Osasen startupak sortutako sistemak fabrikazio-lizentzia lortu du
Laktosarekiko intolerantzia detektatzeko gehien erabiltzen den probak gluzidoa bera erabiltzen du erreakzio fisikoa behatzeko, eta jakina, hori kaltegarria da pazientearentzat. Osasen euskal startupak, Venter Pharma farmazeutikarekin batera, sistema bat garatu du patologia hori detektatzeko modu ez-kaltegarri eta fidagarri batean, eta gainera, intolerantzia gradua ere zehazten du.
OSAXYL bio-sentsorea da startup honen lehen garapena, merkatu farmazeutikoan detektatutako premia bat estaltzeko sortua. “Venter Pharma enpresak farmako bat garatu eta patentatu zuen laktosarekiko intolerantzia diagnostikatzeko xilosa erabiliz” azaldu du Asier Albizuk, Osasen enpresako zuzendari nagusiak, “sistema bat behar zuten substantziaren kontzentrazioa neurtzeko gernuan eta pazientearen intolerantzia gradua zehazteko”. Horrela sortu da OSAXYL, diagnostiko-kit bat da, irakurgailu elektroniko eramangarri batez eta erabili eta botatzeko erreakzio-zerrendez osatua dagoena. Sistemak bio-sentsoreen teknologia darabil eta bere berrikuntza nagusia da tresna azkar, ez-inbaditzaile eta merke bat dela patologia modu zehatzean ebaluatzeko.
Duela gutxi, Osasen enpresak Espainiako Medikamendu eta Osasun arloko Produktuen Agentziaren aurretiazko osasun lizentzia eskuratu du, beraz, dagoeneko has daiteke sistema produzitzen eta merkaturatzen. Hala ere, lantaldeak azken baliozkotze bat egingo du ingurune kliniko batean otsailean, merkaturatzen hasi aurretik. “Kanpo- eta barne-baliozkotzeak egin ditugu, baina hirugarren bat egingo dugu Toledoko Ospitalean, ingurune kliniko batean eta benetako pazienteekin”. Prozesu horren ostean, espero dute OSAXYL merkatuan egongo dela 2019ko lehen seihilekoan.
Osasen 2014an sortu zen Biolan enpresaren spin-off gisa. Biolan nekazaritza eta elikadura sektorerako bio-teknologian espezializatutako enpresa bat da, Bizkaiko Teknologia eta Zientzia Parkean kokatuta dagoena. Startup berriak osasun arlora eraman du Biolanen esperientzia, eta bio-sentsorikako gailu batzuk garatu ditu, gai direnak parametroak detektatzeko fluxu biologikoetan.
Duela gutxi, Osasen aukeratua izan da BIND 4.0 programaren 3. edizioan parte hartzeko (32 startupek parte hartuko dute guztira). Azeleragailu horren markoan, Biolanen spin-off honek FAES farmazeutikarekin eta beste startup teknologiko batekin lan egingo du Osasenen bio-sentsoreei adimena eta konektagarritasuna emateko. BIND 4.0 Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldeak eta Euskadiko enpresa trakziogileek zuzendutako azelerazio programa publiko-pribatu bat da. Edizio bakoitzean, startupek eta ongi errotutako enpresek elkarrekin lan egiten dute 4.0 Industriako teknologia berrietan oinarritutako proiektu berriak bultzatzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?