Gipuzkoako konpainia hori nazioartekotzeko jauzia ematen ari da
HRE Hidraulic enpresak 30 urtetik gorako esperientzia du likido industrialentzako ingeniaritza-konponbideen garapenean, eta bi negozio-eremu osagarri eta sinergiko ditu: batetik, sektore mota guztietarako likido bidezko automatizazio konponbideak eta aplikazio industrialak eta, bestetik, ekipamendu didaktikoaren fabrikazioa automatizazio-teknologien irakaskuntzarako. Lehen ildoa beraizik zuzendurik dago automatizazio oleo-hidraulikoaren eta lubrifikazio industrialaren arloetara. Bigarrenak, berriz, ikaskuntza-sistema espezializatuak garatzen eta fabrikatzen ditu bezero industrialentzat, ikastetxeentzat eta unibertsitateentzat.
SPRI Taldeak koordinaturiko “Innobideak Lehiabide” programaren laguntzari esker, konpainia nazioartera zabaltzeko prozesuan murgilduta dago eta aliantzak bilatzen ari da ekipamendu-fabrikatzaile eta -merkaturatzaileekin: “Nazioarteko aliantzak aztertzen eta sortzen ari gara, bai ekipamendu didaktikoen fabrikatzaileekin (gure produktuentzat osagarri direnak) eta bai banatzaileekin” dio Iñaki Gutiérrezek, HRE Hidraulic enpresaren ildo horretako arduradunak, “bi helburu dauzkagu: batetik, produktu-sorta zabalagoa eskaintzea eta horrela erakargarriago izatea, prestakuntza-konponbide globalago bat eskainiz nazioarteko merkatuan; eta, bestetik, kolaboratzaileak bilatzea, baina, hori bai, eragina dutenak herrialde bakoitzean eta ongi errotuta daudenak merkatuan”.
Egoitza Elgoibarren duen konpainia honen iritziz, berrikuntzak egon behar du gogoeta estrategikoaren erdian, produkziora nahiz antolakuntzara zuzenduta. Hala, bere baliabideen %3 inbertitzen du I+G+B-n. Zentzu horretan, konpainiak enpresa arteko harreman-eredu berri bat sustatu nahi du, enpresa hedatuaren ideian oinarrituta. “Asmoa da harreman-eredu berri bat sortzea bezeroen eta hornitzaileen artean, enpresa baten barruko departamendu desberdinen artean egon ohi denaren antzekoa, harreman horren bitartez berrikuntza-aukerak bilatzeko eta amaierako bezeroarentzako proposamena hobetzeko” dio Iñaki Gutiérrezek. Era berean, antolakuntzako berrikuntza-proiektu bat garatzen ari dira, laneko harreman-eredu berri bat sortzeko gardentasunean eta enpresa barruko parte-hartze aktiboan oinarrituta.
Innobideak programak laguntza ematen du euskal enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak garatzeko. Hiru laguntza-ildo dauzka: Lehiabide ildoak, berrikuntza proiektuei zuzendua dagoenak, enpresen tamaina handitzeko eta enpresen eta hornitzaileen arteko lankidetza garatzeko ekintzak babesten ditu; Pertsonak ildoaren helburua da enpresako langileek konpainian parte har dezatela; eta Kudeabide ildoak enpresaren kudeaketa hobetzea du xede. Innobideak programaren 2018ko deialdian parte hartzeko epea zabalik egongo da irailaren 27ra arte.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?