Berrikuntza Ekintzailetza I+G+B
Elkarrizketak 31 Marzo, 2020

A-&B Laboratorios-ek esponentzialki biderkatu du hidrogelen ekoizpena

Konpainia arabarrak gel desinfektatzailez hornitzen ditu ospitaleak, egoitzak eta kolektibo zaurgarriak, ekoizpen historiko batekin, 10.000 litro ekoizten baititu egunean

Konpainia arabarrak gel desinfektatzailez hornitzen ditu ospitaleak, egoitzak eta kolektibo zaurgarriak, ekoizpen historiko batekin, 10.000 litro ekoizten baititu egunean

 

Duela hamasei urte, A&B Laboratorios konpainia arabarrak Jundizko industrialdean finkatu zuen bere jarduera, zeinak lotura estua baitu Biokimikarekin. Egun hauetan, COVID-19aren pandemiak eragin duen osasun krisiaren ondorioz, mugaraino eraman du bere produkzioa, aipatzekoak direlarik garbigarriak, bakterizida ekologikoak eta, batik bat, gel garbitzaileak (hidrogelak). Azken produktu hori ia luxuzko artikulu bihurtu da, eta hori dela, azken asteetan ia esponentzialki biderkatu behar izan dute orain arteko ohiko produkzioa. Baldintza normaletan 1 edo 2 tona gel desinfektatzaile ekoizten dituzte hilean, baina une honetan bizi dugun osasun larrialdiaren ondorioz, 10.000 litroraino fabrikatzen ari dira egunero, hau da, ia % 150 gehiago. A&B Laboratorios-ek 34 pertsona enplegatzen ditu, 23 herrialdetara esportatzen ditu bere produktuak, eta bere urteko fakturazioa 4 eta 5 milioi euro bitartekoa izaten da. Jon Kepa Izaguirre da enpresako Kalitate eta I+G saileko burua.

 

Nola egiten diozue aurre krisiari A&B-n?

Izugarrizko kezkarekin, baina baita ere erantzukizun handiz. Egia da egoerak sorpresaz harrapatu gaituela denok, zaila baitzen aurreikustea pandemia horrela hedatu zitekeenik. Baina hauxe da egoera, arazo bat daukagu eta aurre egin behar diogu. Gure kasuan, bioteknologia sailetik egin diezaiokegu eta egin behar diogu aurre (desinfektatzaileak, hidrogelak…). Badakigu paper garrantzitsua dugula krisi honetan, eta egin dezakegun guztia egingo dugu.

 

Osasun larrialdiak aldaketak eragin ditu zuen produkzio-katean edo enpresaren ohiko funtzionamenduan?

Gure produktu katalogoan 200 erreferentzia inguru dauzkagu, baina pixkanaka murrizten joan gara, hidrogelen ildoan kontzentratu arte, une honetan eskaera gehien duen produktuetako bat delako. Geure azalean erabiltzen dugun gel desinfektatzailearekin batera, beste hiruzpalau produktu ekoizten jarraitu dugu, eskuekin ukitzen ditugun azalera eta eremuak desinfektatzeko. Beraz, bai, testuinguru honetara egokitu dugu gure produkzioa.

 

Zein zentzutan?

Gaitasun desberdinetako bost erreaktore dauzkagu, eta gure asmoa da aktibo mantentzea, ahalik eta erritmo bizienean, ahal dugun denbora guztian. Ildo beretik, fabrikazio baldintzetara egokitu behar izan dugu, eta gehiago ari gara solteko formatuan ekoizten, premiak aldatu egin direlako. Sakagailudun ontzi klasikotik bidoi handi eta berrerabilgarrietara igaro gara. Horrela, gure bezeroen laguntzarekin, azkarrago jar dezakegu produktua merkatuan.

 

Noiz hasi zen zurrunbilo hau A&B-rentzat?

Urtarrilean hasi zen Txinan. Momentu batean, ohikoak baino handixeagoak ziren eskaerak iritsi zitzaizkigun. Telebistan ikusten genituen albisteak eta berrogeialdia anekdota hutsa iruditzen zitzaigun. Gero Italiaren txanda iritsi zen, han ere badugu banatzailea, eta hango eskaera izugarri hazi zen bat-batean. Eta orain hemen suertatu da, etxean, non eskaeraren zatirik handiena, % 75 inguru, Estatuko merkatura zuzentzen baita.

 

Nola erabakitzen duzue nori saldu eta nori ez, hau da, zein irizpide finkatu duzue zuen produktuen eskaera hain handia denean eta eskaintza hain eskasa?

Testuinguru honetan, geuk aukeratzen dugu zein bezerori saltzen diogun eta noren eskaerak atzeratu ditzakegun. Gure kasuan, kolektibo kaltebera edo zaurgarrienak lehenesten ditugu, ez daitezen ezer gabe geratu. Diskriminazio positiboa egiteko neurri bat da, gure produktuak premia handiena dagoen tokira irits daitezen.

 

Produktu hau premia biziko produktutzat hartzeak behartu zaituzte plantilla edo produkzioko txandak zabaltzera?

Duela egun batzuk goiz eta arratsaldeko txandak egiten aritu ginen, eskaera guztiei erantzun ahal izateko, baina ohartu gara ezingo diogula eutsi erritmo horri, eta lasterketa hau maratoi baten antzekoa izango denez, nahiago izan dugu momentuko lan erritmoa gutxitu eta denboran mantendu modu eraginkorragoan. Indar handia beharko dugu, oraindik hainbat astetan jasan beharko dugulako egoera hau. Horregatik, betiko txandetara itzuli gara baina produkzioa eta ontziratzea optimizatu ditugu, eta horrela lortu dugu ia unitate kopuru bera ateratzea. Gainera, eszenatoki berri honetan askoz azkarrago joka dezakegu eta plantilla mantendu dugu; horrela, ez daude hain estresatuta eta errendimendua hobea da.

 

Beraz, beharrezkoa izanik ere, baztertu egin duzue langile gehiago hartzearen aukera. Paradoxikoa da, ezta?

Izan liteke, bai, baina beharrezkoa izanik ere, oso zaila izango litzateke orain enpresan jende gehiago sartzea, batik bat bete behar ditugun segurtasun neurriengatik. Produktua edo egoera desberdinak balira, ez genukeen arazorik izango, baina zuhur jokatu behar dugu; ez dugu sortu behar barruko arazo handiago bat merkatura eskaera gehiago atera nahi izateagatik.

 

Azkenaldian, sare sozialetan asko ugaritu dira gel desinfektatzaileak etxean fabrikatzeko aholkuak. Zer iruditzen zaizkizu?

Hidrogelaren osagai nagusia alkohola da, horixe da desinfektatzen duena. OMSk gomendatzen digu amaierako produktuak gutxienez % 60ko alkohol portzentajea izan behar duela eraginkor izateko (gure kasuan % 75 baino handiagoa da). Horrez gain, produktu sukoia da, arriskutsua izan daitekeena, eta sarri erabiltzeak azala narritatu dezake. Horregatik, fabrikatzaile profesionalok beste substantzia batzuekin osatzen dugu, besteak beste, glizerina edo aloe vera-rekin, dermatologikoak izan daitezen eta azala narritaduratik babestu dezaten. Horrelako arriskuak saihesteko, etxean egonez gero, aukera onena da eskuak ongi garbitzea uraz eta xaboiaz beharrezkoa den guztietan.

Lotutako albisteak

IDDTEK:  “Industriaren  eta  talentuaren  arteko  lotura  gara”
14/03/2025 Berrikuntza

IDDTEK: “Industriaren eta talentuaren arteko lotura gara”

Orain 20 urte Irene Rodríguez donostiarrak sortu zuen ETEa ingeniaritza arloko outsourcingean erreferentea da eta sektore estrategikoetan lan egiten duen talde sendoa eta proiektuak ditu abian.

NAW:  “Gure  abantaila  lehiakorra  10  urte  bitarteko  kirol-oinetako  minimalista  eskaintzea  da”
04/03/2025 Berrikuntza

NAW: “Gure abantaila lehiakorra 10 urte bitarteko kirol-oinetako minimalista eskaintzea da”

Silvia Echeverríak, NAWren sortzaileak, oinetako minimalistak postura-osasunean eta garapen biomekanikoan haurtzarotik helduarora arte nola eragin dezakeen azaltzen du.

Ezarri  Mosaicos:  “Enpresa  baten  egunerokoa  lehiatzea,  ikertzea  eta  bezeroei  erantzunak  ematea  da”
20/02/2025 Berrikuntza

Ezarri Mosaicos: “Enpresa baten egunerokoa lehiatzea, ikertzea eta bezeroei erantzunak ematea da”

Gipuzkoako enpresaren beirazko diseinuak 100 herrialdetan baino gehiagotan daude, eta nazioarteko transakzioak haren negozio-zifraren % 70 dira

Begoña  San  Miguel:  “Oja-Remen  trokelen  diseinua  menderatzea  bilatzen  dugu  kalitatezko  piezak  prezio  lehiakorrean  eskaintzeko”
13/02/2025 Berrikuntza

Begoña San Miguel: “Oja-Remen trokelen diseinua menderatzea bilatzen dugu kalitatezko piezak prezio lehiakorrean eskaintzeko”

Ia 60 urteko ibilbidearekin, Gernikan sortu eta Zornotzan egoitza duen enpresak berrikuntza teknologikoaren eta dibertsifikazioaren alde egin du, estanpazio metalikoaren sektorean hazten jarraitzeko.

Isabel  Urbano:  “Novia  Salcedo  Fundazioarekin  praktiketan  dauden  gazteen  %60k  kontratu  bat  lortzen  dute”
06/02/2025 Ekintzailetza

Isabel Urbano: “Novia Salcedo Fundazioarekin praktiketan dauden gazteen %60k kontratu bat lortzen dute”

Novia Salcedo Fundazioak 45 urte inguru eman ditu ikasketa-ingurunetik lan-mundurako trantsizioa errazten, prestakuntza praktiko ez-laboraleko programen bidez.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.