Azken edizioan 57 konpainia liderrek parte hartu dute; horien artean zeuden, besteak beste, Mercedes-Benz, Unilever, Siemens Gamesa, CAF eta Eroski.
Aukera bikaina da berrikuntza irekiko plataforman parte hartzeko, adimen artifizialeko, errealitate areagotuko, robotikako edo zibersegurtasuneko startup disruptiboekin lankidetzan jardun eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta 4.0 industriako munduko liderrekin konektatzeko
Martxoaren 17an eta 18an egingo dira BIND 4.0 programaren partner izateko interesa dutenei programaren xehetasunak eta onurak aurkezteko online jardunaldiak
Industria adimenduneko berrikuntza irekiko BIND 4.0 plataformak 6. edizioaren deialdia ireki du, mundu osoko startupen teknologia eta soluzio disruptiboak txertatzeari esker merkatuan lider izateko interesa duten trakzio-enpresek parte har dezaten. Izena emateko epea gaurtik apirilaren 16ra arte egongo da irekita. Aukera paregabea da Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako erreferentziako konpainientzat —fabrikazio aurreratuaren, energiaren, osasunaren eta elikaduraren sektoreetakoak—, adimen artifizialeko, errealitate areagotuko, robotikako edo zibersegurtasuneko soluzio disruptiboak irispidean izateko, lehiakortasuna hobetzeko eta 4.0 industriako munduko liderrekin konektatzeko, startupekiko lankidetzaren bitartez.
Izatez, BIND 4.0 plataformak irabazi du Enpresa Sustapenerako Europako Sarien XIV. edizioa, enpresa-ingurunearen hobekuntzaren kategorian. Sari horiek Europako Batzordeko Barne Merkatuko, Industriako, Ekintzailetzako eta ETE-etako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ditu. Eta Gartner nazioarteko aholkularitza-enpresak ekosistema industrialen berrikuntza bultzatzeko hautatutako plataformetako bat izan zen.
Programan parte hartzearen onurak
Erreferentziako 57 konpainiak ezagutzen dituzte dagoeneko munduko 4.0 industria azeleratzeko programa garrantzitsuenetako batean parte hartzearen onurak. Izan ere, berrikuntza-ekosistema horretako kide izateak aukera asko eskaini dizkie nazioartean lehiakortasuna eta lidergoa handitzeko. Hori lortzeko, BIND 4.0 programak munduko startup onenak detektatzen, ezagutzen eta haiekin harremanetan jartzen laguntzen du, baita trakzio-enpresen erronka teknologikoak betetzeko gai diren kalitate handieneko enpresen scoutinga ahalbidetu ere. Halaber, proiektu berritzaileen garapena dinamizatzen du, epe laburrean ikus daitezkeen emaitzak lortuta, eta trakzio-enpresei laguntza eskaintzen die gaitasun berriak garatzeko, startup berritzaileekin lan egiteari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Azkenik, berrikuntza irekiko eta 4.0 industriako lider eta adituekin konektatzen ditu partnerrak.
Mercedes-Benz, Unilever, Siemens Gamesa, CAF edo Eroski berrikuntza irekiko plataforma horretan parte hartzen duten lehen mailako enpresen adibide batzuk besterik ez dira. Abian jarri zenetik, startupen 2.400 hautagaitza baino gehiago jaso ditu. Izan ere, berrikuntza irekiko plataforma horrek indartu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoak nazioarteko erreferentziako berrikuntza industrialeko ekosistema gisa duen posizioa. Hori dela eta, startupek BIND 4.0 programaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute, erreferentziako bezeroen eskutik merkatura bizkorrago iristeko.
Zein dira BIND 4.0 programan parte hartzeko baldintzak?
BIND 4.0 programako trakzio-konpainia gisa parte hartu ahal izateko baldintza jakin batzuk bete behar dira. Lehenik, manufaktura aurreratuaren, energiaren, osasunaren edo elikaduraren esparruei lotutako enpresa izan behar du eta, gutxienez, jarduera-zentro bat izan behar du Euskal Autonomia Erkidegoan. Bigarrenik, guztira 250 langile baino gehiago izan behar ditu, eta startupekin lan egiteko interes eta konpromiso handia.
Eta, azkenik, programan aintzat hartutako jardueretan aritzeko eta inplikatzeko prest egon behar du: aurkezpen-ekitaldietan, startupak ebaluatzeko eta hautatzeko prozesuetan, startupen mentorizazioan eta, besteak beste, azelerazio-programaren Demo Day jardunaldian parte hartzen.
Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazioaren Gizartearen zuzendari Leyre Madariagaren iritziz: “Trakzio-enpresak BIND 4.0 programaren zutabeak dira. 5 edizio egin ondoren, 200 proiektu baino gehiago gauzatu dituzten 50 partner baino gehiagoren babesa izaten jarraitzea ohore handia da, eta BIND 4.0 programak transformazio digitalari ematen dizkion balioa eta onurak bermatzen ditu. Egingo den 6. edizio honetan lanean jarraituko dugu 4.0 industrian aurrera egiteko behar diren tresna guztiak eskaintzeko eta sektoreko eragile guztien topagunea izateko”, adierazi du.
Partner berrientzako deialdiko jardunaldiak: ezagutu BIND 4.0 programaren onurak eta bertan nola parte hartu
Informazio gehiago eskuratzeko eta BIND 4.0 programan partner gisa erregistratzeko: info@bind40.com eta www.bind40.com.
BIND 4.0-ri buruz
BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma publiko-pribatu bat da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI Taldearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren ekosistemako UpEuskadi plataformaren bitartez sortua. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten erreferentziako 57 enpresa nagusirekin lankidetzan dihardu, eta nazioarteko laguntzaile teknologikoek ere parte hartzen dute, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services-ek. Ekimena helburu bikoitzarekin sortu zen, hots, industriaren transformazio digitala bultzatzeko, eta, aldi berean, ekimen berritzaileak sendotzeko prozesua enpresa handien eta startupen arteko lankidetza-eredu baten bitartez azeleratzeko. 2016. urteaz geroztik, BIND 4.0 plataformak 130 startupek baino gehiagok garatu dituzten 200 proiektu azeleratu ditu egin dituen bost edizioetan.
BIND 4.0 trakzio-enpresak:
ABB, Aernnova, Angulas Aguinaga, Arcelor Mittal, Artadi Alimentación, AVIA, BATZ, Biele Group, Bridgestone, BTI, CAF, CIE Automotive, Cikautxo Group, Coca-Cola European Partners, DanobatGroup, EDP España, Egile, Elecnor, Enagás, Erhardt, Eroski, Euskaltel, FAES Farma, Fagor Ederlan, Ferrovial, Gestamp, GH Cranes & Components, Grupo Alcor, Iberdrola, IMQ Group, Ingeteam, ITP Aero, Keralty, Maier, Mercedes-Benz, Michelin, Mondragon BDC, Natra, OBE Hettich, Onkologikoa, Orona, Quirónsalud, Repsol – Petronor, Roxall Group, RPK, Sarralle, Sener, Sidenor, Siemens Gamesa, SNA Europe, Tubacex, Tubos Reunidos, Ulma, Unilever, Uvesco Group, Vidrala, Viuda de Sainz.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?