Sprilur –SPRI Taldean integratua eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikia- Tecnalia, Espainiako Urtzaileen Federazioa eta Gizaburuaga eta Arteako industrialdeetan kokatutako 68 enpresa lanean ari dira elkarrekin gauzatzeko “S-PARCS” proiektu europarra (“Envisioning and Testing New Models of Sustainable Energy Cooperation and Services in Industrial Parks”), Horizonte 2020 Programan sartuta dagoena. Tokiko bazkideez gain, orobat atxiki dira proiektu europar honetara Portugal, Italia, Turkia eta Austriako beste bost “parke pilotu”.
S-PARCS proiektuaren helburu nagusia da proiektuan parte hartzen duten enpresa- eta industria-parkeetako energia kostuak eta kontsumoa gutxitzea, eta energia berriztagarrien ekoizpena handitzea ingurumarietan. Alegia, poligonoen energia eraginkortasuna aztertzea eta eredu eta aukera berriak sortzea energia gastua hobeto kudeatzeko.
Funtsean, asmoa da “energia arloko lankidetza plan” publiko-pribatu bat ezartzea, proiektuak dirauen hiru urteko epean eskura izateko tresna teknologiko berritzaile eta doakoak, tresna horien bidez energia kostuak murriztuko dituzten erabaki-hartze prozesu bateratuak gidatzeko. Martxan jarri litezkeen neurrien artean dago, adibidez, argiteria adimenduna jartzea (LED), pisu gehiago ematea energia berriztagarriei enpresetan eta enpresa-parkeetan, eta eraikinen hondar-beroa eta isolamendu termikoa aprobetxatzea.
Industria-parke eta industrialde “pilotuetan” kokatuta dauden enpresen parte-hartze handia da proiektuaren alderdi azpimarragarrietako bat. Euskadiri dagokionez, Gizaburuagako Okamika industraldeko 36 enpresa eta Arteako Bildosola industrialdeko 32 enpresa sartu dira proiektuan, eta denek zuzenean aprobetxatuko dituzte aplikatuko diren energia eraginkortasun neurrien ondorioz gertatuko diren energia kostuen murrizketak.
Proiektuan sartuta dauden parke eta bazkideen arteko esperientzia-trukeak etengabeak izango dira datozen urteetan. Horietatik ateratzen diren konklusio eta ekintza arrakastatsuekin Energia Eraginkortasuneko Plan bat prestatuko da, Sprilur-ek eta Industrialdeak Sozietateek kudeatzen dituzten gainerako parke eta industrialdeetan aplikatuko dena.
Behin proiektua bukatu ondoren, eta behin bere ekintza eta konponbideak “parke pilotuetan” aplikatu eta gero, uste da %10eraino hobetuko dela energia eraginkortasuna.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?