Bere fundatzaile Eduardo Anituari esker, BTI nazioarteko erreferente bihurtu da ahoko inplanteen eta loaren apnearen esparruetan.
Gasteizko goialdean dago Eduardo Anituak bultzatutako BTI Biotechnogy Institute euskal ETEaren jatorria, zeinak lotura estua izan baitu I+G-rekin 1989an sortu zenetik. BTIren sortzailearen arabera, “negoziatu ezinezko” konpromiso bat da, zeinari esker produkzio zientifikoaren lider izan baita Estatuan hirugarren urtez jarraian. Eta sektoreak dioenez, produkzio hori “sekulakoa da” enpresaren tamaina ikusita. BTI nazioarteko bokazioa duen tokiko enpresa bat da, une honetan 360 langile eta bederatzi filial dituena, eta 193 marka erregistratu dauzkana 50 herrialdetan. Azken hamarkadan 50 milioi euro inguru inbertitu ditu Berrikuntzan. BTIk bere sorreratik du SPRI Taldearen laguntza.
Zergatik zaudete “obsesionatuta” Berrikuntza eta Garapenarekin?
BTI sortzean xedetzat hartu zen pazienteen bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko teknika eta produktu berriak ikertu eta garatzea, horregatik, irabazien %100a I+G-n berrinbertitzen dugu urtero. BTI ez zen sortu irabazi ekonomikoak lortzeko –helburu guztiz legitimoa bestalde-, baizik eta ezagutzak, tratamendu berriak, e.a. sortzeko.
Adibideren bat jarriko diguzu?
Urte asko daramatzagu mundu osoan berritzaileak izan diren teknika kirurgikoak garatzen ahoko inplanteak jartzeko. Duela gutxi ebakuntza egin diogu periimplantitisa zuen paziente bati; periimplantitisa prozesu infekzioso bat da hortz-inplante bat inguratzen duten ehunak kaltetzen dituena eta inplantearen hezurrezko euskarria ahultzen duena. Inplanteek bazituzten zortzi urte, gaitzak eragindako hezur galera eta gainerako arazoekin, hortaz, kutsatutako inplanteak atera genizkion pazienteari, hezurretako kalteak konpondu eta inplante berriak jarri, hori guztia ahalik eta modu ez-inbaditzaileenean eta planteamendu biologikoak erabiliz, horixe da gure berrikuntza.
Batzuen ustez, berrikuntzaren paradigma aparta zara, hala al da?
Talentu handiko orkestra (lantalde) baten zuzendaria baino ez naiz, orkestra bat, une honetan, 50 lagun enplegatzen dituena bakarrik I+G-n. Langile guztiek dute helburu bera: teknika ezagunenetako batzuk hobetzeko berrikuntzak garatzea edo tratamendu berriak sortzea gure pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko.
53 patente-familia bizi, 193 marka erregistratu 50 herrialdetan, 33 artikulu sektoreko “Biblia” diren argitalpenetan… Zergatik da produkzio zientifikoa hain garrantzitsua BTIrentzat?
Guretzat funtsezkoa da. Etengabe eta metodikoki ikertzea, berritzea eta garatzea. Beste edozein enpresatan egin daitekeen bezala. Zentzu horretan, garrantzitsua eta akuilagarria da ikustea bizpahiru patente garatzen ditugula urtean, gero komunitate zientifikoari azaldu behar zaizkionak. Intuiziotik frogetaraino garamatzan bidea urratu behar dugu, horregatik egiten ditugu argitalpen zientifikoak eta horregatik garatzen ditugu entsegu zientifikoak… Une honetan sei entsegu desberdin dauzkagu eskuartean. Aurrerago nazioarteko ospea duten aldizkarietan argitaratuko ditugu, eta geroago beste hainbeste aldizkari kliniko eta dibulgatibotan ere bai.
Duela urte batzuetatik, loaren apnea da zuen ikerketa-ildo garrantzitsuenetako bat. Ia hamabi milioi laguni eragiten dien gaitz bat da eta arestian gailu iraultzaile bat merkaturatu duzue arazo horri aurre egiteko. Zertan datza?
Joaquín Durán doktoreak –Bioaraba zentroko ikerketa zuzendariak- gidatutako lantaldea duela ia 12 urte hasi zen, BTIrekin batera, loaren apnea ikertzen, ikusirik patologia horrek bazuela zerikusia hortzetako patologiekin. Lan horri esker, aurrenak izan gara frogatzen eta argitaratzen badela lotura bat loaren apnearen eta hortzetako higaduraren (haustura deiturikoak) artean, nahiz eta beti estresari leporatu izan zaion gero eta ohikoagoa den patologia hori. Hala, sakelako baten tamainako gailu elektroniko bat sortu dugu, gailu horrekin dentistak koadro zehatz bat izan dezan, loaren kalitatea diagnostikatzeko tratamendua hasi baino lehen, eta baita ere egiaztatzeko tratamendua eraginkorra den ala ez.
Egia da apnea larria duten pertsonek gauez ahalegin handia egiten dutela, atleta batek maratoi batean egiten duenaren antzekoa?
Bai, egia da apnea arazoak dituzten paziente batzuk arnasarik hartu gabe gelditzen direla denbora-tarte luzeetan gauero. Beren odoleko oxigeno maila izugarri jaisten da eta horrek gehiegizko ahalegina eginarazten dio bihotzari, ehunak ez dira ondo oxigenatzen… Egoera hori patologia askoren eragile izan daiteke modu egokian tratatzen ez bada: eragin ditzake bihotzekoak, iktusak…
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?