‘Startup’ honek garatutako plataformari esker, bezeroek merkatuko joerak eta lehiaren nondik norakoak beha ditzakete
Innguma Technologies SLU ekainean bihurtu zen enpresa, Makina-Erremintaren Bienalaren garai berean, eta han egin zen aurkezpen formala. IK4-Idekoren ‘spin-off’ gisa jaio zen, eta dagoeneko 15 urteko bizitza duen produktu bat eskaintzen du: INNGUMA. Enpresaren helburua da komunikabide digitaletatik datorren eta erakundeentzat nabarmena den informazioa jasotzeko, iragazteko eta banatzeko prozesuak automatizatzen dituen tresna bat eskaintzea. Besteak beste, Danobatgroup, Ingeteam, CAF eta Orona enpresak ari dira plataforma erabiltzen dagoeneko. Eneko Arzarekin, Innguma Technologies-eko CEOarekin, hitz egin dugu.
Zer da INNGUMA?
INNGUMA adimen lehiakorreko eta zaintza teknologikoko ‘software’ bat da. Guk esan ohi dugun bezala, INNGUMAk zure partez behatzen ditu merkatuak, lehia, patenteak, teknologia, araudiak, diru-laguntzak, lizitazioak, sare sozialetako iruzkinak eta abar. Tresnak sarea arakatzen du, eta informazioa modu egituratu eta erraz batean erakusten du, informazioa interpretatzea eta horretan oinarritutako erabakiak hartzea errazagoa eta eraginkorragoa izan dadin. INNGUMAk potentzia eta adimena konbinatzen ditu: 16 bilaketa-motor, mugikorrerako app-a, ‘machine learning’ eta egunez egun haziz doan funtzionalitate-zerrenda luze bat. Esaterako, urte-amaierarako 4 bilaketa-motor berri izango ditugu; guztira 20 izatera helduko gara.
Zer harreman du INNGUMAk 4.0 industriarekin?
INNGUMA software bat da, eta, beste askoren artean, garapen eta berrikuntza teknologikoak behatzen ditu. Beraz, ezinbesteko tresna da digitalizazio industrialaren punta-puntan egon nahi duten industria-enpresentzat. Gero eta bilakaera azkarragoa du joera honek, eta, horregatik, ezinbestekoa da software hau izatea gure ingurunean gertatzen denaren berri ahalik eta azkarrena izateko, dela lehia behatzeko, dela industria-sektorean aplikatzeko modukoak diren teknologia berrietatik ikasteko. Bestalde, enpresen eta erakundeen lan egiteko modua aldatzen ari da 4.0 industriari esker, haien prozesu operatiboak etengabe digitalizatzen eta IoT sentsoreen eta gailuen sarera konektatzen ari baitira.
Zer teknologia-mota daude INNGUMAren atzean?
‘Machine learning’ eta adimen artifizialeko sistemak ditu gure teknologiak. Bi eremu horiek gero eta gehiago erabiltzen dira industria-sektorean, eta gure produktuari ere aplikatzen zaizkio, industria-enpresek egiten duten era berean, eskaera berriei egokitzeko gai den teknologia adimentsuago bat garatzeko. Halaber, sarean dugun Big Data behar bezala kudeatzen laguntzen digu, datu-multzo izugarri horretatik gure interesekoa den informazioa harrapatzen baitu.
Zer enpresa-motarentzat da zuen produktua?
Gaur egun, bezero ugari ditu INNGUMAk, sektore askotakoak gainera, hala nola industria, osasuna, bankuak, zerbitzuak, bai eta elikagaien industria ere. Edozein sektoreri eta herrialderi egokitu dakieke produktu hau, eta, beraz, sektore guztietarako balio duen zeharkako zerbitzu bat eskaintzen dugu. Hala frogatzen dute duela urte askotatik ditugun bezeroek. Sektore edo lehia-ingurune bakoitzeko informazio-iturriak eta Zaintzako Faktore Kritikoak garatzea ez da gure lan bakarra, badugu balio gehigarri bat: sortutako softwarearen eta urteetan pilatu dugun esperientziaren bidez, Adimen Lehiakorra eta Zaintza Teknologikoa logikaz garatzeko egiturak sustatzen laguntzen dugu. Izan ere, esperientzia horri esker, softwarea ezartzerakoan sor daitezkeen arazoei eta horiek konpontzeko irtenbideei buruzko ezagutza handia dugu. Zorionekoak gara, bezero-zerrenda luzea dugulako; ia ezinezkoa da guztiak aipatzea. Gugana jo zuten lehenak hauek izan ziren: Danobatgroup, CAF, Ingeteam, Cikautxo, Orona…
Zein dira zuen etorkizuneko erronkak?
Etengabeko hobekuntza litzateke etorkizuneko erronka horietako bat; alegia, gure teknologia garatzen jarraitzea kalitate handiagoko informazio gehiago bilatzea errazagoa izan dadin. Aldi berean, informazioaren hautaketa erraztu nahi dugu, eta, horretarako, adimen artifiziala hobetu behar da, datu-biltegiratze azkarragoa lortu behar da eta informazioa modu eraginkorragoan banatu behar da, erakundeentzat Adimena sortzeko. Ehuneko ehunean “customer centric” izatea da gure estrategia, hots, gure bezeroei eta erabiltzaileei begira lan egitea, beren eta beren sektorearen beharrak kontuan hartuta, gure produktuak eta zerbitzuak hobetzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?