Euskadiko Teknologi Parkeen Sareak errealitate birtualeko gela berri bat dauka Bizkaian
Euskadiko Teknologi Parkeen Sareak, berrikuntzaren alde egin duen apustuaren barruan, laguntza ematen die enpresei era askotako teknologia bideratzaileak erabiltzen hasteko. Hala, aukera eskaintzen die errealitate birtuala erabiltzen hasteko Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko ( PARKEA ) X.0 espazio berriaren bidez (101 eraikina). Errealitate birtualeko areto berri hori (110 m2) enpresen zerbitzura jarri da, euren errealitate birtualeko edukiak ikusaraz ditzaten erabiltzaile anitzentzako formatuan eta eskala handian.
Hub berri horrek oinarritzat dauka Virtualware enpresak diseinatutako VIROO® berrikuntza-plataforma, zeinari esker saio murgiltzaileak sortu, kudeatu eta hedatu baitaitezke prestakuntzarako, prototipoak sortzeko, diseinuak berrikusteko edo imajina daitekeen errealitate birtualeko beste edozein edukitarako.
“Errealitate birtualeko areto berria Sareko enpresa kide guztiei estaldura emateko abiarazi dugun beste zerbitzu bat da. Proiektu hau martxan jartzea mugarri garrantzitsu bat da, errealitate birtuala erabiltzeko aukera ematen dielako gure enpresei eta Euskadiko beste enpresa batzuei, hots, teknologia bat oso lagungarria gerta dakiekeena euren produktua eta jarduera ekonomikoa garatzeko. Uste dugu ekimen honen bidez euskal enpresetan garatzen ari diren I+G+B-ko prozesu guztiak hobetu ahal izango direla”, esan du Itziar Epalzak, Euskadiko Teknologi Parkeen Sareko zuzendari nagusiak.
Berrikuntza tresna honekin eduki propioak sor daitezke modu erraz eta eskalagarrian, garapen txikiak zein handiak eginez.
VIROO® plataformak arazoak konpontzen laguntzen du eta orobat mundu errealeko balio-sorkuntza maximizatzen. Plataforma hori iraultza bat sortzen ari da industrietan, mundu fisikoaren eta digitalaren arteko mugak lausotzen dituelako, eta horrek eraldaketa digitaleranzko bidea azkartzen dielako antolakunde eta lantaldeei.
Virtualware enpresak hau jakinarazi du: “Estatu Batuetako Patente eta Marken Bulegoak patente berri bat eman digu erabateko tracking sistemagatik, eta hori ere hub honetan integratuta dago. Teknologia berri horren laguntzarekin posible dugu teknologia indartsuagoak garatzea korporazio industrialek euren egunerokoan aurkitzen dituzten arazo esanguratsuak konpontzeko”.
Berdin aplika liteke ikerketa eta berrikuntzan ere, proiektu aitzindariak garatuz eta langileak trebatuz errealitate birtualeko berrikuntza-laborategi guztiz pertsonalizagarrien bidez. Marketin eta salmenten arloan, berriz, inpaktu handiko demostrazio murgiltzaileak eta erakusketa aretoak sortzeko balio du.
Simulazioaren arloan, lan-indarraren gaitasunak hobetzen laguntzen du, leialtasun handiko eta eskala errealeko gaikuntza errealistari esker. Orobat erabili daiteke ikaskuntzarako tresna presentzial bezala edo urrunetik. Azkenik, prototipoen ingeniaritza eta sorkuntza arloan, lagungarri da oztopoak garaiz identifikatzeko, prototipoak sortzeko eta konponbideak probatzeko erreplika birtualak erabilita
Lotutako albisteak

Eusko Jaurlaritzak Legazpiko garai bateko Sidenorren lantegia berroneratzeko bigarren fasea jarri du abian, Urola ibaia azaleratzeko eta ingurua berrurbanizatzeko obrekin
Obrak egiteko 13 hilabeteko epea aurrez ikusi da, eta 5 milioi euroko inbertsioa egingo da

Zallako Elkartegi berriak Enkarterri eskualdeko garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatuko ditu enpresa berrien bidez
Zallako Elkartegi berriaren eraikuntza Eusko Jaurlaritzak (SPRILURen bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundiak (AZPIEGITURAKen bidez) bultzatu dute, eta Enkarterri eskualdeko ekonomia suspertzeko hartutako konpromisoei erantzuten die, Eusko Legebiltzarrak lehentasunezko jarduketa-eremutzat (LJE) jo baitu

Xey enpresak Zumaian zuen lantegian 52.800 metro koadroko eremua egokitzeko lanak hasi ditu Sprilurrek
Sprilurrek Zumaiako Oikia industrialdean egingo duen berroneratzea degradatutako lurzoruak berreskuratzeko proiektuei lotuta dago, gero balioa emateko

Euskadiko Parke Teknologikoa Illunbera zabalduko da Donostiako Udalaren eskutik, enpresa-proiektu estrategikoak posible eginez, hala nola Columbus Venture Partners-ek gidatutakoa
Euskadiko Parke Teknologikoko presidente Jaione Ganzarainek eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur goizean formalizatu dute Illunbeko b.20.1 partzelaren salerosketa, eta, horrela, 2023. urtearen hasieran hasitako prozesua amaitu da.

Gueñeseko Bioekonomia Polo berria abian egongo da 2026aren hasieran, bioteknologian eta ekonomia zirkularrean oinarritutako trakzio-ekimenei harrera egiteko
Otsailean, erabilerarik ez duen 3.157 m²-ko espazio bat leheneratu eta berreraikitzeko lanei ekin die Sprilurrek, Enkarterriko etorkizuneko Bioekonomia Poloa izan dadin.