Eusko Jaurlaritzak Legazpiko garai bateko Sidenorren lantegia berroneratzeko bigarren fasea jarri du abian, Urola ibaia azaleratzeko eta ingurua berrurbanizatzeko obrekin
-
- Berroneratze-lanen bigarren edizio honetan, altzairu-fabrikari erantsitako eraikinak eraitsiko dira, Urola ibaia azaleratzeko eta ingurua berrurbanizatzeko
- Legazpiko alkateak, Eric Gálvezek, eta Sprilur SAko zuzendari nagusiak aurrez ikusitako lanak hasi dituzten eremua bisitatu dute
- Egikaritze-epea 13 hilabetekoa izango da, eta 5 milioi euroko inbertsioa egingo da
Sprilur, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko eta Spri Taldearen barruan dagoen lurzorua kudeatzeko sozietate publikoak, Sidenorrek Legazpin garai batean zituen instalazioak hartzen dituen eremuko 90.882 m²-ko azaleran integratutako lursailaren urbanizazio osagarriaren proiektuaren bigarren faseari ekin dio.
Legazpiko Udalaren lankidetza erabakigarria izan da proiektua abiarazteko eta aurrera egiteko. Horrela, bigarren fase honetako obrak hasteko unean izan dira Eric Galvez Legazpiko alkatea eta Sprilur SAko zuzendari nagusia, eta eremura egindako bisitaren ondoren, proiektuaren balorazioa egin dute.
Alkatearen iritziz, “Legazpirentzat ez ezik eskualde osoarentzat ere estrategikoa izatea nahi dugun eremua berreskuratzera gehiago hurbilduko gaituen mugarri baten aurrean gaude. Oraindik gogoan dut 2009ko udan, oraindik ikaslea nintzela, beste hainbat bizilagunekin batera, kalera nola atera ginen Sidenorren itxieraren (2009) aurka manifestatzera. Legazpiko Udalak, gertakari mingarri hartatik ia 16 urte igaro direnean, baikortasunez eta ilusio handiz hartu du obra hau. Gure esku dagoen guztia egin dugu berreskuratzea aurrera eraman ahal izateko. Eskerrak eman nahi dizkiet Eusko Jaurlaritzari eta Sprilurri Legazpiren aldeko apustua egiteagatik. Hainbat erakunderen arteko lankidetzak eskaintzen dituen emaitzen adibide argia da hau”.
Sprilurren aldetik, Txaber Ouro zuzendari nagusiak adierazi duenez, “degradatutako lurzoruak berreskuratzea eta jarduera ekonomikorako espazioak izateko beharrari irtenbidea ematea da gure lehentasuna. Horrela, Euskadin berroneratutako lurzoru industrial gehiago eta hobea izatea da gure helburua. Sidenorrek Legazpin betetzen zuen eremu hau ingurumenari, ondareari eta garapen ekonomikoari dagokienez lurzorua babesteko dugun konpromisoaren adibide garbia da. Ziur gaude jarduketa hau Legazpin eta Urola Garaian ekonomia eta industria berriaren eragile eta sortzaile bihurtuko dela”.
Urola ibaia azaleratzeko eta ingurunea berrurbanizatzeko egin beharreko lanak
Fase honetan aurrez ikusitako obren helburu nagusia da egindako azterketa hidraulikoaren ondorioz Urola ibaia azaleratzea. Horretarako, antolamendu osagarria eta Legazpiko Bellota enpresako industria eremua berreskuratzeko berrurbanizazio-lanak egin beharko dira.
Proiektua aurrera eramateko egin beharreko lanei dagokienez, beharrezkoa izango da altzairutegi zaharrari erantsitako eraikinak eta hotzean ijezteko eraikinaren zati bat eraistea. Fase honetan, eraiste-lanaren ondoriozko hobien betelana hondeaketatik bertatik datorren hautatutako eta balorizatutako materialarekin egingo da.
Ondoren, Urola ibaia azaleratzeko lanei ekingo diete, 120 metro inguruko luzeran. Ibaiaren jatorrizko egoera berreskuratzea du helburu, eremuaren behealdeko estaldura kenduz. Prozesu horren ondorioz, Urola ibaiaren bi ertzetan ibaia bideratzeko bi horma handi egingo dira (7 metro inguruko altuerakoak). Bestalde, industrialdean uholde-arriskuak saihesteko, ibaia azaleratu ezin den sarrerako biribilgunearen eremuan, zubi berri bat eraikiko da estalduraren hustubide-ahalmena handitzeko eta aurrez ikusitako azaleratzea errazteko. Gainera, ibaiaren eskuineko ertzean pasealeku bat egitea aurrez ikusi da, Zumarragarako noranzkoan bidegorriarekin lotu arte.
Azkenik, Sprilurrek harguneak, lur-mugimenduak, ur-bilketa, saneamendua eta instalazio elektrikoa berrurbanizatu eta gauzatuko ditu. Euri- eta hondakin-urei dagokienez, bilketa bereiziko sistema duten kolektoreen bidez egingo da. Bestalde, argiztapen-sarea Urola ibaiaren ertz batean zehar instalatuko da, LED argiekin konektatutako lurpeko kanalizazioen bidez, energia-kontsumo jasangarria lortzeko.
Obrak egiteko 13 hilabeteko epea aurrez ikusi da, eta 5 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Bellota enpresaren eremua, erabiltzen ez den eremu industrial bat berroneratzeko proiektua
Sprilurrek 2021ean hasi zuen garai batean Sidenor siderurgia-enpresa kokatuta zegoen 90.882 m²-ko Legazpiko AU 35 Bellota eremua berrurbanizatzeko eta berrantolatzeko lehen fasea. Eremu hark hamarkada bat baino gehiago zeraman jarduerarik gabe. Lehen fase hartan, Sprilurrek berrurbanizazio-lana egin eta azalerak eta bideak hainbat lursailetan kotatu zituen. Era berean, ingurua zerbitzu-azpiegituraz hornitu zen, espazio, espaloi, bidegorri eta aparkaleku zabalagoekin. Proiektu honetan, Sprilurrek jasangarritasuneko neurri garrantzitsuak ezarri ditu eta, horien ondorioz, erauzitako hondakinen bolumen handia kudeatu behar izan du (16.581 metro kubiko). Bolumen horren % 85 obra garatzeko eta egokitzeko erabili zituzten.
Eremuak Babes eta Kontserbazio Bereziko Plana ere jasotzen du, Legazpiko ondare historiko industrial gisa, eta horrek eraikin eta egitura batzuen kontserbazioa eskatzen zuen.
2023an, garai bateko fabrikako jatorrizko bi tximinien birgaitze-lana amaitu zen, Legazpiko Industria Ondarea Kontserbatzeko Planaren barruan babes maila gorenenarekin katalogatu baitzeuden.
Erabiltzen ez diren industria eremuak berreskuratzea Sprilur Taldearen jarduera-ildo eta -helburu estrategikoetan sartzen da eta, zehazki, Legazpiko garai bateko Sidenor lantegia lehengoratzeko proiektua izan da orain arte bideratutako jarduketen artean hedadura handienetako bat duena. Lan horietan, gainera, kudeaketa jasangarriko neurri esanguratsuak bideratzen ari da Sprilur.
Lotutako albisteak

Metal 78 enpresa ezarrita, Arcelorrek Zumarragan zuen lantegiaren berregokitze industriala abian jarri da
Arcelorrek Zumarragan garai batean zuen fabrikan industria eremuaren berroneratze integrala eta berregokitzea egiteko prozesuaren barruan kokatzen da enpresaren ezarpena, eta Eusko Jaurlaritzak 25 milioi euro inbertituko ditu bertan

Zallako Elkartegi berriak Enkarterri eskualdeko garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatuko ditu enpresa berrien bidez
Zallako Elkartegi berriaren eraikuntza Eusko Jaurlaritzak (SPRILURen bidez) eta Bizkaiko Foru Aldundiak (AZPIEGITURAKen bidez) bultzatu dute, eta Enkarterri eskualdeko ekonomia suspertzeko hartutako konpromisoei erantzuten die, Eusko Legebiltzarrak lehentasunezko jarduketa-eremutzat (LJE) jo baitu

Xey enpresak Zumaian zuen lantegian 52.800 metro koadroko eremua egokitzeko lanak hasi ditu Sprilurrek
Sprilurrek Zumaiako Oikia industrialdean egingo duen berroneratzea degradatutako lurzoruak berreskuratzeko proiektuei lotuta dago, gero balioa emateko

Euskadiko Parke Teknologikoa Illunbera zabalduko da Donostiako Udalaren eskutik, enpresa-proiektu estrategikoak posible eginez, hala nola Columbus Venture Partners-ek gidatutakoa
Euskadiko Parke Teknologikoko presidente Jaione Ganzarainek eta Donostiako alkate Eneko Goiak gaur goizean formalizatu dute Illunbeko b.20.1 partzelaren salerosketa, eta, horrela, 2023. urtearen hasieran hasitako prozesua amaitu da.

Gueñeseko Bioekonomia Polo berria abian egongo da 2026aren hasieran, bioteknologian eta ekonomia zirkularrean oinarritutako trakzio-ekimenei harrera egiteko
Otsailean, erabilerarik ez duen 3.157 m²-ko espazio bat leheneratu eta berreraikitzeko lanei ekin die Sprilurrek, Enkarterriko etorkizuneko Bioekonomia Poloa izan dadin.

Argi berdea Smartlog Nest zentroaren eraikuntzari, automatizazio logistikoaren ikerkuntzaren eta prestakuntzaren arloko erreferente bihurtuko du Urretxu
Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak Smartlog zentroaren instalazioak bisitatu dituzte, konpainiaren berrikuntza-proiektuak eta berrikuntza- eta talentu-zentro berria eraikitzeko planak bertarik bertara ezagutze aldera.

Eusko Jaurlaritzak eta Santurtziko udalak Santurtziko Etxe Uliko zabortegiaren berroneratzea azkartzeko akordioa sinatu dute
Eremuak dituen 100.000 metro karratu baino gehiago urbanizatu eta zerbitzu-azpiegiturez hornituko dira, ekonomia-jarduerak hartzeko prestatutako enpresa-eremua garatzeko

Argi berdea Sprilurren Pasaiako bulego-eraikinaren ingurua berrurbanizatzeko
Proiektuaren helburu nagusia kalitatezko hiri-espazio berri bat sortzea da, Sprilur Herrera Iparraldean eraikitzen ari den hirugarren sektoreko erabilerako eraikinaren inguruan

Sprilurrek eraiki berri bat eraikitzen ari du Ortuellako Ballonti poligonoan erabilgarri dagoen azken partzela industrialean
Urrian hasi ziren 1.633 m²-ko eraikin berria eraikitzeko lanak.

2024ko Lurzoruaren Munduko Eguna erabilerarik gabe dauden kokaguneen berreskurapenarekin ospatzen da Euskadin, bertan proiektu berriak ezartzeko
Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordetzaren, Sprilurren eta Ihoberen arteko lankidetzak helburutzat hartzen du lurzati batzuk merkatura itzultzea, haien berreskurapena lortu eta gero, pertsonen eta ingurumenaren osasuna erabilera berrietan bermatuz