Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 urria, 2020 Azpiegiturak

Sprilur-ek duen Hirigintzako Garapen Jasangarriko gidaliburua UPV-EHUren Ingeniaritza Zibileko azterlanen programan integratu da

Sprilur eta UPV-EHUren arteko lankidetza hau gizarte-enpresa arloko konpromiso baten barruan sartzen da, eta helburutzat dauka jardunbide egokiak partekatzea eta sinergiak eta ezagutzaren transferentzia bultzatzea enpresen eta unibertsitatearen artean.
Ingenieritzako ikasleak Kanpandegiko urbanizazio-lanak bisitatzen.

Sprilur Taldeak gaur arte martxan jarri dituen proiektu guztietan -hala hirigintzakoetan nola eraikuntzakoetan- aplikatu ditu Eraikuntza Jasangarriko Gidaliburuak horrela bete dituelarik azpiegitura industrial jasangarrien garapenean hartutako helburu korporatibo eta estrategikoak. Sprilur Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen saileko eta SPRI Taldeko kidea da.

 

Zentzu horretan, Ingeniaritza Zibileko Fakultateko (UPV-EHU, Donostia) 4. mailako ikasleek Lazkaoko Kanpandegiko urbanizazio-proiektua (Goierri Beheko Industrialdea) baliatu dute gidaliburu hori aplikatzeko onlineko ikaskuntzarako metodologia eta tresna gisa, ezagutza barneratzeko, eta jardunbide egokiak aplikatzeko euren ikasketa planetan.

 

Sprilur-eko ordezkariak, Lazkaoko Udaleko kideak eta Kanpandegiko urbanizazio eta garapen jasangarriko proiektuko teknikari eta adituak Lazkaon izan dira gaur, Ingeniaritza zibileko ikasleekin batera, bertan egitekoa den industrialdeko urbanizazio-lanak bisitatzen. Ikasleek bertatik bertara ikusi dute nola doazen lanak eta nola aplikatzen diren Eraikuntza Jasangarriko Gidaliburuak urbanizazio-lanetan, bai diseinuko fasean, bai lanak egiterakoan.

 

Urbanizazio-proiektu eta -lanetan aplikatzen diren garapen jasangarriko jardunbide horietan interesaturik, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta haren Ingeniaritza Zibileko graduak erreferentziatzat hartu dute argitaratutako Urbanizazio Proiektuen Garapen Jasangarrirako Gidaliburua, eta integratu egin dute “Proiektuak, obren plangintza eta kudeaketa; Segurtasuna eta legeria” ikasgaian. Sprilur-ek argitaratutako Gidaliburu hori 2011. urteaz geroztik aplikatzen da, eta aldiro eguneratzen da, urbanizazio- eta eraikuntza-arloetan indarrean dauden araudietan aldaketak gertatu ahala.

 

Gidaliburuaren helburua da urbanizazio-proiektu eta -lanen jasangarritasun gradua baloratzea, proiektu eta lan horiek zuzentzea eta, gainera, ingurumena errespetatzen duten neurriak aplikatzea edozein urbanizazio-proiektu gauzatzeko prozesuan. Metodologia honek hainbat jardunbide egoki jasotzen ditu, urbanizazio-proiektuen bizi-ziklo osoan aplikatu daitezkeenak. Iradokitako neurri horiek lanak egitean aplikatu eta betetzen badira, proiektuak DURBE ziurtapen ofiziala lortuko du, lanak bukatu ondorengo analisian neurtutako anbientalizazio eta jasangarritasun graduaren erakusgarri.

 

Sprilur eta UPV-EHUren arteko lankidetza hau gizarte-enpresa arloko konpromiso baten barruan sartzen da, eta helburutzat dauka jardunbide egokiak partekatzea eta sinergiak eta ezagutzaren transferentzia bultzatzea enpresen eta unibertsitatearen artean.

 

Kanpandegiko Industrialdeak izango dituen ezaugarriak

 

Goierri Beheko Industrialdeak aurreikusi duen industrialde proiektuaren barruan, Kanpandegiko eraikuntzek bi maila edo garaiera izango dituzte, eta errepide batek inguratuko du perimetroa nabeetara zuzenean sartzeko. Urbanizazio-fase honetatik aterako den partzeletako batek (21.1) 3.000 m²ko okupazio azalera izango du, eta 6.000 m²ko azalera eraikigarria. 21.3 partzelak, berriz, 4.500 m²ko okupazioa eta eraikigarritasuna izango du, eta 21.2 partzelak, 4.500 m²ko okupazio azalera duenak, 9.000m² aprobetxagarri izango ditu bi altueratan. Hau da, guztira 19.500 m² eraikigarri, lanak bukatutakoan nabe modularrak eraiki ahal izateko, enpresa interesatuen azalera-beharren arabera.

 

Une honetan martxan dagoen urbanizazio-fasean ez da egingo lur mugimendu handirik, ingurumen arloko eta garapen jasangarriko irizpideak errespetatuz. Hala, beheko mailaren indusketatik ateratako lurra betegarri gisa erabiliko da goiko maila urbanizatzeko.

 

Kanpandegiko Industrialdeak 12.788 m2 espazio libre eta gune berde izango ditu eremuaren inguruko ubidearen, ezponden eta errepideko nahiz biribilgune nagusiko espazio libreen artean. Era berean, gune berdeetan eta Agauntza errekaren ibarrean aplikatuko diren ingurumen-neurrien artean, bertako espezie eta landareak landatuko dira, espazioak eta ingurunea paisaian integratu daitezen.  Bidegorri batek zuzenean konektatuko ditu Lazkaoko herria eta pabilioiak.

 

Industrialdea urbanizatzeko lanak amaitutakoan, Goierri Beheko Industrialdeak hiru partzela industrial izango ditu; horietako batek 4.500 m2ko azalera eraikigarria izango du, eta merkaturatu ondoren posible izango da bigarren fasea martxan jartzea eta pabilioiak eta nabe modularrak egitea beste bi partzeletan. Hala, Kanpandegik partzela industrial urbanizatuak izango ditu, erabat prest azalera handiak behar dituzten enpresentzat, eraikin pertsonalizatu bat egiteko euren premien arabera. Orobat izango ditu tamaina txikiagoko pabilioi eta nabe modularrak, espazio gutxiago behar duten enpresetara zuzenduak. Goierri Beheko Industrialdeak aurreikusi du 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo duela Kanpandegin.

Lotutako albisteak

22 Azaroa, 2024 Azpiegiturak
Eibarrek 9.625 metro karratuko hirugarren sektorerako eraikin berria izango du Erisonon urtea amaitu baino lehen
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi 25 urria, 2024 Azpiegiturak
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
koldo iturriagagoitia eckoing 23 urria, 2024 Azpiegiturak
Eckoing bizkaitarrak hazkunde bidean dauden enpresei Asiako merkatuetarako sartzen lagunduko die
Irakurri gehiago
23 urria, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko Adimen Artifizialaren lehen diagnostikoak nazioarteko AAren arloan erreferentzia bilakatzeko duen potentziala egiaztatu du
Irakurri gehiago
22 urria, 2024 Azpiegiturak
Peddinghausek produzitzeko denborak lau aldiz gutxitzeko gaitasuna duen eta erabat digitalizatuta dagoen makina-erreminta eskaintzen du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak