SPRI Taldeko zuzendari Aitor Urzelaik Vodafone Deia Innovation Saria jaso du Arte Ederren Museoan egin den ekitaldi batean. Garaikur horren bidez aitorpena egiten zaio enpresek eta antolakundeek berrikuntzaren alde egiten duten lanari.
Urzelai berrikuntzaz mintzatu da Deia egunkarian egin dioten elkarrizketa batean (jarraian transkribatuta dago), non nabarmendu baitu SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentzia) enpresen bidelagun onena izan nahi duela lehiakortasun handiagoa bilatzeko orduan. “Laguntzea da gure bokazioa, hau da, enpresen ondoan egotea inbertsioak egiten dituztenean, I+G+B-n dihardutenean, eraldaketa digitalean, nazioartekotzean, ekintzailetzan nahiz dibertsifikazioan murgilduta daudenean, lurzoru eta azpiegiturak behar dituztenean, eta abar, helburua baita enpresak baldintza hobeetan lehiatu daitezela euren merkatuetan”.
– Berrikuntza omen da pandemiatik irteteko salbamendu-ontzia. Hala uste duzu?
Zalantzarik gabe, bai. Pandemia honek zerbait erakutsi badigu da mundu eta testuinguru ekonomiko gero eta aldakorrago batean bizi garela, ziurgabetasunean murgilduta, non enpresak etengabe egokitu behar baitzaizkie egoera eta testuinguru berri eta gero eta konplexuagoei. Eta horretarako, ezinbestekoa da berritzea. Argi dago pandemiak mehatxu eta zailtasun mordoa ekarri dizkiela gure enpresei, baina horrekin batera, aukera esanguratsuak ari dira sortzen arlo teknologiko-digitalean, energia eta ingurumen arloan eta arlo soziosanitarioan. Enpresen ikuspegitik, osasun-egoerak berekin ekarri dituen zailtasunei aurre egiteaz gain, oso garrantzitsua da berrikuntzarako gaitasun guztiak aktibatzea, une honetan bizi ditugun trantsizio horiek dakartzaten aukerak identifikatu eta aprobetxatzeko.
– Teknologia da berrikuntzaren aliatu handiena?
Neurri handi batean bai, baina ez da aliatu bakarra, ezta gutxiagorik ere. Egia da gure enpresek produktu eta zerbitzu berriak sortzeko garatzen dituzten berrikuntza asko garapen teknologiko berritzaileen eskutik doazela. Baina ez genuke gutxietsi behar beste mota bateko berrikuntzen garrantzia enpresei lehiakortasun handiagoa eskaintzeko orduan. Esate baterako, hor ditugu antolakuntza arloko berrikuntzak, marketinekoak eta merkatukoak edo negozio-ereduei dagozkienak. Ez dute zertan izan osagai teknologiko handiko berrikuntzak, eta halere inpaktu erabakigarria izan dezakete enpresen lehiakortasunean.
– Zenbait sektore beste batzuk baino aurreratuago daude berrikuntza arloan. Baina denak hobetu daitezke, prozesu berritzaileen aldeko apustua egiten badute. Zure ustez zein dira atzean geratu diren sektoreak?
Ez dut uste orokortu litekeenik; berrikuntzari dagokionez, ezin da esan sektore batzuk besteak baino aurreratuago edo atzeratuago daudenik. Badira punta-puntako enpresa berritzaileak a priori oso berritzaileak ez diren sektoreetan, eta alderantziz, badira berrikuntzan oso aktiboak ez diren enpresak ustez ikaragarri berritzaileak diren sektoreetan. Kontuan hartu behar dira enpresa bera, bere kultura, bere gaitasunak, bere baliabideak edo berrikuntza prozesuei ekiteko dauzkan konbikzio estrategikoak. Askotan erlazionatzen dira enpresen tamaina eta berrikuntza gradua, normalean enpresa handienek gaitasun eta baliabide gehiago izaten dituztelako berritzeko, baina premisa hori ere ez da betetzen kasu guztietan. Hortxe dauzkagu oinarri teknologikoko enpresa berriak, startup-ak alegia; enpresa oso gazteak dira, askotan tamaina txikikoak, baina sekulako osagai berritzailea dutenak.
– Zer landu behar du Euskadik?
Uste dut badela garaia bi aldetako gaitasunak aplikatzeko, eskuin-ezkertien modura. Batetik, jarraitu behar da betiko zailtasunak ahalik eta ongien kudeatzen (likidezia, tarifa energetikoak, pleita eta lehengaien prezioak, zenbait osagairen eskasia…) eta, bestetik, ezin da ahaztu epe ertain-luzean hiru trantsizioen inguruan sortzen ari diren aukerak identifikatu eta aprobetxatu behar ditugula: energia eta ingurumen arloko trantsizioa (deskarbonizazioa, energia berriztagarriak, ekonomia zirkularra, mugikortasun jasangarria…), trantsizio teknologiko-digitala (robotizazioa, 5G, AA eta Data Analitics, eCommerce, eLearning, telelana…), eta trantsizio soziosanitarioa (“zilar ekonomia”, elikadura, aisialdia…).
Une oso aldakor eta konplexua bizi dugu, zeinetan beharrezkoa baita hainbat enpresa-jardueraren dibertsifikazio aukerak aztertzea aipatutako trantsizioei aurre egiteko, kontuan hartuz ez direla mehatxuak edo gure lehiakortasuna baldintzatu dezaketen elementuak, baizik eta Euskadin enplegua eta balioa sortuko duen jarduera industrial berri bat garatzeko aukerak.
– Oro har, euskal enpresa berritzailea al da?
Mota guztietako enpresak daude, noski, batzuk berritzaileagoak eta beste batzuk ez hainbeste. Nolanahi ere, oro har esan liteke euskal enpresa berritzailea dela. Eta ez diot nik bakarrik, Europako Batzordeak berak esan du berriki. Europako Batzordeak prestatu eta argitaratzen duen Regional Innovation Scoreboard txostenaren 2021eko edizioak azpimarratu egin ditu Euskadik berrikuntza arloan lortu dituen aurrerapenak, eta lehen aldiz kokatu da Europar Batasunaren batez bestekoaren gainetik berrikuntzaren indizean (EBren batez bestekoa 100 da, eta Euskadirena 103,6). Txosten horrek dioenez, Euskadi “berrikuntza handiko” eskualdea da, bere berrikuntzako errendimendua % 14,7 hazi baita 2014az geroztik. Baina ez da hori berritzaile handien multzoan sartzeko arrazoi bakarra. Izan ere, Europako Batzordeak “bikaintasun polo” gisa sailkatu du, berrikuntza handiko eskualde bat delako berrikuntza ertaineko estatu batean.
– Zeintzuk dira Euskadiren erronkak gaur egun?
Berrikuntza arloko etorkizuneko erronkak 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP) daude jasota. Hala, nire ustez hauek dira etorkizuneko lehentasunezko erronkak:
– Eta zein paper jokatuko du SPRIk helburu horiek lortzeko bidean?
Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren parte denez, SPRIren zeregina da enpresen bidelagun onena izatea lehiakortasun handiagoa lortzeko bide horretan. Laguntzea da gure bokazioa, hau da, enpresen ondoan egotea inbertsioak egiten dituztenean, I+G+B-n dihardutenean, eraldaketa digitalean, nazioartekotzean, ekintzailetzan nahiz dibertsifikazioan murgilduta daudenean, lurzoru eta azpiegiturak behar dituztenean, eta abar, helburua baita enpresak baldintza hobeetan lehiatu daitezela euren merkatuetan. Horretarako, 2021ean Enpresentzako Laguntza Plan bat jarri dugu martxan (batez ere ETEei zuzenduta) 70 programarekin eta 430 milioi euro inguruko aurrekontuarekin. Eta hurrengo ekitaldirako gure asmoa da ahaleginak bikoiztea, 2022ko Laguntza Plan are anbiziotsuago bat abiarazi ahal izateko. Gainera, laguntza hori modu proaktibo, hurbil eta adiskidetsuan eskaintzen diegu enpresei. Euskadiko hainbat eskualde bisitatzen ditugu gure laguntza-eskaintza zuzenean aurkeztu eta azaltzeko, ahalegintzen gara euren zalantzak in situ argitzen, eta aholkularitza ematen diegu euren proiektuak ahalik eta ongien bideratu eta aurkezteko.
– Azkenik, nola baloratzen dituzu Vodafone Deia Innovation
Saria bezalako aitortzak?
Egia esan, ilusio handia egiten digu. Vodafone Deia Innovation sariek ibilbide luzea dute egina, eta ohore bat da palmaresa partekatzea ibilbide horretan saritu dituzten enpresa eta antolakundeekin. Uste dut aitortza bat dela SPRIk duela 40 urtetik hona euskal enpresaren alde, kalitatezko enpleguaren sorreraren alde eta Euskadiren ongizatearen alde egin duen lanagatik, eta guretzat sekulako poza da sari hau jasotzea urte seinalatu honetan. Eta poza diot, baina ez autokonplazentzia, aitortza hau akuilu bat izango baita euskal enpresari gero eta laguntza-zerbitzu hobea emateko.
-Laguntza eman behar zaie berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duten gazte ekintzaileei?
Jakina baietz. Berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duten ekintzaileek enpresa berritzaileak sortzen dituzte. Enpresa berritzaileek kalitatezko enplegua sortzen dute. Eta kalitatezko enplegu-tasa handiak dituzten eskualdeak dira ongizate-indize altuenak dituztenak. Ondorioz, ekuazioa argi dago: gaurko ekintzaileak dira biharko Euskadiren etorkizuna.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?