Arabako Legutio udalerrian egin du Egoinek bere azken inbertsio handia. Familiako enpresa hori duela 30 urte sortu zen Natxituan (Bizkaia), eta egurraren sektorean jarduten du. Egun, erreferente da Europa hegoaldean. Enpresaren azken apustu handia 28.500 metro karratuko ekoizpen-fabrika bat izan da (lau futbol-zelairen baliokidea da), eta, horri esker, egurraren eraikuntza industrializatuaren arloan finkatu eta ekoizteko gaitasuna handitu nahi du. Azken proiektu horrek 25 milioi euroko kostua izan du eta Egoinek hiru zentro ditu dagoeneko, ordezkaritzak estatuko logistika-gune estrategikoetan eta nazioarteko presentzia Andorran eta Erresuma Batuan. Guztira, ia 200 langile ditu euskal enpresa horrek eta 40 langile Arabako fabrika berrian daude dagoeneko, Unai Agirre zuzendari nagusiaren arabera.
Zergatik egin duzue proiektu hori eta inbertsio handi hori une honetan?
Orain zen unea. Duela urte batzuetatik liderrak gara Europa hegoaldeko egurraren eraikuntza industrializatuan, estatu mailan batez ere. Gainera, merkatua handitzen ari da eta eskaria handia da; hortaz, liderrak izaten jarraitzeko apustua egiteko unea zen. Apustu teknologiko eta kalitatezkoa ez ezik, baita ekoizteko eta kudeatzeko gaitasunaren aldeko apustua ere.
“Arriskurik handiena ez arriskatzea” dela diozue…
Liderra zarenean, errazena eta erosoena bertan geratu eta ez arriskatzea da. Gu eraikitzaileak gara, baina egurrarekin egindako eraikuntzak ez dira % 2ra iristen egun estatuko eraikuntzan. Aldiz, nazioartean, joera hori handiagoa da, Europa Erdialdean batez ere, eraikuntza berriko eraikinen % 30-40 egurrezkoak baitira. Kontu kulturala da. Duela urte batzuetatik ikusten ari gara eskaria eta kalitatearen exijentzia handitzen ari direla, baita eraikuntza-proiektuen tamaina eta exijentzia teknologikoa ere. Apustua egiteko gure unea zen. Lehenengoak izaten jarraitu nahi bagenuen, ekoizteko teknologia eta gaitasun berriak izan behar genituen, merkatuari eraikuntzako soluzio lehiakorragoak eskaintzen jarraitzeko.
Hobien mundu-erreferenteak “Ezkutuko txapeldunak” direla dioen enpresa-definizio bat bada. Zuen proiektua bat dator horrekin…
Mundu mailan, egurraren balio-kate osoa integratzen duen enpresa gutxienetakoa da gurea, basotik hasi eta obra amaierako muntaketara arte. Duela 30 urte baino gehiago hasi ginen, hasieran, baserrietako egituren birgaitzeak egiten, betiere posizio oso industrializatu batetik. Denborarekin, teknologia guztiak garatu eta eraikin mota guztiak egin ditugu (etxebizitza familiabakarrak, bizitegiak edo zuzkidurakoak), bai estatuan, bai nazioartean. Gure ingeniaritza-taldearen espezializazioari esker egin ahal izan dugu hori, bezeroei laguntzen baitie eraikina diseinatzeko hasierako fasetik, eraikuntzarako ahalik eta soluziorik onenak eskaini ahal izateko. Obraren amaierako exekuzioarekin amaitzen da bide hori. Egoinen uste dugu proiektu bakoitza berria dela eta ikuspegi berdingabea behar duela.
Zer ekoitziko duzu Legutioko fabrikan?
Fabrika berria eraikuntza-teknologia industrializatuaren ekoizpenean dago espezializatua, hau da egur kontraijeztuan, edo CLT izenez ezagunagoa. Hormak eta egurrezko forjatuak eraikitzeko egur oso industrializatua da, bereziki, bizitegi-eraikin altuentzat edo hotelentzat, besteak beste. Fabrika berri horrekin Europa hegoaldeko CLT teknologia-ekoizle nagusia bihurtu gara. EGO CLT HF teknologian oinarritutako muntaketa-sistema horrek Legoren egitura handi baten modura funtzionatzen du, eta, hala, obraren denbora % 50era arte murriztu dezakegu, baita prozesuaren zati horrekin lotutako kostuak ere.
Eta zer bolumenetan?
Fabrika horretan eta gainerako fabriketan egurrarekin eraikitzeko teknologia mota guztiak eskaintzen ditugu, egurrezko eraikinen diseinua optimizatzeko bezeroentzat. Eta Albertiako fabrikakoa beste teknologia bat da, habe ijeztua edo Timber Frame izan daitezkeen moduan. CLT beste teknologia bat gehiago da, eta, beste teknologiekin uztartuz, eraikuntza-soluzio oso espezifikoak eskain ditzakegu proiektu bakoitzarentzat. Zehazki, fabrika horretan xedea da 32.000m3 CLT fabrikatzea bi txandatan. Bolumen handia da hori. Mundu mailan hainbat teknologia fabrikatzen ari gara egurraren 50.000 m3-ren gainetik. Eta hori guztia tokiko egurrarekin, ziurtatutako gertuko basoetatik eratorritakoarekin.
Fabrika horrek zer nolako ekarpena egingo dio Taldearen hazkundeari?
Fabrika berri horrekin, Egoin Wood Groupen ekoizpen-gaitasuna nabarmen handituko da CLT teknologian, eta urtean 35.000 m3 ekoiztetik 52.000 m3 ekoiztera igaroko da. Gainera, operazio horri esker, egurraren eraikuntza industrializatuaren sektorean dugun posizioa indartu ahal izango dugu, eta, aldi berean, ingurumenarekin dugun konpromiso sendoa eta tokiko lehengaien aldeko apustua mantenduko ditugu.
Duela urte batzuk ohartarazi zuten Euskadin egurra bigarren mailako materiala izan dela beti eraikuntzaren arloan, ez ordea Europan… Pertzepzio horrek bere horretan jarraitzen du urte batzuk geroago?
Egoinen sorreran, 90eko hamarkadan, eraikuntzarako erabiltzen genuen egurra Europa Erdialdetik ekartzen genuen, zehazki, Europa erdialdeko izeia izaten zen. Euskadiko egurra kalitate txarrekoa dela zioen uste oker bat egon da tradizionalki. Hori ez da hala. Guk frogatu dugu ez dela horrela, gure radiata pinuak, gure inguruko basoetan ohikoena denak, sobera betetzen dituela eraikinen egiturek behar dituzten funtzioak eta eskakizunak. Apustu erabakigarria da eta gure inbertsioaren zati handi bat da; izan ere, gertuko basoen alde egiteko apustu handia egin behar da I+Gan eta espezie bakoitzaren ezaugarrien ezarpenean. Egun, gure eraikuntzen % 95 Euskadiko basoetako egurrarekin egiten dira eta apustu zaila izan arren, herrialde-apustua da. Garrantzitsua da gogoratzea eraikuntza-sektoreak sortzen dituela CO2 isurpenen % 40, eta guretzat, etorkizunera begira, garrantzitsuena da CO2 biltegiak eraikitzen ari garela, hots, gure eraikinak, etorkizuneko belaunaldientzako bizitokiak. Eta horretarako basoen kudeaketa jasangarria egiten dugu, horrekin bat datorren politikarekin, eta, hala, inpaktu positiboa dugu biodibertsitatean eta aberastasuna sortzen dugu lehen sektorean. Kudeatzen ez den basoa azkenean abandonatuta geratzen den basoa baita.
Taldeak zenbat proiektu egiten ditu urtean eta zer sektore/arlotan?
Egun, 250 eraikuntza-proiektu baino gehiago egiten ditugu urtean mundu osoan zehar, baina, batez ere, Espainian, Erresuma Batuan, Frantzian, Bahametan eta Andorran. 30 urtez sektorean jardun ostean, iragan otsailean 5.000 eraikuntza-proiektutara iritsi ginen. Eta egiten ditugun proiektu moten artean adierazgarrienak dira egurrezko egiturak eta birgaitzeak, bizitegi-eraikinak, familiabakarreko etxebizitzak eta zuzkidura-eraikuntzak edo ekipamenduak, hala nola kirol-pabilioiak, upategiak edo bulegoak.
Une honetan egiten ari zareten proiekturen bat aipa dezakezu?
Praktikan, eraikuntzaren % 25 nazioartean gauzatzen dugu. Aurretik aipatu dudan moduan, gure merkatu nagusiak Erresuma Batuan, Andorran, Portugalen eta Bahametan daude. Luxuzko etxebizitzak egiten ari gara han oraintxe bertan. Puntualki, eskaintzak jasotzen ditugu normalean lan egiten ez dugun merkatuetatik eta horiei ere erantzuten diegu, baina % 75 merkatu nazionalari dagokio. Hori dela eta, Euskadiko fabrika eta egoitzez gain, delegazio tekniko-komertzialak ditugu Madrilen, Balearretan, Katalunian eta Andaluzian.
Eta horrek berezitasuna ematen dio zuen egiteko moduari…
Hala da, bai. Andaluziako erkidegoan esaterako, proiektu oso bereziak lantzen ari gara une honetan, esaterako, Malagako katedraleko obrekin ari gara. Eraikinaren egurrezko estalki osoa egiteaz arduratuko gara. Proiektu horren izaera dela eta, oso sinbolikoa eta berezia da guretzat. Gainera, probintzia horretan bertan, beste proiektu bat egiten ari gara: Torremolinoseko hotel bat Europako hegoaldeko colivingerako egurrezko eraikinik handiena bihurtuko dugu.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?