegian egiten da laborategia diseinatzeko eta fabrikatzeko prozesu osoa. “Proiektu-enpresa bat gara, eta guk geuk fabrikatzen dugu proiektu horien %80”.
Kalitatea eta segurtasuna
Kalitatea eta segurtasuna dira Burdinola enpresaren ezaugarri garrantzitsuenak. “Gure laborategiek 30 urte irauten dute. Mahaiak kalitate gorenekoak dira. Apustu egin dugu modulartasunaren eta malgutasunaren alde, aukera ematen duelako laborategiak tokiz aldatzeko edo beste era batera erabiltzeko, premiak aldatu egiten baitira pixkanaka. Eta diseinu erakargarri bat ematen diegu, laborategiak show room bilakatzen ari direlako” dio Mikel Martínezek. Horrez gain, kontuan hartzen dute energia eraginkortasuna. Gas-bitrinek energia asko kontsumitzen dute, aldiz, Burdinolaren bitrinen kontsumoa gainerakoen erdia da edo, bere azken produktuen kasuan, herena.
Negozioak badu beste indar-gune bat, muntaiaren kalitatea. Enpresak beti bidaltzen du muntaia-koordinatzaile bat laborategia instalatuko den herrialdera. Gainera, segurtasuna faktore kritikoa denez Burdinolaren gas-bitrinan, enpresak ikerlariekin lan egiten du proiektua diseinatzeko eta fabrikatzeko prozesuan. Bestalde, erabilpena optimizatzeko, konpainiak prestakuntza eskaintzen die laborategien erabiltzaileei eta salmenta ondorengo mantenimendua eskaintzen du. “Operazio segurua deitzen diogu horri; denbora bat eskaintzen diogu erabiltzaileari, laborategia segurtasun osoz erabil dezan” dio Burdinolako zuzendari nagusiak.
Lan horri esker, enpresak 5.000tik gora proiektu garatu ditu mundu osoan, eta gas-bitrinetan bakarrik 40 modelo baino gehiago dauzka bere katalogoan. Baina eskaeraren arabera fabrikatzen ditu bere produktuak, eta proiektu bakoitza erabiltzailearen premietara egokitzen da.
Jaso duen enkarguetako bat da, adibidez, Parisko Danone zentroko proiektua, 4 milioi eurokoa. Sektore farmazeutikoa zorrotzenetako bat da, “eta sektore horretan bereizten gara gehien gure lehiakideengandik”. Horri esker, Burdinolak munduko konpainia garrantzitsuenekin lan egin du, esaterako, Novartis-ekin: “gurekin egiten ditu Espainian garatzen dituen proiektuen %95”. Ikerketa arloan proiektuak garatu ditu Cambridge University Hospitals-entzat, eta osasun arloan HUCArentzat (Espainiako unibertsitate-ospitale handienetako bat). Burdinolak sektore askotan dibertsifikatu du bere negozioa eta hori da bere lehiakortasun abantailetako bat. “Unibertsitateen sektorea ona da bolumen handia duelako eta tamaina handiko laborategiak eskatzen dituelako; farmazeutikarena konplexuagoa da”.
Burdinolak entsegu areto bat dauka bere egoitzan, sektorean existitzen den bakarra, eta erreferentziazko enpresa bat da. 1985etik Aenor-en ordezkaria da Laborategiko Altzarien Estandarizazio eta Ziurtagiri Batzordean, eta laborategien eta, zehazki, gas-bitrinen arloko Espainiako ordezkaria Europako Estandarizazio Batzordean (EEB). Aenor-ek aditu izendatu du Espainia ordezkatzeko laborategien segurtasunerako araudi europarrak sortzeko prozesuetan.
Burdinolak atzerrian hazten jarraitu behar du, bere etorkizuna bermatu nahi badu. Bere bost filialez gain, ordezkaritzak ditu Mexikon eta Kolonbian, eta laster beste bat irekiko du Perun.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?