Arabako startupak dio fabrikatzaile eta erabiltzaileak ez daudela oso kontzientziatuta roboten babesarekin
Hainbat azterlan eta adituk diote bost urte baino gutxiagoan robotek presentzia handia izango dutela gure eguneroko bizitzan. Eta ez bakarrik fabriketan, azken hamarkadetan gertatu den bezala, baizik eta baita ere etxean, etxeko lanetan edo pertsonen zaintzan laguntzeko, saltokietan, publikoari arreta emateko edo ospitaleetan, gaixoak edo ebaketak gainbegiratzeko.
Gero eta robot gehiago dago eta horrek berekin dakarren kezka garrantzitsuenetako bat segurtasuna da, hau da, segurtasun fisikoa eta zibersegurtasuna. Robot berriak kolaboratiboak dira (kobotak), sentsoreak dauzkate gizakien presentzia detektatzeko eta bere mugimenduak mugatuz gizakiei kalterik ez eragiteko. Halere, oraindik asko dago egiteko zibersegurtasunaren inguruan, zehazki, sistemak behar dira robotak ez hackeatzeko edo robotak atzematen eta sortzen duen informazioa gordetzeko. Hain zuzen, merkatu-nitxo hori detektatu du Alias Robotics startup arabarrak, eta mundu mailako erreferente bihurtu nahi du robotentzako zibersegurtasunean.
Alias Robotics enpresaren bultzatzaileek esperientzia zabala dute robotikaren eta enpresaren esparruetan. Erle Robotics enpresaren sortzaileek osatzen dute konpainiaren nukleo nagusia. Erle Robotics robot txikiak fabrikatzen dituen enpresa bat da, Gasteizen sortu zena 2014an eta Acutronic konpainia suitzarrak erosi zuena 2016an. Azken urteotan David Mayoral zuzendari nagusi eta sortzailea munduan barrena ibili da, robot fabrikatzaileei galdetzeko zer egiten duten beren aparatuetako zibersegurtasunaren arazoa konpontzeko, eta bidaia horietan konturatu zen ia inork ez duela “kontuan hartzen robotikaren segurtasuna eta, beraz, ohartu ginen hor bazegoela merkatu aukera bat”. 2017aren amaieran Alias Robotics sortu zuen beste 11 bazkiderekin batera, eta ia berehala sartu ziren Londresko zibersegurtasun arloko azeleragailu batean, non beren enpresa-proiektua landu baitute azken hiru hilabeteetan.
“Robotak edonon egongo dira laster, hortaz, jakin beharra dago nola babesten diren eta benetan seguruak ote diren. Robot fabrikatzaileek eta erabiltzaileek jakin behar dute epe ertainean ondorio larriak izan ditzaketela robotak babesten ez badituzte. Robot industrial bat hackeatuta produkzio-kate osoa geldiaraz daiteke denbora tarte baterako, eta horrek kostu handiak sortzen ditu. Pertsonei laguntzeko roboten kasuan, berriz, ondorioak are larriagoak izan daitezke, erabiltzailearen segurtasun fisikoa kaltetzerainokoak. Eta ezin dugu ahaztu ondorio oso larriak izan ditzakegula robot horiekin lotutako datuak galdu edo ostuz gero” ohartarazi du David Mayoralek.
Arazo hori konpontzeko, konpainiak RIS (Robot Immune System) izeneko txip bat eskaintzen du, “robotak eta bere osagai guztiak babesteko hardware bat”. “Txip hori esku ahurrean sartzen da eta robot barruan txertatu eta harekin konektatu daiteke. Horrez gain, adimen artifizialaz eta machine learning teknologiaz horniturik dagoenez, gai da ulertzeko zer gertatzen den robotean eta bere ingurunean, eta horren arabera jokatzen du. Etengabe aztertzen du gertatzen ari dena, eta esperientziatik ikasten du. Esperientzia horretan oinarrituta gai da erabakitzeko zerbait anormala edo arriskutsua den” esan du Alias Robotics enpresako zuzendari nagusiak. RIS garapen fasean dago oraindik, eta aurreikusten da 2018aren amaieran iritsiko dela merkatura. Bestalde, Alias Robotics enpresak 3-4 lagun gehiago sartu nahi ditu bere plantillan datozen hilabeteetan, eta finantza arloko bazkide estrategikoak bilatu nahi ditu datorren urtean merkatura irteten laguntzeko.
Alias Robotics enpresa Euskadiko zibersegurtasun-ekosisteman sartu da, zeina “urrats oso garrantzitsuak ematen ari baita” David Mayoralen arabera. “Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk apustu sendoa egin dute Euskadiko zibersegurtasun-ekosistema bultzatzeko, inbertsioak eginez gurea bezalako proiektuetan edo Basque CyberSecurity Centre martxan jarriz. Hain zuzen, Londresko haztegian geundenean Basque CyberSecurity Centre-ko jendea etorri zitzaigun bisitan, zertan ari ginen jakiteko. Oso garrantzitsua da zibersegurtasun sektorea bultzatzea, konpainiak sortu behar direlako, konpainiek arrakasta izan behar dutelako eta horrela lortuko delako gauza garrantzitsuak egitea, Europan eta munduan ikusgarritasuna izango dutenak”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?