Kontuan harturik lanbide eta esparru askotan talenturik ez egoteak dakartzan arazoak eta arrazoi horrek datozen urteetan sorraraziko dituenak, Esther Tamayo autoritatezko ahots bat bezala agertzen da arlo horretan, bai bere lanbide-heziketari esker, bai ibilbide luzea egin duelako ia arlo profesional guztietan: kooperatibetan, enpresa publikoan, enpresa pribatuan eta autonomoen munduan. Zigoitiko Udalean hasi zen, eta ondoren bere abentura profesionala osatuz joan zen ULMAn, Ros Casares-en, Alumafel-en, Tecnoaranda-n, Eulen-en eta, duela urtebetetik hona, CRIT talde frantsesean, munduko ABLE nagusietako batean alegia.
Zure ustez zenbateraino da kezkagarria euskal enpresarentzat talentu ezaren kontu hori?
Galdera hori bi zatitan banatuko nuke. Batetik, badira pertsona batzuk talentua dutenak baina sarri ez dira izaten nahikoak dauden beharrak asetzeko, eta, beraz, gure gazteak trebatzen ari diren unetik beretik hasi behar dugu jabetzen beharrizan horretaz. Baina enpresa batzuek talentu horri ihes egiten uzten badiote eta enpresen arteko gerra pizten badute ez bakarrik soldatagatik, baizik eta baita ere balorazioagatik, etengabeko prestakuntzagatik, lan-giroagatik edo ordutegiengatik, orduan egoera horretan inork ez du irabazten. Kontuan hartu behar da gehienek gehiago baloratzen dutela beren bizi-kalitatea beste faktore batzuen gainetik. Beharrizan pertsonalak aldatu egin dira urteen buruan. Eta ezin dugu ahaztu gure mugetatik kanpo joaten ari zaigun talentua. Nire ustez sakon aztertu behar da pertsona horien guztien aberriratzea eta berriro izan behar ditugu egoki baloratutako talentua duten enpresak. Eta, bigarrenik, badaukagu lan egiteko adinean dauden eta oinarrizko prestakuntza duten pertsonen portzentaje handi bat beste lan batzuetan ari litezkeenak, baldin jarrera ona balego, eta inola ere ez abusua jakina.
Zer eskatzen dute gaur egun euskal enpresek?
Gure lurraldea berez industriala eta logistikoa denez, beharrezkoak ditu Ingeniaritza Mekaniko, IKT eta Kalitate arloko profilak, baina baita ere Mekanika edo Elektrizitateko goi eta erdi mailako prestakuntza duten profilak, betiere osatuak daudenak manufaktura-enpresa industrialen, CNC programatzaileen, hiru dimentsioko makinen, soldaduraren edo galdaragintzaren beharretarako ikastaro espezifikoagoekin. Garai batean bizitza osoko lanbideak deitzen genituen horiek, alegia. Lehen, peoi-laguntzaile bezala hasten zinen eta apurka-apurka lanbidea ikasten zenuen, baina gaur egun enpresek eskatzen dute mundu guztia egotea prestatuta eta esperientzia izatea. Berdindu behar da egoera hori eta jakin behar dugu elkar aurkitzen erdibidean.
Eta zer eskaintzen du merkatuak?
Ez gaude hazkunde industrialeko garai batean, aurreko urteetan bezala, baina ari gara mugitzen emeki-emeki. Halere, plangintza oso gauza zaila da. Enpresaburuek askotan ez dute jakiten zer beharko duten egun batetik bestera, berdin gerta dakiekeelako proiektu bat erortzea zein azken segundoan eskuratzea. Horregatik, txertatzeak azkar egin behar izaten dira, eta horrek frikzioak sortzen ditu. Hautagaiek ere, esan ohi dugun bezala, “badute beren bizitza”. Gurea bezalako enpresak, giza baliabideetan adituak, saiatzen gara hautagaiei laguntzen eta enpresetan ahalik eta hobekien kokatzen, puzzle bat balitz bezala. Saiatzen gara denboran eta forman egiten, baina ez da izaten posible beti, gauza guztiekin bezala. Baina bai ziurta dezaket enpresa batek gurekin errepikatzen duenean zerbaitegatik izango dela, aldagai guztiak bateratzen dituen giza talde bat daukagulako eta horrek denon arrakasta dakarrelako. Gainera, oinarri garrantzitsuena da enpresaburu handi edo txikiei aholku ematea beren beharren arabera baina Lan Erreforma kontuan hartuta.
Joera dago egurra emateko belaunaldi berriei, eta oraingoari buruz esan ohi da aiserian hazi dela, jakintza akademiko handia duela, hizkuntzak menderatzen dituela, baina ez daukala ez jarrerarik ez esfortzurako gaitasunik… Ados zaude?
Denetarik dago, baina gure bezero gehienek esaten digute nahiago dutela norbait jarrera duena, gogoa daukana aurrera egiteko, edo, besterik gabe, gogoa daukana lan egiteko eta ez duena bertan behera utziko… Ezin da orokortu, baina kristalezko belaunaldi bat ikusten hasi gara esfortzu eta iraupen gutxi ageri duena. Geure buruari galdetu beharko genioke zergatik den hori eta zer egin dugun gaizki egoera honetara heltzeko.
Confebaskek duela gutxi egindako txosten batek dio hamar urtean 225.800 pertsona erretiratuko direla Euskadin. Erronka demografiko izugarri bat izateaz gain, talentua erakartzeko dagoen premia ere ikusarazten du… Nola, zer politikarekin?
Talentua erakarri eta zaindu behar da, eta partaide bihurtu enpresetan, ahaztu gabe alde guztien konpromisoa egon behar dela. Wind to wind filosofia aplikatu behar da. Eta etorkinei prestakuntza eman behar zaie legeak eskatzen dituen eskakizunetara egokitzeko, eta gauza bera enpresekin, zeren bestela ez dugu jakingo nola bete husten ari diren lanpostuak. Ulertu arte denok garela bat, ezin dela bizi alderdi guztiak batu gabe, ez dugu ezer ulertuko eta ez dugu aurrera egingo. Taldean egin behar da lan, ez talde independenteetan.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?