Filtra tu búsqueda



Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 23 maiatza, 2024 Lurzorua

Euskadik etorkizuneko ibilgailua bultzatu du bere lehen Fabrikazio Aurreratuko Zentroarekin

Sektore mailan erreferentziazko hiru konpainiak, hala nola Mercedes-Benz, Gestamp eta MB Sistemas enpresek, BAM (Basque Automotive Manufacturing Center) bultzatu dute, eta egoitza 2025ean inauguratuko da.
Mariluz Villamor

Aspaldi bihurtu zen automobilgintzaren sektorea Euskadiko ekonomiarentzako gako eta bultzatzaile. Hain zuzen ere, EAEko BPGaren % 25 inguru biltzen du eta orain sendotu nahi duen lidergo estrategikoa du. Nola? Herrialde mailakoa eta asmo handikoa den proiektu disruptiko berri baten bidez: Fabrikazio Aurreratuko Ikerketa Zentroa, BAM (Basque Automotive Manufacturing Center). Horren helburua da sektore honetarako teknologia berrien garapenaren inguruko berrikuntza eta ikerketa bultzatzea. Proiektuak, Europan erreferentzia bihurtzea du xede eta 40 milioi euroko hasierako inbertsioa izango du. Guztia aurrez ikusitakoaren arabera gertatzen bada, 2025eko abuztuan inauguratuko da. Gasteizen du egoitza, Jundizko industrialdean. Mercedes-Benz, Gestamp eta MB Sistemas (Mondragon Taldea) bazkide bultzatzaileek eta Eusko Jaurlaritzak Mari Luz Villamor BAMeko CEOak defendatu berri duen automobilgintza eraginkorra eta ingurumena errespetatzen duena garatzea espero dute bertan.

 Zer da BAM eta zein da bere misioa?

Lehenengo eta behin, testuinguruan kokatu behar dugu. Automobilgintzaren euskal sektorea munduko lehiakor eta berritzaileenetako bat da. ACICAEk emandako datuen arabera, 300 enpresa inguruk osatzen dute. Guztien arteko fakturazioa 20.000 milioi eurotik gorakoa da eta 120.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana (horietako 40.000 langilek Euskadin). Beraz, funtsezko sektorea da Arabarentzat eta Euskadirentzat, eta merkatuko eta teknologia arloko erronka esanguratsuei aurre egiten ari da gaur egun. Horregatik, Administrazioaren laguntza funtsezkoa da erronka horiek gainditzeko.

Zer testuingurutan sortu zen Zentroa?

2023ko uztailean, Basque Automotive Manufacturing Center – Automobilgintzako Fabrikazio Aurreratuko Ikerketa Zentroa sortu zen, irabazi-asmorik gabeko elkartearen forma juridikoarekin, gaitasun zientifiko-teknologiko bereiziak dituen ikerketa-azpiegitura sortzeko eta Arabako eta Euskadiko automobilgintzatik sektorera transferi daitezkeen ikerketa industrialeko jarduerak garatzea ahalbidetzeko. Bazkide sortzaileak automobilgintzaren sektoreko erreferentziazko hiru enpresa dira (Mercedes-Benz, Gestamp eta Mondragon Taldea, MB Sistemas enpresaren bidez), eta Eusko Jaurlaritzak 12,5 milioi euroko laguntza eman die aktibo teknologiko horiek erosteko. Laster, gainera, Arabako Foru Aldundiak emandako bost milioi euroko bigarren laguntza bat jasotzea espero du. Laguntza hori BAM Academy garatzera bideratuko da.

Hori guztia ezagutzaren sorrera bultzatzeko…

Hori da. Gure ikuspegia da automobilgintzaren arloan erreferentziazko zentroa izatea Estatuan eta Europan, elkarlanerako ikerketa bultzatuz eta etorkizuneko erronka teknikoak konpontzeko ekimenak gidatuz. Gure misioa elkarlaneko ikerketa eta ezagutza sortzea da, etorkizuneko ibilgailurantz aurrera egiteko, Euskadiko automobilgintza sektorearen balio-katearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna lortzen lagunduta.

Esparru horretan, zer rol betetzen du Adimen Artifizialak?

Dagoeneko Adimen Artifiziala (AA) probatzen ari gara hainbat prozesutan, hala nola prozesuen eta produktuaren biki digitalaren bidezko modelatze eta simulazio aurreratuan. Simulazio konplexuak dira, hainbat diseinuk ibilgailuaren errendimenduan eta ibilgailuaren fabrikazio-prozesuaren (OEE) errendimenduan nola eragingo luketen aurrez ikusteko balio dutenak. Fabrikazio Aurreratuko prozesuetan, mantentze-lan prediktiboan, automatizazioan eta kalitate-kontrolean eta logistikaren baitako AGV flotaren kudeaketa integralean ere AA aplikatzen ari gara.

Zehaztuko zeniguke testuinguru horietako bakoitza?

Fabrikazio Aurreratuan, adibidez, prozesu-datuen bolumen handiak aztertzen ditugu fabrikazio-prozesua denbora errealean optimizatzeko, prozesuaren baldintzak doituz eraginkortasuna maximizatzeko eta alferrik galtzen dena minimizatzeko. Mantentze prediktiboan, berriz, sentsoreen datuak eta iraganeko matxuren erregistroa erabiltzen ditugu ekipoaren akatsak aurrez ikusteko. Zentzu horretan, GPT motako chatbot-a erabiltzen dugu mantentze-lanetako teknikariak sistemarekin eta konponketa-katalogoekin komunikazio arina izan dezan. Automatizazioari eta kalitate-kontrolari dagokienez, ikusizko ikuskapen automatizatuan zentratzen gara ibilgailuen osagaietan egon daitezkeen akatsak antzemateko (end of line test).

Zein da BAMen estrategia automobilgintzako euskal enpresen prozesuen eraldaketa teknologiko-digitala bizkortzeko?

Estrategiaren oinarria da BAMen instalatutako gaitasun zientifiko-teknologikoetan teknologia berriak garatzea eta balioztatzea lankidetza-proiektuen bidez. Balioztatze-lan horren emaitzei esker, automobilgintzaren sektoreko Euskadiko ekosistema indartu egingo da (enpresa handiak, ETEak, start up-ak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta abar). Gainera, balioztatze horretan sortutako ezagutza Euskadiko beste enpresa batzuetara transferitu ahal izango da, BAM Academyren bidez.

Enpresaren zer sailek edo funtziok jasoko dituzte bizkorren prozesuen robotizazioaren eta digitalizazioaren onurak?

Prozesu, Mantentze, Logistika eta Kalitate arloetako Ingeniaritzak.

Zein dira fabrikazio-prozesu aurreratuak ezartzean eta elkarlaneko ikerketa-proiektuak egitean BAMek dituen erronkarik handienak, eta zer urrats ematen ari zara horiek gainditzeko?

Erronkarik handiena pertsonak berak dira. Taldeek aldaketaren beharra ulertu eta horretara egokitu beharra dute, teknologia berrietan beharrezkoak diren trebetasunak eskuratuta. Bestalde, beste erronketako bat elkarlanerako ikerketa hori egiteko espazio komun bat izatea da. Horixe bera izango da 2025eko abuztuan BAMen eraikin berria eta, horrek bazkideak, bazkide teknologikoak, unibertsitateko doktoregaiak eta Euskadiko zentro teknologikoetako langile espezializatuak integratzeko aukera emango digu.

Nola uste duzu eraldatuko duela Adimen Artifizialak industria eta zer egiten ari da BAM eraldaketa hori gidatzeko?

AA industria eraldatzen ari da dagoeneko, eta BAMek gidatuko du eraldaketa hori Euskadiko automobilgintzaren sektorean, lehen esan dudan bezala, dagoeneko onartuta dauden proiektu teknologikoen bidez eta eraikin berrian abian jarriko ditugun beste batzuen bidez, eta BAM Academyn eskainiko ditugun prestakuntza espezializatuaren eta masterren bidez. Hori guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntzei esker eramango dugu aurrera.

 

Lotutako albisteak

27 Azaroa, 2024 Lurzorua
Patricia Gutiérrez: “Jundizeko Enpresa Elkarteak kanpora begiratzeko unea da”
Irakurri gehiago
17 urria, 2024 Berrikuntza
P4Q: “Garrantzitsua da lan-giroa parekidea dela senti dadin”
Irakurri gehiago
16 urria, 2024 Lurzorua
YOiD: “NANa eskuan eta sinatzeko boligrafoa duen erabiltzaile baten baliokide digitala gara”
Irakurri gehiago
Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Ekintzailetza
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
23 abuztua, 2024 Berrikuntza
Manex 4.0-HRE Automationek “Espezializazio estrategikoa” saria jaso du 2024 Toribio Echevarria sarietan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak