Arabako Elikagaien Bankuak beste bi urtez jarraituko du bere elkartasun-lanarekin Jundiz Industrialdean
Arabako Industrialdeak 2012tik ostatatzen du Elikagaien Bankuak Araba osoan egiten duen elkartasun-lana.
Ekimen honek berretsi egiten du Sprilur Taldeak erantzukizun sozialarekin hartua duen konpromisoa.
Arabako Industrialdeak –Sprilur-ek (Ekonomi Garapen eta Ingurumen Saila eta SPRI) eta Arabako Garapen Agentziak (Arabako Foru Aldundia) partaidetua dagoenak– berritu egin du Arabako Elikagaien Bankuarekin hartutako erabakia, zeinaren bidez Elikagaien Bankuak Gasteizko Jundiz industrialdean mantenduko baititu bere instalazioak bere elkartasun-lana garatzeko, hau da, zaurgarritasun egoera larrian dauden pertsonei arreta emateko.
Arabako Elikagaien Bankuak Arabako Industrialdeari jakinarazi dio bere kokalekua mantendu nahi duela Gasteizko Jundiz Industrialdeko bi pabilioitan (741 m²-koa bakoitza). Irabazi asmorik gabeko erakunde horrek espazio aproposak behar ditu arreta eta laguntza emateko bazterkeria, langabezia eta pobrezia egoeran dauden pertsonei, are gehiago COVID-19aren ondorioz garai latzak bizi dituztenei. Lortutako akordioak berretsi egin du Arabako Industrialdeak –eta, ondorioz Sprilur Taldeak– hartua duen konpromisoa erantzukizun sozialeko proiektuak babesteko.
Elikagaiak modu antolatuan banatzea da antolakunde honek 2012. urtetik Jundizko instalazioetan garatzen duen elkartasun-lana. Iaz, Elikagaien Bankuak 2.300.000 kg produktu banatu zituen gutxi gorabehera. 2021erako adierazleen arabera, iazko kopuruak gainditu egingo dira eta borondatezko kolaborazio publikoa hazi egingo da, laguntza solidarioa beharrezkoa izango baita suspertze- eta berraktibatze-faseari aurre egiteko.
Hauxe da Elikagaien Bankuak Jundizko Industrialdean garatzen duen jarduera: produktuen egokitasuna aztertzea, 10 taldetan sailkatzea (esnekiak, lekaleak, frutak eta barazkiak, okela eta arraina, gailetak eta zerealak, zukuak eta edariak, azukrea eta zopak, barazki kontserbak, haurrentzako zerealak eta higienea, eta olio eta ozpinak), eta produktuak prestatu eta entregatzea. Produktuak batez ere entregatzen dira harrera-zentroetan, jantoki eta egoitzetan, immigrazio-zentroetan, udal eta mankomunitate publikoetan, parrokia eta erakunde erlijiosoetan, kolektibo behartsuen elkarteetan eta beste elikagai banku batzuetan.
Jundizko Industrialdea: espazio eta jarduera anitzak biltzen dituen enpresa-gunea
Arabako Industrialdeak kudeatutako Jundizko Industrialdea Euskadiko handienetako bat da eta Gasteizko erdigunetik hurbil dago. Ongien baloratutako industrialdeetako bat da, erdigunera sartzeko eta gainerako errepide zein aireko azpiegituretara iristeko eskaintzen dituen bide azkarrei esker.
Arabako Industrialdeak, gaur egun, 13 pabilioi dauzka eskuragarri Jundizen: 325 m² eta 1.100 m2 bitarteko espazioan dauden bulegoak, horietatik 77 m²-tik 200 m²-ra bitartean modulatu egin daitezkeenak. Enpresei eskaintzen zaizkien sarbide eta finantzaketa malguko modalitateek aukera ematen dute jarduera ekonomikoa berehala kokatzeko industrialdean.
Lotutako albisteak

Gueñeseko Bioekonomia Polo berria abian egongo da 2026aren hasieran, bioteknologian eta ekonomia zirkularrean oinarritutako trakzio-ekimenei harrera egiteko
Otsailean, erabilerarik ez duen 3.157 m²-ko espazio bat leheneratu eta berreraikitzeko lanei ekin die Sprilurrek, Enkarterriko etorkizuneko Bioekonomia Poloa izan dadin.

Argi berdea Smartlog Nest zentroaren eraikuntzari, automatizazio logistikoaren ikerkuntzaren eta prestakuntzaren arloko erreferente bihurtuko du Urretxu
Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak Smartlog zentroaren instalazioak bisitatu dituzte, konpainiaren berrikuntza-proiektuak eta berrikuntza- eta talentu-zentro berria eraikitzeko planak bertarik bertara ezagutze aldera.

Elkartek, industria adimendunean, energia berriztagarrietan eta osasun pertsonalizatuan oinarritutako ikerketa kolaboratiboa
Eusko Jaurlaritzak Elkartek programa ireki du. Horren bidez, 2030eko ZTBPko lehentasun estrategikoekin lotutako ZTBESeko eragileen ikerketa kolaboratiboa bultzatzeko 44 milioi euroko laguntzak bideratuko ditu. Eskaerak martxoaren 7a baino lehen aurkeztu beharko dira.

Eusko Jaurlaritzak eta Santurtziko udalak Santurtziko Etxe Uliko zabortegiaren berroneratzea azkartzeko akordioa sinatu dute
Eremuak dituen 100.000 metro karratu baino gehiago urbanizatu eta zerbitzu-azpiegiturez hornituko dira, ekonomia-jarduerak hartzeko prestatutako enpresa-eremua garatzeko

Argi berdea Sprilurren Pasaiako bulego-eraikinaren ingurua berrurbanizatzeko
Proiektuaren helburu nagusia kalitatezko hiri-espazio berri bat sortzea da, Sprilur Herrera Iparraldean eraikitzen ari den hirugarren sektoreko erabilerako eraikinaren inguruan