Zibersegurtasun arloko hiru euskal startup aukeratuak izan dira BIND 4.0 programaren bosgarren edizioan. BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiaren plataforma da eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen du. Hauek izan dira aukeratutako startup-ak: CodeContract, Eurocybcar eta RKL Integral. Hirurak dira zibersegurtasunaren euskal ekosistemako kideak. Ekosistema hori duela 3 urte hasi zen bultzatzen, hain zuzen, Basque Cybersecurity Centre-Zibersegurtasunerako Euskal Zentroa (BCSC) sortu zenean, zeinari esker Euskadi punta-puntako Hub bat bihurtu baita Europan.
CodeContract enpresa bizkaitarrak Elecnor Taldearekin batera garatuko du bere proiektua. Beren helburua da urtero egiten diren IT garapenak denbora errealean kontrolatzea eta trazatzea Blockchain teknologiari esker. Jarduera-txosten horiek, zeintzuk onartuta dauden legezko froga bezala, aukera ematen dute abokatu edo peritu informatikoen aurrean aurkeztuko diren ebidentzia digital frogagarriak sortzeko. Funtsean, helburua da Elecnor enpresaren auditoretza-prozesuak sinplifikatzea, eta horrela, jardunbide egokietara bideratutako enpresa gisa duen gardentasun-maila handitzea; horretarako, negozio-prozesuak modu autonomo eta automatikoan gauzatzen dira, bitartekaririk gabe. Gainera, informazio guztia goitik behera enkriptatzen da.
Arabako oinarri teknologikoko Eurocybcar enpresak ibilgailu baten zibersegurtasun-maila neurtzeko munduko lehen testa garatu du: Eurocybcar testa. Test horrekin ziurtatzen du auto, autobus, kamioi, furgoneta edo atoi batek betetzen dituela ONU/UNECE WP.29 arauan ezarritako baldintza guztiak, eta V2X komunikazioen zibersegurtasun-maila ere ebaluatzen du (barne daudelarik V2D komunikazioak, hau da, ibilgailutik gailuranzkoak). BIND 4.0 programan gailu mugikorren zibersegurtasun-ahuluneei buruz duen esperientzia eta ezagutza aplikatuko ditu, Euskaltel izan dadin erabiltzaileen gailu mugikorretako zibersegurtasunaz arduratuko den munduko lehen telekomunikazio operatzailea.
Bizkaian kokatutako RKL integral enpresak aholkularitzako eta ingeniaritzako zerbitzu profesional independenteak eskaintzen ditu segurtasun integralaren arloan, arriskuen analisiaren foku nagusitik abiatuta. Orona konpainiak aukeratu du autobabes eta larrialdi planak garatzeko. Proiektu aitzindaria izango da antolakunde baten segurtasun-eredu integralaren eraldaketa digitalari begira, non berebiziko garrantzia duen azpiegitura aztertzeko eta operatzeko moduak.
Hiru enpresa horiek BIND programan hautatuko 15 euskal startup-en multzora biltzen dira. Hauek dira programan parte hartuko duten gainerako enpresak: Aotech, Aplanet, Asimob, Grabit Retail, Hodeia Digital, Sticker Control; I2U, Onena Medicine, Savvy Data Systems, 3R3D Technology Materials, Ega Solutions eta Inalia Innovación y Desarrollo.
BIND programaren bosgarren edizio honetan 31 enpresa gorakor hautatu dira, zeintzuek 4.0 Industriarekin lotutako 40 proiektu garatuko baitituzte. Hauexek dira aurten ardatz hartuko diren teknologia batzuk: Gauzen Interneta (IoT), Adimen Artifiziala, Big Data eta Ikusmen Artifiziala, zibersegurtasuna, robotika eta Blockchain.
BIND Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ekimen publiko-pribatu bat da, SPRI Taldearen eta ekintzailetzaren euskal ekosistemako UpEuskadi plataformaren bitartez kudeatzen dena. Mundu mailako erreferente bat bihurtu da berrikuntza irekiaren eta 4.0 Industriaren azelerazioan, egoitza Euskadin duten industria, energia, osasun eta elikadura sektoreko enpresa garrantzitsuen inplikazioari esker.
Hona hemen ekimen honetan parte hartzen duten enpresa handi batzuk: Mercedes-Benz, Ferrovial Servicios, Siemens Gamesa, Quirónsalud, Coca-Cola European Partners, Eroski, Iberdrola eta Unilever. 2016an martxan jarri zenetik 2.400 hautagaitza baino gehiago jaso ondoren, azelerazio-programa honek Euskadiren posizioa indartu du nazioartean erreferentziazkoa den berrikuntza industrialeko ekosistema gisa. Horregatik, startup-ek BIND 4.0 programaren aldeko apustua egiten jarraitzen dute, aukera ematen dielako erreferentziazko bezeroen bidez merkatura azkarrago iristeko.
BIND 4.0 irabazle hautatu dute Europako Batzordeko Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen Enpresen Sustapeneko Europako Sariketaren XIV. edizioan, enpresa-ingurunea hobetzeko kategorian. Sari horrek aitortza egiten die enpresen sorkuntza eta hazkundea sustatzeko eta enpresa txiki eta ertainen lege- eta administrazio-prozedurak sinplifikatzeko Estatuan, eskualdean edo maila lokalean abiarazi diren politika berritzaileei.
Aurreko edizioetan hautatuak izan diren startup-en % 70ek lanean jarraitzen dute BIND 4.0 programako trakzio-enpresekin. Gaur egun, egoitza Euskadin duten 57 enpresa liderrek parte hartzen dute programa honetan, eta baditu nazioarteko kolaboratzaile teknologikoak ere, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?