Filtra tu búsqueda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 4 otsaila, 2020 Ekintzailetza Eraldaketa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Wimbitek enpresak Blockchain erabiltzen du datuen integritatea eta egiazkotasuna bermatzeko

IoT gailuen garapenean espezializatutako enpresa gipuzkoar hori BRIoT izeneko konponbidea prestatzen ari da
Ezkerretik eskuinera: Unai Burgos, Wimbitek-eko zuzendari nagusia; Borja Gamecho, berrikuntzako zuzendaria eta Carlos Gómez, teknologiako zuzendaria.

IoT gailuen garapenean espezializatutako enpresa gipuzkoar hori BRIoT izeneko konponbidea prestatzen ari da

2020a aldaketaz betetako urtea izango da Wimbitek startup donostiarrarentzat; hasteko, duela gutxi eraman ditu bere bulegoak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkera. Arlo teknologikoari dagokionez, Blockchain teknologia darabil Gauzen Interneteko konponbideetan, helburutzat harturik atzemandako datuen egiazkotasuna eta integritatea bermatzea. Wimbitek-eko zuzendari nagusi Unai Burgosekin hitz egin dugu.

 

Nolako bilakaera izan duzue azken hiru urteotan IoT konponbideak garatzen dituen enpresa bezala?

Badugu garapen-bide bertikal bat, hegaztien jarraipenerako IoT gailuena, eta horrekin jarraitzen dugu. Oso sendo errotuta gaudenez arlo horretan, 4.0 Industriari bota diogu begia, proiekzio handiagoa duelako eta hazteko aukera gehiago eskaintzen dituelako. Gure ustez, Gauzen Internetekin lotutako konponbideak gero eta gehiago erabiliko dira industrian, 5G bezalako teknologiak iritsiko direlako eta datu kopuru handiak sortuko direlako. Zentzu horretan, uste dugu pixka bat bazterrean utzi dela datu horien segurtasuna eta, horregatik, konponbide propio bat garatu dugu: BRIoT. Blockchain teknologian oinarritutako kontrol-prozesu bat patentatzen ari gara. Sistema horrek bermatzen du fabrikatik ateratako hardwarea behar bezalakoa dela, eta softwareak ere eskakizun guztiak betetzen dituela. Bezeroak sortzen duen informazioa bi modutara gorde daiteke: datu-base batean -eta gu arduratzen gara datu horien egiazkotasuna bermatzeaz- edo blockchain sare propio batean –kasu horretan, aurrekoaz gain, datuen integritatea ere bermatzen dugu. BRIoT proiektuak Hazitek programaren (SPRI Taldearena) eta Neotec ekimenaren (CDTIren) laguntza jaso du.

 

Zergatik aukeratu duzue Blockchain teknologia?

Gure iritziz oso teknologia interesgarria da, batez ere bitcoin-engatik ezagutzen dena, baina erabilpen asko dituena, notario digital bat delako, nolabait esateko.  Bi konponbide mota eskaintzen ditugu: bata merkeagoa, non hainbat mezu zifratu erabiltzen baititugu bermatzeko inork ez duela daturik aldatzen; bigarrena garestiagoa, informazioaren integritatea bermatuko duen blockchain sare propioa nahi duten bezeroentzat.

 

Luzaroan mintzatu gara Blockchain teknologiaren erabilgarritasunez, baina azken hilabeteotan igurikapenek behera egin dute nabarmen, batez ere Libra kripto-txanponaren porrota eta gero. Zein egoeratan dago Blockchain teknologia gaur egun?

Albiste edo teknologia berritzaileak ateratzen direnean, halako “hype” efektu bat sortzen da hasieran, gero baretzen dena, eta horixe gertatu zen bitcoin –Blockchain teknologian oinarritua- txanponarekin ere. Baina aztertzen badituzu etorkizuneko joeratzat hartzen diren teknologiak, Blockchain-ak hortxe jarraitzen du.  Gauza bera gertatu zen IoTrekin ere; hasieran hitzetik hortzera generabilen, eta orain ez dugu hainbeste entzuten, baina milioika dispositibo konektatu dauzkagu mundu osoan.

 

Zein sektoretara zuzenduta dago zuen BRIoT konponbidea?

Oso merkatu zabala dauka. Startup bat gara eta gure lana da logistika sektoreko hotz-katea neurtzea, baina ikusten dugu izan dezakegula negozio-nitxo bat auto autonomoen sektorean.  Horrelako ibilgailuetan datu guztiak egiaztatu behar dira eta segurtasun aztarna bat behar da inork ez dezan informazio hori manipulatu istripuren bat gertatzen denean. Halaber, interesgarria izan liteke 4.0 Industriarako, alegia, bermatzeko makina desberdinek eginiko prozesuak baldintza egokietan garatu direla. 4.0 Industrian arlo logistikoan zentratu gara gehienbat eta ez hainbeste makinen alderdi industrialean, baina berdin aplika dezakegu gure ezagutza makinak sentsorez hornitzeko prozesuetan, eta prest gaude hala eskatzen diguten enpresekin kolaboratzeko. Gure lehen proba pilotuan hotz-katea neurtu dugu eta hori izango da gure merkatua, baina bezeroren batek eskatzen badigu, egin dezakegu ad hoc produktu bat.

 

BRIoT proiektuaz harago, Wimbitek enpresak denbora asko darama neurrira eginiko software diseinuak, hardware industrializazioak, eta abar egiten. Hegaztiei jarraipena egiteko gailuekin hasi ginen, baina harrezkero egin ditugu baita ere itsasoko buientzako garapenak, jakiteko non dauden zehazki itsaso zabalean. Ingeniariak eta doktoreak gara eta bezeroaren neurriko konponbideak egin ditzakegu. Norbaitek sentsorikarekin eta haririk gabeko sareekin (Sigfox, LoRa, Bluetooth, Wi-Fi edo “low energy” dira gure espezialitateak) lotutako konponbideren bat behar badu, eta proiektua gustatzen bazaigu, buru-belarri murgilduko gara.

 

5G teknologiak dakartzan aukerez mintzatu zara lehen. Egia esan, teknologia horrek erronka handi eta garrantzitsuak dauzka.

Egia da teknologia hori belarrientzat gozagarri dela, baina ikusi behar da noiz iristen den; behin baino gehiagotan egon gara teknologia zehatz baten zain eta azkenean erdizka iritsi zaigu. Halere, ezin ukatu oso interesgarria denik, eta ezta ere erronka asko dituenik, adibidez, trukatuko diren datuen segurtasunarena. Zibersegurtasunari dagokionez, konponbideak bilatu beharko dira 5G teknologia konponbide egokia izan dadin. Horrexegatik egin dugu BRIoT proiektuaren aldeko apustua.

 

Zeintzuk dira zuen erronka garrantzitsuenak IoT konponbideen garatzaile bezala?

Hardwarea egiten dugunon erronka garrantzitsuenetako bat izango da lehiakor izatea eta balio erantsia eskaintzea. Ezin dugu hardwarearen prezioan lehiatu Txina bezalako herrialdeekin. Ezinezkoa da. Bezeroei balio erantsia ematen ahalegindu behar dugu eta bestelako formulak baliatuz leialdu behar ditugu. Besteak beste, horregatik zentratu gara BRIoT proiektuan.  Horixe da guk eman nahi dugun balio erantsia, gure lehiakideengandik bereiziko gaituena, hau da, datuen egiazkotasuna eta integritatea bermatzea Blockchain teknologia erabiliz.

Lotutako albisteak

Modfie 26 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Modfie: aktoreen, modeloen eta figuranteen ‘marketplace-a’
Irakurri gehiago
GLO910 13 Azaroa, 2024 Ekintzailetza
Elkarrizketa ‘glo910’-eko Ixone Elosegui eta Miren García-Chazarrari
Irakurri gehiago
José Luis López de Ciordia. Urberri 16 urria, 2024 Ekintzailetza
Zure negozioaren webguneak Interneten arrakasta izateko behar duen guztia eskaintzen dizu UrBerrik
Irakurri gehiago
Jorge García Betanzos, CEO de RUNNEA 11 iraila, 2024 Azpiegiturak
Runneak bere 10. urteurrena ospatuko du eta Awin Power 100ean aitortua izan da
Irakurri gehiago
25 ekaina, 2024 Ekintzailetza
Vrainhax: “Min iraunkorra duten pazienteak tratatzen ditugu, haien bizi-kalitatea errealitate birtualaren bidez hobetzeko”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak