Albisteak 9 otsaila, 2024

Euskadiko parke teknologikoak 30 urte ospatuko ditu talentuaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren zerbitzura Gipuzkoan

Beraien jarduera Donostiako Campusean eta Euskadiko Parke Teknologikoko Hernaniko Campusean egiten duten 203 enpresa eta 6.500 pertsona baino gehiago erreferenteak dira proiektu eraldatzaile eta berritzaileetan
  • Iñigo Urkullu lehendakariak eta Estibaliz Hernaez Euskadiko Parke Teknologikoko presidenteak hartu dute parte 30. urteurrenaren ospakizunean; bertan Gipuzkoako Parke Teknologikoaren aurtengo leloa izango dena aurkeztu da: Innfiniturantz

Donostia Campusak Euskadiko Parke Teknologikoa Gipuzkoan martxan jarri zeneko 30. urteurrena ospatu du gaur. Ekitaldian, gaur egun gune horretan lan egiten duten eta Gipuzkoako eta Euskadiko garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzen duen berrikuntzarako eta garapen teknologikorako toki bihurtzen laguntzen duten 203 enpresen ordezkaritza zabala izan da.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Estibaliz Hernáez Euskadiko Parke Teknologikoko presidenteak hartu dute hitza bertaratutakoen aurrean. Horien artean erakundeetako ordezkaritza zabala izan da, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia, eta Eneko Goia Donostiako alkatea buru zirela.

Beren hitzaldietan nabarmendu duten bezala, Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusa, Hernaniko Campusarekin batera, Gipuzkoako eta Euskadiko ekonomiak azken 30 urteetan izandako eraldaketaren adierazlerik nagusietakoa da. Guztira 203 enpresak eta I+Gko eragilek egiten dute beren jarduera kalitate goreneko espazio bereizgarrian. Konpainia horiek 1.405 milioi euroko fakturazio bateratua sortu zuten eta, oro har, 172 milioi euro inbertitu zituzten I+G jardueretan. Guztira, 6.500 pertsona baino gehiagok egiten dute bertan lan, eta horietatik erdiek baino gehiagok unibertsitateko titulua dute.

Zehatzago, Estibaliz Hernáezek Gipuzkoako Parke Teknologikoaren etorkizunaz hitz egin nahi izan du, azken 30 urteetako historia arrakastatsuaren gainetik, eta hiru hitzetan laburbildu du: talentua, berrikuntza eta jasangarritasuna. Alde horretatik, Parke Teknologikoaren ibilbidea 30. urteurrena ospatzeko aukeratutako leloarekin lotu du: Parke Teknologikoaren espiritua eta berrikuntzarekin eta dinamismoarekin duen lotura irudikatzen duen Innfiniturantz.

Iñigo Urkullu lehendakariak Parke Teknologikoko presidentearen hitzak berretsi ditu, eta Donostiako Campusak eta Hernaniko Campusak zientziaren eta teknologiaren euskal ekosisteman duten garrantzia eta, bereziki, Gipuzkoako lurraldeko garapen planak baloratu ditu.

Horrela, ekitaldian gogorarazi da Donostiako Campusean eraikinen % 100 inguru okupatuta daudela, eta, beraz, inoiz baino beharrezkoagoa dela Illunbeko eremuan aurreikusitako hedapena. Horretarako, Donostiako Udalarekin elkarrizketak egiten ari dira.

Era berean, funtsezkotzat jotzen da eraikin berri bat egiten hasiko den Hernaniko Campusaren eta Hondarribiako Campusaren hazkundearen aldeko apustua. Azken kasu horretan, udalerriko HAPO berria izateko zain daude.

Gipuzkoarekiko konpromisoa

30 urteko historian, Gipuzkoako Parke Teknologikoaren jarduera ingurune berezian gauzatu da. Enpresaren etorkizunari buruzko apustua ingurune naturalean egiten du, jasangarritasuna ardatz hartuta, eta espazioen kalitate urbanistikoa eta arkitektonikoa bereizgarri izanik. Bertan, gure gizartearen aurrerabiderako funtsezkoak diren sektoreetan lan egiten duten pertsonak estimulatu, motibatu eta zaindu egiten dira.

Horretaz guztiaz gain, Parke Teknologikoak, sortu zenetik, zientzia eta teknologia gizarteari hurbiltzeko bokazio argia erakutsi du, hainbat ekimenen bidez aurrera egiteko funtsezkoa den ezagutza partekatuz. Bereziki, gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatu ditu, eta emakumeak zientzian eta teknologian duen zeregina ikusarazi du.

Donostia Campusa sei campus aktiboen (Zamudio/Derio, Leioa, Donostia, Vitoria-Gasteiz, Hernani eta Abanto) eta Euskadiko Parke Teknologikoan proiektatutako hiru campusen (Ortuella, Bilbo eta Hondarribia) parte da. Talentuz eta ezagutzaz osaturiko ekosistema horrek industria arloko euskal politikan berrikuntzari eta nazioartekotzeari rol protagonistak emateko apustua biltzen du.

Azkenik, Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campusak gaur egun betetzen duen erreferentziazko tokiaren benetako egileak izan diren eta proiektu honen parte diren pertsona guztien lana aintzatesteko ere balio izan du ekitaldiak. Ilusioz betetako etorkizunari egiten dio aurre, bertan instalatutako I+G arloko enpresek eta zentroek biltzen duten talentuari, ezagutzari eta berrikuntzari esker.

Argazki ofizialen ondoren, egoitza Donostiako Campusean bertan duen Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) harizko laukotearen emanaldiaz eta Demode Quartetek egin duen “Over the rainbow” musikaleko kantu baten euskarazko bertsioaz gozatu dute gonbidatuek.

 

Lotutako albisteak

Eusko  Jaurlaritzak  Legazpiko  garai  bateko  Sidenorren  lantegia  berroneratzeko  bigarren  fasea  jarri  du  abian,  Urola  ibaia  azaleratzeko  eta  ingurua  berrurbanizatzeko  obrekin
11/03/2025 SPRILUR

Eusko Jaurlaritzak Legazpiko garai bateko Sidenorren lantegia berroneratzeko bigarren fasea jarri du abian, Urola ibaia azaleratzeko eta ingurua berrurbanizatzeko obrekin

Obrak egiteko 13 hilabeteko epea aurrez ikusi da, eta 5 milioi euroko inbertsioa egingo da

Zallako  Elkartegi  berriak  Enkarterri  eskualdeko  garapen  ekonomikoa  eta  lehiakortasuna  sustatuko  ditu  enpresa  berrien  bidez
05/03/2025 SPRILUR

Zallako Elkartegi berriak Enkarterri eskualdeko garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatuko ditu enpresa berrien bidez

Zallako Elkartegi berriaren eraikuntza Eusko Jaurlaritzak (SPRILURen bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundiak (AZPIEGITURAKen bidez) bultzatu dute, eta Enkarterri eskualdeko ekonomia suspertzeko hartutako konpromisoei erantzuten die, Eusko Legebiltzarrak lehentasunezko jarduketa-eremutzat (LJE) jo baitu

Xey  enpresak  Zumaian  zuen  lantegian  52.800  metro  koadroko  eremua  egokitzeko  lanak  hasi  ditu  Sprilurrek
03/03/2025 Lurzorua

Xey enpresak Zumaian zuen lantegian 52.800 metro koadroko eremua egokitzeko lanak hasi ditu Sprilurrek

Sprilurrek Zumaiako Oikia industrialdean egingo duen berroneratzea degradatutako lurzoruak berreskuratzeko proiektuei lotuta dago, gero balioa emateko

Euskadiko  Parke  Teknologikoa  Illunbera  zabalduko  da  Donostiako  Udalaren  eskutik,  enpresa-proiektu  estrategikoak  posible  eginez,  hala  nola  Columbus  Venture  Partners-ek  gidatutakoa
28/02/2025 Lurzorua

Euskadiko Parke Teknologikoa Illunbera zabalduko da Donostiako Udalaren eskutik, enpresa-proiektu estrategikoak posible eginez, hala nola Columbus Venture Partners-ek gidatutakoa

Euskadiko Parke Teknologikoko presidente Jaione Ganzarainek eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur goizean formalizatu dute Illunbeko b.20.1 partzelaren salerosketa, eta, horrela, 2023. urtearen hasieran hasitako prozesua amaitu da.  

Gueñeseko  Bioekonomia  Polo  berria  abian  egongo  da  2026aren  hasieran,  bioteknologian  eta  ekonomia  zirkularrean  oinarritutako  trakzio-ekimenei  harrera  egiteko
10/02/2025 Lurzorua

Gueñeseko Bioekonomia Polo berria abian egongo da 2026aren hasieran, bioteknologian eta ekonomia zirkularrean oinarritutako trakzio-ekimenei harrera egiteko

Otsailean, erabilerarik ez duen 3.157 m²-ko espazio bat leheneratu eta berreraikitzeko lanei ekin die Sprilurrek, Enkarterriko etorkizuneko Bioekonomia Poloa izan dadin.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.